Txaro Arteaga, emakumeen jagolea
MÂȘ Rosario Arteaga Ansa, 1944ko maiatzaren 10ean Donostian jaioa. Kazetari lanetan luzaroan ibilitakoa: 25 urte Donostiako Herri Irratian, EITBn eta bikoizketa lanak egiten. 1988ko urriaren 25ean Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendari izentau eben eta ordutik aurrera zeregin horretan dihardu. Besteak beste, Ekintza Positiboko plangintza bi abiatuarazo ditu eta orain hirugarrenagaz dabil buru-belarri. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzearen ordezkaritzan, gure artean eta gure mugetatik kanpo mintegi, kongresu eta jardunaldi askotan parte hartu dau: Pekinen eta New Yorken esaterako, eta Nazino Batuen Erakundeko begirale be izan da.
Oraintsu, Txaro Arteaga Saharan egon da, Saharako Emakumeen Nazino Batasunaren IV. Kongresuan eta horren ingurukoak eta bestelako batzuk jakin guran, honakoxe galderak egin deutsaguz:
1. Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaria zaitugu azken urteotan; labur-labur baino ez bada be, egiguzu orain arteko balantzea
Nik esango neuke, aukera bardintasunaren gaia gai pribatua izatetik gai politikoa izatera aldatu dala; orain urte batzuk, Eusko Jaurlaritzeak argi ikusi eban aukera bardintasunaren auzia gai politikoa zala eta gobernuaren ardura nagusienetako bat gizarte bardinzalea lortu ahal izateko. Emakunde sortu zanetik, azken 14 urteotan, administrazinoan aparteko ahaleginak egin dira bardintasunaren aldeko politikak bultzatzeko eta honezkero Ekintza Positiboko hirugarren Plangintza gauzatzen gabilz, hau da, administrazinoaren era guztietako politika eta jardunbideetan genero ikuspegia sartzeko plangintzea; orain arteko politikak ez dira neutroak izan eta gai, politika eta edozein lan-arlo aitatutako ikuspegi horretan oinarrituz planteetea eta bideratzea da asmoa. Horrezaz ganera, arlo publikoan, gizon eta emakumeen artean alde handiak dagozala ikusita, emakumeen aldeko politikak behar dira gizartean egiten dan lan guztia behar dan moduan banatzeko, bai ordainsaria dauen lanari eta bai etxeko lanei jagokenez, era horretara, gizon eta emakumeok aukera bardinak izan daiguzan gizartean.
2. Hara eta hona, berbaldiak emoten eta sariak jasoten zabilz; orain gitxi, Hernanin, Sagardaoaren ohorezko kofrade eta Bakion, Mahasti Alde Alkartearen ohorezko bazkide izendapenak jaso dozuz; baina, beharrean, ze proiektu edo ze lan dozu eskuartean?
Oso gustora nago izendapen horreekaz; alkarteak oso garrantzitsuak dira herrietan, herritar gehienak inguratzen dira holakoetara eta, duda barik, oso eragingarriak dira gizartean. Holako jai eta ekintzetan parte hartu ezkero, jente asko eta persona askoren eretxiak ezagutzeko aukerea dago, eta hori oso aberasgarria da. Proiektuei jagokenez, lehen be esan dot, momentu honetan, lan eta lan gabilz toki eta foru administrazinoakaz, emakumeentzako Ekintza Positiboko hirugarren Plangintzea abiatuarazoten. Danetara, hamabi jardungune dira eta guztietan zenbait jarduera dagoz. Emakunderen lana politika jakin horreek sustatzea eta koordinetea izango litzateke eta, jakina, gizarte bardinzalea lortzeko beharrezkoak diran bestelako ekintza batzuk planteetea. Orain, aukera bardintasunaren legea darabilgu eskuartean; gogoratu, Ibarretxe Lehendakariak berak konpromisoa hartu dauela legea legegintzaldi honetan atarateko. Orain arteko bardintasunaren aldeko politikak plangintzak eta gomendioak baino ez dira izan eta ez egoan ezelako derrigortasunik; oraintsu amaitu dogun legearen lehen zirriborroan zehaztu dogun lez, politika edo plangintza horreek guztiak binkulanteak izatea gura dogu. Gure ustez, gizartearen sentsibilizazinoa argia da eta, beraz, bazan ordua aukera bardintasunaren legea apliketako.
