Uek (Ganbaratik)
Etxeko ganbaratik harako diskoa, Jesus Mari Agirretxearen (KEU) bigarrena
1. Zelako kontzertua izan zan 24koa Ondarrun?. Lezokoaren ondoren, zer?
Etxean, Ondarrun sekulako giroa egon zan eta aretoa jentez ganezka. Ondarroakoa diskoa aurkezteko lehen kontzertua izan zan eta dinotsudan lez, oso gustora geratu gara. Lehen diskoko kantu batzuk be jo genduzan eta oraindino argitaratu bako beste kantu batzuk be bai; soinua eta proiekzinoak primeran eta jentea bolkata, zer gehiago behar dogu ba?...
Lezokoa bigarren aurkezpen kontzertua izango da eta gero atsedenaldi txikia hartuko dogu irailera arte, gitxi gorabehera; tarte horretan, jenteak diskoko kantuak hobeto ezagutzea da asmoa, uda ostean edo, barriro zuzenekoei ekiteko. Gure musika eskaintzea ez dot pentsetan jairik jai ibiltekoa danik; lehenengo diskoagaz be kontzertu gitxi emon genduzan eta, aurten, gauzak serioago planteau badoguz be, udagoien eta neguko zirkuito horretan gustora ibiliko garala uste dot.
2. Diskoa etxean grabetea zelako esperientzia izan da?
Oso ona, benetan gustora ibili naz, nire erritmora kantuak sortzen eta grabetan, soinu eta melodiakaz esperimentetan; askatasun osoa izan dot nire etxeko ganbaran. Makinatxu bat ordu emon dodaz bertan eta hori estudio profesional baten ezinezkoa izango zan, besteak beste, estudioetako orduak benetan karu dagozalako. Jakina, alde txarrak be izan leikez etxean grabeteak ze horretarako dagoz profesionalak; hori bai, etxean estudioa izateak asko errazten ditu gauzak esperimentazinoari eta kantuen konposizinoari begira eta nik gurago dot holan jokatu. Oso gustora geratu naz diskoagaz.
3. Musika estilo asko nahasten dozuz disko honetan aurrekoan bezela; barrutik holan urtetan deutsulako?
Holan da, kantuak barrutik datoz aldez aurreko asmo barik; ganera, disko honetan, kantu bakotxak bere tratamentua izan dau, hasieratik amaierara. Estiloak nahastetearena ez da apropos egindakoa izan, erritmoak, soinuak eta melodiak izan dira nire ardura nagusia.
4. Xabi Pery, Toni Carmona, Raimundo Amador, Steve Vai, Yngwie Malmsteen ala beste gitarrajoleren bat gurago?
Horreek danak oso onak dira baina nire gitarrajolerik gustokoena Alex Lifeson (RUSH) da. Dana dala, Jon Scofield eta Frusciante be asko gustetan jataz eta zerrenda osoa emon beharko baneu papel asko beteko zeunkez.
5. KEU gehiago (ahots eta guzti) eta kolaborazino gitxiago dagoz 'Ganbaratik' diskoan.
Bai, lehenengo diskoan kolaborazinoak gehiago ziran; oraingoan, nik gehiago emon dot, nireago sentiduten dot 'Ganbaratik' diskoa. Estudioa 24 ordutan etxean izatea oso lagungarria izan da konposizino eta grabazino beharrerako. Edozelan be, oso gustora geratu naz disko honetan izan diran kanpoko ekarpen horreekaz.
6. Geldi egoten ez dakian horreetarikoa zara. Makinatxu bat proiektutan ibili zara edo zabilz eta laster HOMO taldearen beharra ezagutuko dogu. Zenbat arlo, talde edo proiektutan jarraitzeko asmoa dozu?
Orain UEKen promozinoa egiteko eta lehen kontzertu bi horreek emoteko indar eta ilusino handiagaz gagoz eta negu partean edo, HOMOren lehen diskoa atarako dogu, Iban Zugarramurdik, Juanito Sangrek, Mikel Arakistainek eta nik. Indar-rock edo antzeko zeozeren inguruko esperimentua da; talde barruan kriston konekzinoa dogu eta hori abestietan igarriko dala pentsetan dot.
Ondarrutar honek 15 urtegaz hartu zituan kitarrako lehenengo eskolak eta geroago Hilobi, Kti, Psychophony, Etsaiak eta Zain lako taldeetan ezagutu dogu eta Parasma, Txapelpunk eta Ileon taldeetan kolaboratzaile ibili da. Orain 3 urte Uek proiektua aurkeztu eban: musika elektronikoaz eta ordura arte Euskal Herrian larregi jorratu bako bestelako estilo batzuez ganezka. Hiru urte pasau ostean, 'Ganbaratik' diskoa argitaratu dau, new age, hip-hop, rap, acid house, jazz rock, funky eta progresiboaren zein musika elektronikoaren ukutuakaz.
Izenburuak dakarren lez, etxeko ganbara-estudioan ordu askotan esperimentazinoaren bidea jorratzen eta doinuak ahalik eta landuen sortzen ibili ondoren grabautako diskoa da horrek dakartzan abantaila eta desabantailakaz.
Aurkezpen kontzertu bi aurreikusi ditu: lehenengoa maiatzaren 24an eta bestea bagilaren 12an Lezon. Musikea eta proiekzinoak buztartzen ditu Keuk kontzertuetan eta horretarako Biako Mutrikuarren laguntzinoa dauka.