Kenya, paradisua eta infernua Afrikaren bihotzean
Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Fernando Robles
Fernando Robles aire-kontrolatzailea da ogibidez eta beti maite izan ditu bidaiak. Gazte-gazterik jaubetu zan munduan kultura asko egozala eta orduantxe erabagi eban bere bizitzako helburu nagusienetakoa ahalik eta kulturarik gehien ezagutzea izango zala. Ordutik hona, munduko txokorik ezezagunenak arakatu dituan arren, oraindino bidea luzea izango dala ziurtatu deusku. Thailandiako iparraldean, Chiang Rai izeneko lekuan topau neban Fernando, eta abentura-esperientzia oso aberatsa izan zan biontzat. Lagun handiak egin ginan eta sarri egoten gara kontaktuan bidaien ganean berba egiteko eta hurrengoan nora joango garan pentsetako.
Oraingo honetan, Fernandok Kenyara egindako bidaia bien ganeko kontuak ekarriko deuskuz; Kenya, Afrikako herrialde ederra, turistentzako ohiko safariak baino zeozer gehiago eskaintzen dauena.
Herrialde turistikoa izanda, zergaitik aukeratu zenduan Kenya?
Mugarik Bako Medikuak izeneko gobernuz kanpoko erakundeagaz lan egiten dauen neska bat nire lagun handia da eta horrexegaitik erabagi neban hara joatea. Lagun horri esker, normalean zarratuta egoten diran ate asko zabaldu jataz, eta Kenya liburuxka turistikoetan agertzen dana baino gehiago dala konturatu naz. Dana dala, lehenengo aldiz turista legez joan nintzan eta, besteak beste, dekoradu moduan, atzealdean Nairobiko eraikin erraldoiak dituan Masai Marako erreserbea eta kontinenteko uririk garrantzitsuena, Kenyako uriburua, Nairobi, ezagutu nituan. Niretzat lehenengo kontaktua izan zan natureari eta gizarte ereduari jagokonez, sekulakoa dan herrialdeagaz eta, ganera, nire lehenengo bidaia zan Sahara baino beheragoko Afrikara.
Bigarren osterea, barriz, askozaz aberasgarriagoa izan zan, ezta?
Bai, duda barik, bigarren ostera horretan, bete-betean sartu ginan herrialdearen bihotzean. Sasoi haretan nire laguna iparraldean egoan beharrean, Somaliako mugatik oso hur, sikatea sekulakoa zan lekuan hain zuzen be. Benetan oso emonkorra izan zan 0 eta 5 urte bitarteko umeei jatekoa banatzeko Nazino Batuen Erakundeak bideratutako programea; oso interesgarria izan zan, kontuan izanda, herritarrakaz hartu-emon zuzenak izan nituala. Erdi-nomadak dira baina, halan da be, sikatea lako ezbeharrak izaten diranean, kanpoko laguntzinoaren bila joaten dira. Amaierarik bako joan-etorriko bizimodu horretan, oso bitxiak dira euren bizitokiak: arbola adarrez egindako etxolak; eskimalen izotzezko igluen antzeko landare-etxolak dira, leku batetik bestera eroateko erraz-errazak.
Bizimodu horrek ez dauka zerikusirik Nairobikoagaz. Uri nasaia al da Nairobi?
Kenyara egindako bidaia bien artean urte biko tartea izan zan eta, egia esan, aldaketa handiak ikusi nituan: epe horretan, oso hondatuta ikusi neban Nairobi: biolentzia, ume drogazaleak eta pobrezia gorria. Lehenengo bidaian be egoerea ez zan lar ona baina bi urte geroago, egoerea negargarria zan.
Herritarren pobrezia egoera horrek zelako eragina dauka bidaiariagan?
Guretzat paradisu diran herrialde askotan pobrezia hortxe dago, nahiz eta turistontzat bistan egon ez; pobreziak ez dau jentea erakarten, eta agentzia turistikoak ondo arduratzen dira dekoradua aldatu eta egoera baltz horreei bueltea emoten. Errealidadea ezagutu gura izan ezkero, bidaia era independentean egitea da bide bakarra. Dana dala, egoera gogor horretan, oso deigarria da herritarrak eta umeak alai eta barreka ikustea, jateko barik egon arren be. Jakina, leku batetik bestera alde handiak dagoz: nire lagunak behar egiten eban lekuan, jentea gosez hilten egoan. Beste alde batetik, harrigarria da lehenengo gizonezkoek jaten dabela, gero emakumezkoek eta, azken apurrak, umeentzat izaten dira. Tribuen antxinako ohiturea da hori ehiztariak edo kazeruak zaintzeko, azken baten eurek ekarten dabelako jatekoa etxera. Umeak... beti dago aukerea ume gehiago ekarteko mundura.
Gauzak holan dirala, gaixotasunen eta goseteen ondorioz, triskantza handiak izango dira ahulenen artean, hau da, umeen artean...
Bai, holan da. Ganera, hain aldakorra dan eguraldiak berak be ez dau larregi laguntzen. Kenyara lehenengo aldiz joan nintzanean, sikatearen arazoa topau baneban, bigarrenean, uriol bildurgarrien ondoriozko kolera eta malaria izurriteak izan ziran. Afrikara joatea erabagiten dogunean, klimearen ganean topau geinken informazinoa ez da inoiz nahikoa izaten.
Azpiegituretan dagozan eskasiak be igarriko ditu bidaiariak seguru...
Bai, duda barik. Autobusak antxinakoak dira, oso txarrak izaten dira ganera eta ez dago ezelako azpiegiturarik; dana dala, jenteak ez dau garraio publikoa erabilten, ez dakit txarrak diralako edo beste arrazoi batzuekaitik izango dan. Ni neu Gobernuz Kanpoko Erakundeen ibilgailuetan ibilten nintzan, ze bestela, garraio publikoa erabiliz, ezinezkoa izango zan; datuak oso esanguratsuak dira: Nairobi eta Mombasa, porturik garrantzitsuenaren artean trenbide bakarra dago; halan da guztiz be, leku turistikoetan era guztietako ibilgailuak dagoz turistentzat.
Arazoak arazo, beste herrialde batzuetan legez, aukerak asko dira, ez al da holan?
Bai, jakina. Paisaje ederrak ikusi eta Afrikakoa lako kultura misteriotsua ezagutu gura dauenarentzat Kenyak aukera ugari eskaintzen dau gozamenerako. Horrezaz ganera, beharrizan eta premina handiak dituan herrialdean, laguntzinoa emon gura dabenentzat be lekua dago, gobernuz kanpoko erakunde eta alkarte askotan. Aukera aparta, premina handia dabenei laguntzinoa emoteko behinik behin.