Bidaide  II. urtea // 27. zenbakia - 2003ko bagilaren 1a

Bildur-ikarearen birusa (I)

Ameseta txarra amaitu ete da?


Erraldoi gorria

Izurritea Foshan-en, Guandong probintziako urian sortu zan, Txinako hego-ekialdean. Orain arte dakigunaren arabera, basapizti batek, segurutik zibeta izeneko batek kutsatu eban gizakia jatetxeren baten eta, hortik aurrera, arin zabaldu zan airetik. Gorputzetik kanpo 24 ordutan egon daiteke bizirik birusa eta edozein azaleretan; korotzean, barriz, lau egun egin leikez bizirik eta, horregaitik, oso gatxa da horren kontra egitea. Txinako osasun sistemearen urritasuna begi-bistan geratu da. Ospitaletan ez dago beharrezko teknologia eta beharginik era horretako izurriteari aurre egiteko eta urietako garbitasun sistema eskasak ez dau bape laguntzen. Dana dala, gatxa zabaltzearen erruduna edo erantzulea Txinako gobernua izan da eta arazoak sortzen diranean sarri egiten dauen legez, inori laguntzinorik eskatu barik, Txinako agintariek pentsau eben birusa sekretupean kontroletea lortuko ebela. Birusa hain kutsakorra ez zala izango pentsau eben eta birusa zabaltzea ebitetako neurririk ez eben aplikau. Txinatarrak oso ibiltariak dira eta, hortaz, birusa arin zabaldu zan Hong Kong eta Singapurren; ugarte horreetatik mendebaldera be uste baino arinago egin eban salto. Alderdi Komunisteak, antza, oker egindakoetatik ikasi eta Hu Jingtaoren gobernu barriak asko mantsotu dau prentsa eta komunikabideak kontroletako jokerea eta OMEko ikuskatzaileei be euren beharra traba barik egiten ixten deutse.

Gatx globala

Gaixotasunak ez dirala erraz zabaltzen pentsetan genduan eta milaka kilometrora dagozan herrialdeetako gatxek ez ginduezan arduratzen orain arte. Milaka kilometro horreek di-da egin leikez birus azkar batek. Dana dala, larritzea ez da gauza ona izaten eta, oso oker ez bagagoz behintzat, birus honek ez dau munduaren hondamendia ekarriko. Hori bai, ona izan da oinarrizko gizarte sarea ahaztu eta hazkunde ekonomikoa indartzeaz baino arduratzen ez diran herrialdeen atentzinoa erakarteko. Lehen munduko herrialde bi, Hong Kong eta Singapur Txinagaz konparau eta agirian geratzen dira hazkunde ekonomikoaz harro dagoan herrialdearen eskasiak, izan be, onura ekonomikoak ez ditue erabili ongizatearen gizartea suspertzeko. Gaur egun, Asia gaixorik dago eta horrek eragina izan leike mundu osoko ekonomiaren osasunean. Zorionez, birus txiki, ikustezin eta etereo hori esan leiteke ia-ia kontrolpean dagoana. Hala biz!.

Informazino gehiagorako: http://www.who.int

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Associated Press

Bizkaie!-ren oharra: Zigor Aldamaren 'Asiako Hego-ekialdea' izeneko erakusketea maiatzaren 15etik bagilaren 13ra bitartean ikusgai dago Basaurin, San Migel Kultur Etxean.


Asiako zuztarrak astindu dituan neumonia esan leiteke badoala indarra galtzen Hong Kong, Singapur, Kanada eta sortu zan lekuan, hau da, Txinan be bai. Vietnamen desagertu da honezkero eta Taiwanen, ostera, gero eta kasu gehiago agiri dira. Kontuak kontu, Osasunerako Mundu Erakundeko (OME) ikertzaile talde baten esanetan, udagoienean indar handiagoagaz agertuko da eta, beraz, txarrena oraindino ikusteko dago. Hori bai, ez dago ukatzerik abiada handian zabaltzen dan gaixotasun barria dala eta orain arte 700 heriotza eragin eta milaka lagun oratu edo kutsatu dituala.

