Udabarriagaz batera disko barriak gurean
Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigilu emonkorrak disko ugari jarri ditu kalean azken hilebeteotan. 'Gauak, neskak eta maletak' izenburukoa da Txuma Murugarren kantariak plazaratu dauen bere hirugarren lana. Abesti finak, doinu lasaiak eta kalidadezko musikariak entzun daitekez Sasoi Ilunak taldeko kantari zanaren lan barrian.
Bizkaiko kostan, Ondarroan hain zuzen be, Etsaiak taldean ibilitako KEU gitarrajolearen bigarren diskoa dogu. UEK deitzen dan proiektuagaz azaltzen dau bere burua. 'Ganbaratik' da diskoaren izenburua eta bertan musika elektronikoa, hip-hop doinuak, free jazz-a, gitarren indarra eta era askotako sonoridade instrumentalak buztartzen ditu musikariak; lan txukuna.
Iruñeako Metak diskoetxeak be plazaratu ditu disko barriak. '602' deitzen da Bilboko Zein? taldeak eginiko disko ederra. Ama Say taldean ibilitako zenbait partaide dagoz talde honetan eta elektrizdadez beteriko disko mardula atara dabe. Sasoi bateko The Kinks, The Who edota Pixies moduko taldeen eragina edo ukutua nabarmena da.
Donostiako Miztura taldearen lau abestiz osoturiko diskotxua plazaratu dau oraintsu Metak diskoetxeak. Post-rock deitzen dan estiloan sartu geinke taldea. Abesti instrumentalak, intensidadeagaz jolasten dabe anbiente desbardinak sortuz.
Doinu gogorretan sartuta, Eibarreko Su Ta Gar taldeak be lan barria dauka kalean Gor diskoetxearen eskutik 'Itsasoz beteriko mugetan. Heavy musikearen klasikotasunean ausnartzen dauen taldea. Bestetik, diskoetxe berean Ken Zazpi talde gernikarrak atara dau bere bigarren lana 'Bidean deiturikoa, gitarra gordin eta gogorragoak azaltzen dituen abestiekaz horniduta.
Gernika herrian bertan sortu da Gatibu talde arrakastatsua, Exkixu taldeko Alex Sardui kantari dauen taldea; Ohiukagaz plazaratu dau upealako erantzuna izan dauen estraineko diskoa. Gernikatik aurreruntz kostako bidea jarraituz, Lekeitioara heltzen gara, bertan Parasma taldeak bere lekua egin dau. Metal gordina jorratzen dauen taldea da eta bigarren diskoa da atara barri dabena: 'Ekaitzik gabeko bakerik' izenburupean. Hor inguruan jarraituz, Auo-ren ekinbidez (Etsaiak) eta Chanul eta Axularren laguntzinoagaz, oraingoz 14 lagun alkartu dira Pin Pan Pun Band proiektuan. Lehenengo bolumena kalean dago eta estiloen koktela, fusinoa, tuti-frutia, inprobisazinoa dira nagusi.
Bestetik 'Raska y Pierde' izenburua dakar Kaotiko taldearen disko barriak, punk-rockaren espirituagaz eta jarrereagaz egindako diskoak.
Pop-aren munduan, 70. eta 80. hamarkadan egiten zan pop-a oinarri izanik, Ambulance taldeak 'Gaua iristen den momentuan' diskoa plazaratu dau, konplejurik bako pop musikea.
Nafarroako Skalariak taldeak be kalean jarri dau bere diskoa 'Radio Ghetto' deiturikoa, baina oraingo honetan Gor diskoetxea itxi eta Madrileko BOA zigiluagaz plazaratu dau.
Elkar diskoetxearen eskaintzea be hor dago: 'Bizipen Gose' da Triki Ta ke taldearen bigarren diskoa; aurreko diskoaren ezaugarriez ganera, erromerietan etenik barik ibilitako bi urteren etorria eta abesti zein sentipen sorta zaindu bat topauko doguz. Bestetik, Koldo eta Arantxa Iparragirre, Beasaingo anai-arrebek, gure herri musikearen transmisino zubian katebegi koloretsua marraztu dabe 'Zuretzat' deitzen dan diskoagaz. Beteranoen artean, 'Bidaia' deitzen da Caroline Phillips eta Mixel Ducau musikariek osotu barri daben taldea Ritxi Salaberria eta Jabi Areagaz batera. Nazinoarteko folklorean zein melodia eta dantzetan oinarritutako diskoa da berau.
Bilboko The Boogiee Punkers taldearen disko barria be ez dogu ahaztuko; talde oso interesgarria, surf musikea, rockabilly-a eta rock and rolla jorratzen dituana. Gogoratu, talde hau Bilbo Hiria XV. Pop-Rock Lehiaketan euskal talderik onena aukeratua izan dala.
Azken buruan, dantza erritmoak, funkya eta soul-a maite dozuezanontzat Gasteizko Ortophonk taldearen disko barria sano gomendagarria da.
Gotzon Uribe
Egunotan euskal diskoetxeak disko berriak plazaratzen dabilz. Batetik urte amaieran -abenduan hain zuzen- Durangoko azokea ezinbesteko hitzordua izaten bada, udaberri partean be dendatan hainbat euskal disko barri topau geinkez. Euskal musikarien ekarria oso ugaria da eta egunetik egunera ugariagoa eta aberatsagoa.