Euskaldunok munduan  II. urtea // 27. zenbakia - 2003ko bagilaren 1a

Euskaldunak Louisianan AEBetara batu baino lehen

1803. urtean batu zan AEBetara Lousiana baina aurretik baegozan euskaldunak lurralde horretan


Goitia jn.ak adierazo dauenez, Nueva Orleanseko portuko antxinako sarrera liburuetan ezagunak egiten jakuzan izenak agiri dira, besteak beste, Eugenain, Boblez, Arrio, Goyarte, Maza edo Oizu. Horrezaz ganera, Hondarribiko Agustin de Cutanda-Hortz eta Elena Agapita De Bassa-Langia senar-emazteak, Baionako Lorenzo De Meliandez-Latapie, Azkaineko Felix Monseguren-Naguilla eta askosaz gehiagok argi erakusten dabe euskaldun ugari sartzen zala portu horretatik.

Louisiana zein inguruko estaduetako euskaldunentzako hitzordua: bagilaren 7an, Metairieko San Frantzizko Jabier Eleizan (444 Old Metairie Road).

Bizkaie!

Aurten 200 urte beteko dira Louisianaren Erosketa ospetsu haretatik. Horren bitartez, jaiobarri egozan AEBetara batu zan lurralde zabal hori eta, dinogun lez, euskaldunen presentzia esanguratsua izan zan lurralde horretan. Urteurren bereziaren harian, euskaldun talde batek Louisiana inguruan jaio edo bizi diran aberrikideei dei egin deutse alkarte edo euskal etxe bat sortzeko aukerea aztertzeko; horrezaz ganera, euskal kulturea eta nortasuna babesteko eta suspertzeko asmoagaz, aurrerantzean topaketa, jardunaldi eta era guztietako jarduerak antolatzeko aukerak aztertzea da deialdiaren asmoa. Hitzordua bagilaren 7an izango da.

Ekinbidearen bultzatzaile nagusienetakoa Mikelandoni Goitia, Kanadako Euskal ikerlaria da. Luzaroan Espainia eta Frantziaren eraginpeko lurraldean, euskal jatorriko persona eta familien presentzia goiztiarraren ganeko azterlana egiten dago Goitia jn.a. Louisiana orain 200 urte AEBen esku geratu zan baina hori baino lehen, hegoaldeko estaduen historian euskaldunek zeresan handia izan ebela adierazo dau Goitiak, nahiz eta Euskal jatorriko familia askoren izenak gezaturik dagozan, besteak beste, Frantzia, Espainia eta Ameriketako kulturen eraginez.

Kanada eta Nueva Orleansen zehar

Mikelandoni Goitia ikerlariaren esanetan, euskaldunek zuzen-zuzenean parte hartu eben hegoaldeko bost gune nagusien kolonizazinoan: Pensacola Floridan, Biloxi Mississipin, Mobile Alabaman, Nueva Orleans Louisianan eta San Antonio Texasen. Euskaldun gehien Nueva Orleans inguruan egon zan antza; sasoi haretan, munduko uririk aberatsenetakoa zan eta bigarren porturik garrantzitsuena Rotterdamen atzetik. Goitia jn.aren esanetan, Nueva Orleanseko portu horretara heltzen ziran Ipar Ameriketarako txartela eroien euskaldunak.

Gauzak holan dirala, Kanadatik etozan euskaldunak osogai garrantzitsua izan dira sasoi haretako Louisiana zabalaren historian, gehienbat Iparraldekoak baina baita Hegoaldekoak be. Lousiana zabala aitatzen dau Goitia jn.ak, izan be, Frantziari lurralde hori erosi eutsenean, gaur egungo Lousiana ez eze, gaur Arkansas, Missouri, Iowa, Iparreko Dakota, Hegoaldeko Dakota, Texas, Mexiko Barria, Nebraska, Kansas, Wyoming, Minnesota, Oklahoma, Kolorado eta Montana estaduak be sartzen ziran.