Zine Munduko Euskaldunen I. Topaketak Tokion
Topaketa honeetan erakusteko aukeratu diran zortzi film luzeak ondoko honeexek dira: 'La caja 507', Enrique Urbizurena; '800 balas', Alex de la Iglesiarena; 'Arrebato', Ivan Zuluetarena; 'Lucia y el sexo', Julio Medemena; 'Los novios bulgaros', Eloy de la Iglesiarena; 'Torremolinos 73', Pablo Bergerrena; 'Los lunes al sol', Fernando Leon de Aranoarena; eta, 'Marujas asesinas', Javier Rebollorena. Film laburrei jagokenez, ondokoak ikusi ahal izango dira: 'Mirindas asesinas', Alex de la Iglesiarena; 'Muerto de amor', Ramon Barearena; 'La primera vez', Borja Kobeagarena; 'Tercero B', Jose Mari Goenagarena; 'Txotx', Asier Altunarena eta Telmo Esnalena; 'Mama', Pablo Bergerrena; 'Leo es pardo', Ivan Zuluetarena; eta, Victor Ericek Ten Minutes Older film luze kolektiborako zuzenduriko lan bat.
Horrela bada, Tokioko finantzen bihotzean dagoan Roppongi Hills barruti futuristan Euskal Herriko zinemaren izen ezagunak ikusi ahal izango dira. Jardunaldien aste horretan, beraz, aktore eta zuzendari ezagunek hartuko dabe parte, berbarako Alex de la Iglesia, Pablo Berger, Alex Angulo, Javier Rebollo, Eloy de la Iglesia, Najwa Nimri, Loli Astoreka, Elena Irureta, Juan Ortuoste, Jon Artatxo, Jorge Guerrikaetxebarria, Simon de Santiago edo Ernesto del Rio. Konbidaturiko zuzendariek, ganera, ikusleakaz berba egiteko aukerea izango dabe, horretarako berenberegi antolaturiko forum bati esker. Edozelan be, kultur ekimen hau ez da zinearen inguruan oinarrituko huts-hutsean; izan be, aste horretan Euskal Herriko hainbat erakargarritasunen barri be emongo da, kasu baterako gastronomia, dantzea, modea edo artearen barri. Modu horretara, Euskal Herria jomuga turistiko legez bultzatzeko amesa dago. Hemendik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiaren amesa da ekimen hau urtean-urtean antolatzea munduko uri desbardinetan.
Joseba Terreros
Bagilaren 5etik 8ra bitartean Tokioko 'Roppongi Hills' deritxon merkataritza gunean izango dira Zine Munduko Euskaldunen I. Topaketak. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dau eta horri esker Tokion Euskal Herriko zortzi zuzendarik egindako filmak ikusi ahal izango dabez, bai eta beste horrenbeste film labur be. Ekimen honen bitartez, Euskal Herria kultur eta turismo arloan sustatzeko asmoa dago.