3. Bizitzako edozein arlotan, mutur-muturreko jarrerak ez dira onak izaten. Feminismoa eta matxismoa zelan ikusten ditu Txaro Arteagak?
Itauna holan planteetan badeustazu, pentsau behar dot zuretzat muturreko jarrerak dirala feminismoa eta matxismoa, baina nire ustez, feminismoa behintzat ez dot nik muturreko jarrera lez ikusten, matxismoari edo androzentrismoari emoten jakon erantzun lez baino; kontuan hartu, sistemeak toki desbardinetan kokatzen dituala gizonak eta emakumeak eta, ondorioz, bereizkeriak sortzen dirala. Gauzak holan dirala, historiako momentu jakin baten emakumeek aurre egiten deutsie egoera horri desbardintasun nabarmenak eta bereizkeria dagozala eta egoerea ez dala bidezkoa edo zuzena ikusita eta orduantxe sortzen da feminismoa, bidezkoa ez dan egoera bati erantzuna emoteko hain zuzen be. Jakina, feminismoaren mobimentuan be jarrerak aldatu egin dira denporearen eta jazoeren podezuz eta, orain, menpekotasun era guztiak baztertzeko gizarte-antolaketea eratzen gagoz, batez be, autodeterminazino eskubideari begira, gizon eta emakumeak guztiz autonomoak izan daitezan, hau da, ganerakoakanako begirunez baina norberari egokiak iruditzen jakozan erabagiak hartu ahal izateko. Feminismoa filosofiatzat hartuko neuke, politika emantzipatzailetzat, feminismoa matxismoaren kontrako defentsatzat hartzen dot, baina lehen esan dodan legez, feminismoaren jarrerea bera be aldatu egin da eta, une honetan, gizon eta emakumeak liberatzeko edo askatzeko, gizarte-antolakuntzea izango litzateke oinarri-oinarrian eta matxismoa edo androzentrismoa, ostera, emakumeak menpean izateko planteamentua.
4. Aukera bardintasunaren auzian, aurrera pausu handiak izan badira be, gauza asko egongo dira egiteko...
Jakina, gauza asko egin dira azken urteotan eta aurrera pausuak ezin ukatu baina behar handia dago oraindino egiteko. Laster eskura izango dogun aukera bardintasunaren ganeko legeagaz lege hutsune asko beteko dira baina hortik aurrera be behar faltarik ez da egongo.
5. Emakumeak bete-betean sartu dira lan-munduan eta, horren ondorioz eta beste arrazoi batzuen ondorioz, onerako ala txarrerako, seme-alaben hezkuntzea goitik behera aldatu da, izan be, kasu askotan, umeen hezkuntzea aitita, amama edo gurasoak ez diran beste persona batzuen ardurapean geratu da. Orain urte batzuetako gizarteagaz zerikusirik ez dauen gizarte-eredua antolatzen gagoz danon artean
Bai, bai , bai, duda barik; belaunaldi bakarrean edo asko jota belaunaldi bitan, gizarte-eredua aldatzen gagoz; orain arte, argi eta garbi zehaztuta egozan gizonen eta emakumeen egitekoak: emakumea etxean eta gizona, barriz, etxetik kanpora, lan profesionalean, familiari eutsi ahal izateko. Orain, geldiro-geldiro, beste eredu bat antolatzen gagoz, hau da, gizon eta emakumeak lan profesionala izan daien edo diru aldetik independenteak izan daitezan eta etxeko lanak banatzea normaltzat hartuko dauen gizarte-eredua hain zuzen be. Dana dala, eredu batetik besterako saltua oso arin emoten gagoz eta, normala da akatsak sortzea, besteak beste, gizarte-antolaketeak ezin dauelako erantzun zuzenik emon oraingoz. Orain artekoak ikusita, gizon eta emakumeentzat baikorra izango dan aurrerapena bermatzeko baldintza objektiboak konfiguretan joan behar dogu; bide batez, erakundeek eurek be, gizarte-ereduaren aldaketea gauzatzeko baliabideak jarri behar dabez: zerbitzuak, laguntzinoak eta bestelakoak.
