Bizkaiko Foru Aldundiaren administrazino telematikoa
BizkaiBai zerbitzua bide telematikoen bitartez erabilteko, erabiltzailearen ordenagailuak ondoko softwarea behar dau:
a) Netscape Navigator 4.06 Nabigatzailea (edo bertsino barriagoa), edo Internet Explorer 4.0 Nabigatzailea (edo bertsino barriagoa); batera zein bestera, cookie-ak eta Applets Java eta Javascript-erako euskarria aktibauta euki behar dira).
b) Adobe Acrobat Reader 4.05 edo bertsino barriagoa (erabilera egokia lortzeko ezinbestekoa).
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Internet eta teknologia barriek aurrera egiten daben neurrian administrazino ofizialakaz doguzan hartu-emonak aldatzen doaz. Gaur egun, administrazio telematikoagaz berba egiten badakigu: sistema teknologikoen bitartez eta erraz-erraz, administrazinoakaz doguzan edo bideratu geinkezan hartu-emonak geure etxetik be egiteko modua dogu eta sistema honi deituko deutsagu 'administrazino telematikoa.
Gauzak holan dirala, Bizkaiko Foru Aldundiak bere aldetik hartu-emonetarako era barritzaile bat garatu dau: BizkaiBai txartela, edo hobeto esanda BizkaiBai sistemea.
Aurreratuen dagozan sistema teknologikoak ezarriz, lekualdaketarik barik eta modu erraz, arin eta seguruan, persona fisikoek eta juridikoek BizkaiBai txartelaren bitartez, ondoren adierazoko doguzan eragiketak egin ahal izango ditue bai Internet bidez zein telefonoz: zergen kudeaketarako eragiketa guztiak, eta beste hainbat eragiketa Kultura, Ogasuna eta Finantzak, Ingurugiro eta Lurralde Ekintza eta Ekonomi Sustapen Sailetan. Eta hau hasierea baino ez da.
Sistema hau erabili ahal izateko lehenengo eta behin altan emon behar dogu geure eskaria, horretarako Ogasun Sailaren edozein bulegotara joan behar dogu eta han inprimaki bat bete. Altan emon eta gero, etxera kartazal bi helduko jakuz; horreetako baten txartela bera eta bestean, barriz, gure identifikatzailea eta pasa-hitzak egongo dira.
BizkaiBai txartela mota bikoa da: enpresen txartela eta norbanakoen txartela
Enpresen txartela berdea da eta persona fisikoentzat da, enpresario edo profesional zein norbanako legez. Norbanakoen txartela urdina da eta persona juridikoentzat da.
Txartelak atzeko aldetik ikusten badoguz, itsasontzien jokuan lez koordenada batzuk dagoz eta koordenada horreetan zenbaki batzuk. Gure identifikatzailea, pasa-hitza eta koordenatuok konekzinoa ziurtatuko deuskuen elementuak izango dira: lehenengo, gure identifikatzailea eta pasa-hitza eskatuko jakuz eta BizkaiBai txartelaren koordenada jakin batzuk be bai (sistemeak eskatuko deusku zein lerro eta zutabeko zenbakiak sartu behar doguzan). Sistema informatikoak kode guztiak baieztau ta gero, eragiketak egiteko baimena emongo deusku ala ez.
Erabilgarria ete da?
Bai, zalantza barik. Gure errenta autorpena Interneten bidez bialdu geinke etxetik urten barik. Errenta autorpena egiteko behar dan programa informatiko laguntzaile bat edo CDa erosi edo Interneten doban lortzeko aukerea dago. Ordenagailuan instalau ondoren, norberaren errenta autorpena osotuko dogu eta sartutako datu guzti horreek fitxategi baten gordeta egongo dira. Programa hori erabiliz lortutako inprimakia Ogasun Saileko edozein bulegotara eroango dogu gure errenta aurkezteko baina BizkaiBai sistema erabilten badogu, Interneten gordetako fitxategi hori Ogasun Sailera bialdu geinke. Foru Sailean fitxategi hori jasoten danean, gure ordenagailura 'zigilu elektronikoa' helduko jaku eta hori ziurtagiri moduan erabili ahal izango dogu.
Beste adibide batzuk: ziurtagiriak eskatu edo errekurtsoak aurkeztu edo ta pagau behar doguzanean, ordainketearen gerorapena be eskatzeko aukerea emoten jaku. Azken urteotan, beharrean egon dira eta oraindino hasierako pausuetan baino ez gagozan arren, benetako administrazino telematikoa errealidadea da honezkero. Sistema barri honegaz, gure dokumentazinoak edozein egun eta edozein ordutan aurkezteko modua eskaintzen jaku. Administrazinoko bulego birtualok urte osoko ordu guztietan 'zabalik' egongo dira.