Ohikoa dan lez, Bizkaie!-ren Bidaide atalean, bidaien kronikak eta bidaietarako gogoangarriak izan daitekezan kontuak jorratzen doguz eta, oraingo honetan, ekonomiaren ikuspegitik, planetako ingurunerik aberatsenean eta turismoaren aldetik, kontinenterik erakargarrienean, birusak dakartzan ondorioak aztertzen ahaleginduko gara. Arnasa Hartzeko Sindrome Larriak (SRAS) gizarte zein ekonomia arloko bazter guztiak hankaz gora ipini ditu eta, batez be, Txinako gobernuarentzat sekulako kaltea edo hondamendia izan da, besteak beste, arazoa erraz eta kanpoko laguntzino barik kontrolauko ebelakoan, gaixotasuna sekretupean izan dabelako eta, azkenean, gaixotasunak iges egin deutselako alboko herrialdeetara.

Erraldoi bi zaurituta

Aurtengo martian, OMEk emerjentzia egoerearen barri emon ebanean, nazinoartearen begiradeari, kritika eta salaketa guztiei aurre egin behar izan eutsen Txinako Alderdi Komunisteak. Hong Kong eta Singapur, Asiako dragoi nagusienetakoak herrialderik kaltetuenak izan arren, Pekingo erregimenaren iluntasunaren eta sekretuaren ondoan, harritzekoa izan zan herrialde bi horreetako gardentasun eta argitasun informatiboa. Egunetik egunera gora joian hildakoen eta kutsatuen kopurua eta herritarren artean bildur-ikarea zan nagusi ze birusa zelan kutsatzen dan oraindino ez dakialako inork eta, ganera, osabiderik eta txertorik ez dagoalako. Azken boladan, sarri ikusi doguz komunikabideetan arpegiak maskarakaz tapauta eroiezan lagunen irudiak eta larritzeko moduko datuak; geroago, birusak beste kontinente batzuetara salto egin dauela ikusi eta entzun dogu. Adituen esanetan, denpora asko pasauko da txerto eragingarria atara arte, akaso hilebeteak edo urteak. Zorionez, Txinako kasua kenduta, emoten dau gaixotasuna honezkero kontrolpean dagoala. Hori bai, kalte ekonomiko eta sozialak ez dauka atzera bueltarik.

Asiako herrialdeek urte honetarako hazkunde aurreikuspenak berraztertu ditue eta Singapur eta Hong Kong dira kaltetuenak % 2ko urritzeagaz. Lurralde txikiak dira, ugarteak zehatz esateko eta birusa arin eta erraz zabaldu da nahiz eta orain itsasoaren babesa ona izan gatxari aurre egiteko. Aitatutako herrialdeotako ekonomiaren indarra merkataritzan dago eta, azken aldian, bildurraren eraginez, oso gitxi dira ugarte horreetara joaten ausartzen diranak. Mundu osoko hegazkin konpainiek nabarmen murriztu ditue Singapur eta Hong Kong-erako hegaldiak eta galerak upealakoak zirala ikusita, Cathay Pacific, Hong Kong-eko konpainia eta Asiako garrantzitsuenetakoa bere zerbitzu guztiak bertan behera ixteko aukerea aztertzen ibili zan bolada baten nahiz eta geroago neurri gogor horreek baztertu. Kontua da ze ekonomia eta herritarren morala eta gogoa oso kaltetuta geratu dirala. Behar-beharrezkoa edo derrigorra dan kasuetan baino ez dabe etxetik urtetan eta barruko konsumoak behera egin dau; horrezaz ganera, batzuk ez dabe beharrera be joan gura. Edozelan be, birusa atzeraka doa eta kaleetan, geldiro-geldiro, lehengo kolorea, giroa eta aborrotsa agertzen hasi dira.

Bizkaie!-ren hemerotekan (Hong Kong-en ganeko erreportajeak Bizkaie! Aldizkariaren 2 eta 3 zenbakietan eta Singapurren ganekoak, barriz, 7, 8 eta 9 zenbakietan topauko dozuez).