6. Orain urte batzuk ez bezela, gaur egun, ohikoa da etxe askotan gizonezkoa izatea jatekoa eta etxeko lanak egiten dituana; zure eretxiz zer adierazoten dau horrek? Zelan banatzen dira lanak Txaro Arteagaren etxean?
Aspalditik danon artean egiten doguz etxeko lanak, izan be, nik beti pentsau izan dot kanpoan danok lan egiten badogu eta geure soldatea badaukagu, guztion zeregina dala etxearen ardurea. Halan da be, uste dot oso jarrera baikorra dala zurea, ze gaur egun etxeko lanen banaketeari buruzko datuetan bestelako egoerea agertzen da: biek behar egiten daben 10 bikotetan 3tan baino ez dabez etxeko lanak banatzen eta, beraz, azterlan soziologiko kuantitatiboaren ikuspegitik ezin da esan gizonezkoak etxeko lanez arduratzen diranik; egia da, jokerea badagoala egon, eta aurrera pausuak emon dirala eta maila teorikoan edo diskurtso mailan baino ez bada be, jente gaztearen artean batez be bikoteek euren gain hartu dabela bardintasunaren gaia. Hori bai, sozializazino prozesuan, balore desbardinak ikasi eta jaso dabez gizonek eta emakumeek eta, jakina, jokabide tradizionalak oraindino indar handikoak dira gure artean. Zailtasunak handiak dira oraindino eta emakume askok lan-mundura saltu egin daben arren, emakumeen % 32 baino ez dagoz lan-munduan eta, horrek esan gura dau emakumeen % 70 inguru ez dirala diru aldetik independenteak; ganera, kontuan hartu behar da, emakume batzuk lan-munduan egon arren, kasu askotan, baldintza oso eskasetan eta familiaren zama guztiakaz dagozala.
7. Seme-alabak mundura ekarteko aita eta ama, biak dira behar-beharrezkoak, baina haurdunaldiak eta jaiotzearen ondorengo prozesuak amari dakartso mugarik edo eragozpenik gehien, lan-arloan eta gizartean; edozelan be, egoera horri aurre egitea ez da behar erraza
Lan hori hain gatxa be ez da; nik uste dot pentsakerak aldatu egin behar doguzala; datuak era objektiboan begiratu ezkero, gure Autonomia Erkidegoan, batez beste, emakume bakotxak seme-alaba bat be ez dauka eta horrek esan gura dau, bizitzan zehar 30-40 urte emoten badoguz lanean -nik behintzat 40 inguru daroadaz honezkero-, emakume bakotxeko seme-alaba bat edo bi izan ezkero be, amatasunaren kasuan, laneko bajeagatik sei aste hartu daitekezala kontuan izanda, arazoa ez litzateke hain larria; ganera, ama izango garalako lan-munduan emakumeakanako dagoan bazterketea, lanean huts egingo dogulako eta abar, ez da zentzunezkoa, orain arteko azterlan guztien arabera, amatasun-bajak kontuan hartuta be, lan-absentismoa txikiagoa dalako emakumeen artean gizonezkoen artean baino; zehatz esateko puntu bateko diferentzia dago eta, horrezaz ganera, beharrean emakumeen errendimendua be gizonezkoena baino handiagoa dala frogatuta dago. Horren guztiaren ondorioz, emakumeen kontrako kultura hori oinarririk bakoa da.
