Laban daukagun opille
Estuntza txarrik ezautu bada
sekula Euskal Errian
oraintxe gagoz estu benetan
itsaso biren erdian,
kanpotik daukuz arerijuak
baita etxe barrenian
geuri burua austeko gertu
usterik gitxienian,
augatik gagoz sarri ixillik
itz eiñ bihar geunkenian.
Batzuentzako miñ handija da
gure gauzak ikustia
itxura danez gure gauzona
eurentzako da kaltia
noizik beiñ jaurti arrikada bat
ta eskuak gordetia
erakusten dau dabilliena
guzurre eta nastia,
usterik bako egunen baten
agertuko da gustia.
Soiñ asko dagoz lutoz jantziak,
begi askotan negarra,
baña ez aztu Larrazabalgo
Aita Sabinen diadarra.
Seme leialok gertuak gagoz
zaintzeko gure Ama Zarra,
alperrik dagoz Alemania,
Portugal eta Italiarra,
geu il ezian ez da galduko
Euskalerriko indarra.
Euskalerriak baditu seme
jakitun eta zintzuak,
baña tamalez geiao dira
begi argidun itsuak
onein berora ortik emetik
sortu jakuz e jauntxuak,
inori miñik ez baleuskio
emongo nire bertsuak
esango neuke zeintzuak diran
ardi narruzko otsuak.
Gora euskotar abertzaliak
gudari ta eusko langille
iñor ez dua geu ez bagara
gutzat gauzonaren bille.
Begiak argi, adiña garbi,
mingaiña ixil-ixille,
garaian gagoz erakusteko
zein dan eiztari abille:
zutik guztijok iñork jan barik
laban daukagun opille.
Labur-labur:
- Arabako Bertsolari Txapelketea 2003: Zigor Enbeita txapeldun.
- Iparraldeko Bertsulari Gazteen Xapelgoa Miren Artetxe hendaiarrak irabazi dau aurten be.
- Plazatik Gaztetxera 2003: Iñaki Apalategi beasaindarrarentzat izan da txapela Berako Julen Zelaietari aurrea hartuz.
- Miren Amuriza eta Josu Martinez, Bizkaiko Eskolarteko txapeldun.
- Gipuzkoako Eskolarteakoan, Beñat Gaztelumendi eta Zumaiako taldea txapeldun.
- Ane Zelaia eta Maialen Berasategi, Arabako Eskolarteko txapeldun.
- Iparraldeko Eskolartekoan, Hendaiarrak izan ziran onenak.
Ez gatoz jateko kontuekaz, ez. Irakurle fidelak badaki hilean behin bertsoak dakarguzala gure atalera. Oraingoan gure historiaren lubakietan topautako altxor txiki bat erakutsi gura deutsuegu. Guda Zibileko bertsoak dira, Joseba Tapiak 2001eko urrian argitaratutako 'Agur Intxorta maite, 1936-37 gudako kantuak' diskotik jasoak.
Trintxeretako kantu eta bertsoak
Dokumentazino lan ikaragarria da Tapiaren disko hau. Gudako kronikak, argazkiak, filmak ikusi doguz, baina Koldo Izagirrek diskaren sarreran dinoanez, iruditeria mutua zan gudaz geunkana, Eusko Gudariak genduala himno bakartzat. Baina gudarien trintxeratan trikitixea beste arma bat izan zan eta letragile ezagun eta anonimo askok bere testigantzea itxi eben hainbat eta hainbat kantu eta bertsotan. Joseba Tapiak ondarearen zati handi bat berreskuratu eban eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz argitaratu lan horren erakusgarri dan diskoa. Benetan gomendagarria. Ez dakit zenbat ale salduko zituan, baina badakit denporearen joanagaz balioa irabaziko dauela eta erreferentzia izango dala euskal kantagintzan.
Nor ete zan Utarre?
'Laban daukagun opille' sortea diskako bigarrena da. 37ko zezeilean idatzi eban Utarrek. Garaiko ezizenen arabera, U’tar E izango zan autore hori, baina ez ei dago egilearen identidadearen ganeko barririk. Bertsoak gudako salatariak daukaz gaitzat; faxistak sartu ziranean, jente asko galdu zan herrikoren batek txibatazoa emonda. Hamarreko nagusian eta bizkaiera dotorean idatzita dagoz, egilearen kultur maila onaren erakusle. Orduko idazkerea errespetau dogu (diskoan lez). Bertsoak irakurri ostean, ia galdera honi erantzuterik dozuen: zer adierazo gura eban egileak 'laban gordeta daukagun opille' irudiagaz? Nik neure irakurketea eginda daukat, baina ez dot zuena baldintzatu gura. Lagungarri lez, ala ez, atsotitz honeek dakartsuedaz, Manu Etxebarriak gogora ekarri deustazanak:
'Labesu beroegiak ogiak erre' eta 'Bakotxak bere opileri putz'.
Iñaki Aurrekoetxea