Bidaide  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Birusa edozein momentutan biztu daiteke (II)

Ingurualde kaltetuenetako bizimoduaren azterketea


CHEN XIAOYA and.a, Shenzhen-eko bufete bateko behargina da, nazinoarteko abokatua hain zuzen be; Txinako uri hori trenez Hong Kong-etik ordubetera dago eta esan beharrik be ez dago Hong Kong, Asiako erraldoietako bat dala eta birusak bazterrak astindu dituala bertan; gogoratu, izurritearen jatorria Guangdong probintzian kokatzen dabela adituek eta Shenzhen hortxe dagoala.

SRAS birusaren erasoaldi gogorrenetan, azken hilebeteotan sarri joan zara Hong Kong-era lan kontuengaitik. Zelan bizi izan dozu krisi bolada hau?

Bildurgarria izan da. Bildurragaitik bilera asko bertan behera itxi behar izan doguz baina herritarren artean jarrera desbardinak ikusi dira: alde batetik, lasaitasuna ze batzuk ez eben maskararik erabilten kalean eta, bestetik, jarrera histerikoak, izan be, asko eta asko egon dira etxe barruan luzaroan, kalera urtetako gogo barik. Jarrera biak ulertzekoak dira, herritarrek ez dabe holako egoerarik bizi orain arte eta inork ez dau hil gura; birusak kutsatutako lagunen artean, oso txikia da, % 10ekoa gitxi gorabehera hilkortsaun tasea baina heriotzearen ideia zabal ibili da herritarren artean.

Eta orain?

Esan leiteke ardurea eta nerbioak desagertzen doazela baina datu legez esango deutsut judikaturarako oposizinoak atzeratu egin dabezala birusagaitik. Dana dala, Osasunerako Mundu Erakundeak Hong Kong eta Txinara ez joateko gomendioa indarrik barik itxi dauenetik, herritarren artean gero eta ardura eta maskara gitxiago ikusten da eta hori ausartegia izan daiteke, jenteak pentsetan dauelako txarrena pasau dala.

Agintariek hartu dituen neurriak gehiegizkoak izan dirala pentsetan dozu?

Alde biko txanpona da. Alde batetik, jaso dogun informazino guztia behar-beharrezkoa da baina, bestetik, gizartean sortu dan bildur-ikarea eta segurtasunik ezaren sentsazinoa neurriz kanpokoak izan dira eta ekonomiak be kolpe handia hartu dau. Komunikabideetan mikroskopioagaz hartutako birus hiltzaile baten ganeko kontuak eta irudiak ikusi edota OMEk debekuak eta gomendioak indarrik barik itxi dituala entzuten edo ikusten dabenerako, bestelako balorazino edo hausnarketarik egin barik, itsu-itsuan jaramon egiten dabe herritarrek eta, esangura horretan, kapaz dira etxean urten barik egoteko edo debekuak eta gomendioak indarrik barik ixten dabezanean, kalera maskara barik urtetako.

Komunikabideen eragina zerenbestekoa izan da?

Sekulakoa. Zurrunbiloaren erdi-erdian bizi arren, albisteak telebista bidez jasoten doguz. CCTV, Txinako telebista ofizialak ez dauka sinisgarritasun larregirik baina Hong Kong-ekoak bai ostera eta jenteak hor entzuten dauen guztia sinisten dau. Zorionez, gauzak normalizetan doazela emoten dau.

Lasaiago orain?

Bai, benetan. Sekula ahaztuko ez dodan denporaldi gogorra izan da. Orain, barriz, birusa indarbarrituta ager daitekela esaten deuskue baina holako prebisinoak ez betetea espero dot.

Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Asociated Press.


Singapur eta Hong Kong uririk kaltetuenak izan dira, neumonia asiatikoak (SRAS) gogor astindu ditu. Gaiaren ganean gehiago jakin guran, izurritearen kontrako burrukan itxaropenerako momentuak bizi doguzan honetan, Kor Ai Ching, gaixo asko hartu dituan Singapurreko Tan Tock Seng Ospitaleko neumologoagaz eta Chen Xiaoya, gaur egun Hong Kongen beharrean dabilen nazinoarteko abokatuagaz egon gara.

KOR AI CHING medikuak denpora gitxi daroa, urtebete eta erdi, azken hilebeteotan deskantsurik izan ez dauen ospitaleko unitatean eta honezkero, txiki-txikia izan arren, uste baino arinago heriotzea eragin leiken birusaren kontra indar guztiekaz burrukan egin behar izan dau. Emoten dau bolada txarrena pasau dala baina Guo-k uste dau onena zuhur jokatzea dala.

Zeintzuk dira SRAS birusaren sintomak?

Ohikoenak kalentura handia, estul sikua eta arnasa hartzeko arazoak dira; orain arte ezagutzen izan dogun neumonia baten antzeko sintomak beraz. Dana dala, buruko mina, beheranzkoak, min muskularra eta jateko gogoa galtzea be aitatu geinkez. Txarrena eta larriena da konplikazinoak bat-batean agertzen dirala, konponbide edo osabiderako nahikoa berandu danean hain zuzen be eta sarritan ezin geinke gauza handirik egin.

Segurutik, era horretako kasu asko ikusiko zenduzan azken hilebeteotan...

Gehiegi. Ospitalean 300 gaixo inguru izan doguz eta 17 lagun hil dira. Esango neuke, nire ibilbide profesionaleko esperientziarik bildurgarriena eta, era berean, ederrena izan dala.

Birusak zelan eragin dau zure eguneroko bizimoduan?

Bizitza profesionalean ez horrenbeste, ze guk ez dogu ikerketa beharrik egiten eta tratamenduaz baino ez gara arduratzen. Bizitza personalean, ostera, eragina handia izan da, batez be, oraintsura arte, debekuak indarrik barik geratu diran arte, familiagaz egoteko modurik ez dogulako izan.

Zein izan da gaixotasunaren alderik txarrena?

Arriskutsuena eta txarrena herritarren artean sortu dan bildur-ikarea izan da; sarritan, gaixotasuna bera baino txarragoa izan da baina onartu egin behar dot bildurra izateko edo arduratuta egoteko arrazoiak egon dirala.

AEBetako ikertzaileek abisau dabenez, jentea lasaitu danean, birusa barriro biztuteko aukerarik badago?

Jakina. Ez dago geldi eta trankil egoterik ze era honetako gaixotasunak indartu egiten dira udagoienean; momentu honetan, esan leiteke birusa kontrolauta dagoala baina holako kasuetan ez da komenidu bolanderak botaten hastea. Hasierako nerbioak desagertu eta kontrol neurrietako batzuk indarrik barik itxiko badabez be, aireportuetan eta jente asko dabilen lekuetan kontrolakaz jarraitu beharko litzateke ze Singapurreko ekonomiari begira, oso larria izan daiteke birusaren beste eraso bat.