8. Kontuak kontu, munduan, emakumeen egoerea askozaz larriagoa da eta benetako astakerien barri hartzen dogu ia egunero. Oraintsu Saharan egon zara, besteak beste, Saharako Emakumeen Nazino Batasunaren IV. Kongresuan; zelako esperientzia izan dozu?
Oso interesgarria eta oso gogorra; gogorra dinotsut ze Saharako jenteak 27 urte egin ditu basamortuan bere herritik kanpo eta, halan da be, behin-behineko gizartea antolatu dabe bizi-baldintza oso gogorrakaz. Osasuna, hezkuntzea, kulturea eta ganerako alor guztien ardurea emakumeena da, ze Fronte Polisarioagaz, gizonezkoak gerran dagoz. Herriaren askapenerako burruka horrezaz ganera, egoera normalizetan danerako, emakumeak buru-belarri dabilz lanean gizarte eredu-barrian emakumeen parte-hartzea oraingoa lakoa edo handiagoa izan daiten.
9. Laburrean, bestelako galdera batzuk orain. Emakunde Erakundean, gizon ala emakume gehiago dago lanean?
Emakumeak gehiago baina ez guk gura dogulako; kontua da gure lanpostuetara emakumeak aurkezten dirala gehiago gizonezkoak baino. Dana dala, gizonezkoak be badagoz gurean eta oso onak ganera. Garbi izan behar da bardintasunaren gaia ez dala emakumeon gaia bakarrik, eta orduan oso inportantea da bidea bion artean egitea.
10. Behargin bat kontratau behar izan ezkero, emakumezkoa ala gizonezkoa gurago?
Bardin jat, garrantzitsuena beharginak bere beharra ondo egitea da.
11. Egunean zenbat ordu lo egiten dozu?
Orain oso gitxi, sasoi baten 10-12 ordu egiten nituan egunero baina gaur egun 6 edo 7 baino ez dira izaten, astegoienetan gehiago, beharbada, zahartzen gagozalako eta ez dogulako horrenbeste behar.
12. Oporretarako, itsasoa ala mendia?
Biak. Beharbada, mendia apur bat gehiago gustetan jat.
13. Irratia ala telebista?
Irratia, jakina, askozaz biziagoa eta errealagoa dalako; telebistan itxurea zaindu behar da gehiago, eta askotan ez gara benetan garan moduan agertzen. Legegintzaldia amaitu ondoren, Herri Irratira bueltan joateko gogoa daukat.
14. Liburu bat ala egunkari bat?
Biak, funtzino desbardina dabelako. Arazo nagusiena da ze denpora barik nabilela; erosi, erosten dodaz, nahiz eta jakin ez dodala momentuan irakurriko eta etxean pilatuta geratuko dirala.
15. Erderaz ala euskeraz irakurten dozu gehien?
Erderaz, zoritxarrez eta pena handiagaz. Nik ia 60 urte daukadaz eta ikasketa guztiak erderaz egin nituan. Euskaldun zaharra naz, baina nahiko berezia, alfabetau bakoa eta, beraz, gehiago eta errazago irakurten dot erderaz.
16. Kirolzalea al zara?
Ez, ez egiteko ezta ikusteko be. Badakit erantzuna ez dala 'politikoki' zuzena baina egia esan behar badot horixe da.
17. Zer garraiobide erabilten dozu gehien?
Kotxea, egunero-egunero Oiartzundik Gasteizera joateko.
18. Bakioko txakolina ala Getariakoa?
A zelako konpromisoa, bazkaltzeko Getariakoa eta afaltzeko Bakiokoa.
19. Jateko zer gurago: makailaoa Bizkai erara ala Berrizko txuletoia?
Jatun ona naz, makailaoa asko gustetan jat era guztietara, baina Berrizko txuletoiak be benetan onak dira, zer esango dot ba, Berrizko Alkate andrea be lagun handia dot eta.
20. Bruce Springsteen ala Euskadiko Orkestra Sinfonikoa?
Momentu batzuetan Springsteen eta beste batzuetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Koldo Isusi Zuazo