Euskerea berbagai  II. urtea // 27. zenbakia - 2003ko bagilaren 1a

Eskoletan euskerearen erabilerea indartzeko abiaburuak (I)


Erramun Osa

Eremu kurrikularrean ez eze irakasleen formazinoan, testu liburuetan, ebaluazino erispideetan eta abarretan be bultzatu beharreko garrantzi handiko eguneratze eta eraldatze prozesuak aparte itxita, euskerearen erabilerea elikatzeko eta indartzeko eskolak egin leikenaz1 arituko naz oraingoan.

Eskoleak erabilerea elikatzeko, besteak beste, hezkuntza komunidadearen hartu-emon sareetan (ikasleen artean, ikasle eta profesionalen artean, familian, e.a.) euskerearen erabilerea eragozten daben tapotzak eta etenak identifikau eta gainditzeko estrategiak zehaztu eta bere jentearentzako 'arnasea hartzeko tokiak'2 eratzen, bilatzen eta mantentzen berenberegi ahalegindu behar dau. Izan be, zenbat eta euskaldunak alkarrengandik gertuago bizi/egon hainbat eta babes handiagoa emongo deutse batak besteari, erdeldunak euskerea ikastera eta euskaldun motelak (ele erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituen aukerak ugarituz.

Txikitan (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, batez be), gehienbat irakasleagaz, baina baita gelako lagunakaz be, gela barruan eta, batzuetan, baita kanpoan be euskeraz berba egiten dabe nagusiki. Adinez aurrera egin ahala (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, esate baterako), ostera, irakaslearen eta eskolearen eragina ahultzen doa eta gizarte bizitzako beste erreferentziak indartzen. Gizarte-inguruneko euskaldun-erdeldunen densidadearen arabera, gazteek euskeraz edo erderaz egiteko jokerea dabe. Errealidade horren aurrean eskolearen babesa mugatua bada be, eskoletan, barruan zein inguruan, euskerearen erabilerea indartzeari begira egitasmo osogarri andana sortu edo egun abian diranak horretara zuzendu eta baliabidez hornidu behar dira. Bereziki gune erdeldunduenetan, ikasleek eskola barruan euskerea erabilteko jokerea eta ohiturea har daiezan, euskerea erabilteko proiektuak biderkatu behar dira. Halaber, eskolea kokatuta dagoan ingurunean arnasea hartzeko guneak eregite aldera jokatzen dauen euskerearen normalizazinoaren eragile funtzinoa dezente indartu behar da3.

Komunikazinoak erreala izan behar badau ikasketa eragingarria bideratzeko, hainbat eremutan gela barruko lana oso mugatua gelditzen da. Personarteko esparru informalean bereziki, irakasleak bideratu leiken hizkuntz erabilerea artifiziala eta antzua gertatu leitekelako. Jaubetze maila egokia gerta daiten berezko esparruetan eragin beharko dogu. Hartara, eskolea eta bere hurreko ingurunea batuko dituan eta gelaz kanpoko esparru sozial horreetan eragiteko estrategiak koordinau eta era koherentean zehazteko bidea emongo dauen plangintzea egin beharko da (Berazadi, E. 'Euskararen erabilera informalak landu behar ote dira eskolan'). Testuinguru horretan sakonduz, euskera formalaren ondo-ondoan ahoz jaso doguzan kodeak idatzira ekarteko jokerea ikusten da toki askotan. Ez dakit ahoz jaso dogun kode aberats hau batasun bidea kontuan hartu barik idatzira ekarteak ez ete dauen bazterretan nahasmena sortzen eta ez ete doguzan, bidenabar, status eta corpusari jagokezan kontuak nahiko modu arinean nahasten.

Hizkuntzearen normalizazinoa lortzeko, planteamentu sistematikoan oinarritzen diran plangintzak dira eragingarriak, ez ekintza bakartuak. Baina, planteamentu sistematikoaz ari garanean, eskola mailako planifikazinoaz be ari gara. Borondaterik onenaz egindako eta burututako ekintza bakartuak eta egitasmo solteak egitea gaindituz, xedeak lortzeari begirako planifikazino baterako urratsak egin behar dira. Baina hori be ez da nahikoa. Izan be, ikastetxeetan, behin baino gehiagotan, euskerearen erabilerea –ustez– indartzeari begirako egitasmoak lantzen dira, baina, haur eta gazteek ekintzetan ondo pasau arren, euskerearen erabilerea indartzeko baliagarri –benetan– gertatu dira? Hona hemen, etenik barik egin beharreko hausnarketea.

Halanda be, euskerea indarbarritzeko eskolearen eta gizartearen arteko loturak ezinbestekoak dira, bada.






(1) Batzuek eskolaz kanpoko jardueren bidez eskola barruan egiten ez diranak bideratu ahal dituela uste dabe, baina, orain arteko esperientziak hala ez dala erakutsi deuskula gogorarazo beharko geusnkie.
(2) Gurea lako hizkuntza ahulek hain sarri sufridu behar izaten daben dislokazino fisikoari (Fishman) aurre egiteko bidea bilakatu leiteke.
(3) Eskolaz kanpoko ekintzak antolatuz: kirola, aisialdia, dantzea, musikea, gazteen txokoak, etab.