Asiatik heldutako negu baltza
Izurrite Baltza Euskal Herrian
Izurriteei aurre egiteko bideak
Izurritea agertzen zanean, beti be antzeko neurriak hartzen zituen: izurriteak jotako lurrak zarratu egiten ziran. Beraz, ezinezkoa zan bertara lagun eta merkantziarik sartu eta atara. Bideak jagoten ziran, kasu batzuetan gudariak erabiliz eta aginduak zorrotz betearazoz. Gero, usain gozoko bedarrak erabiliz, suteak biztu eta etxeak eta herriko kaleak lurrineztatzen ahalegintzen ziran, suteek eragindako kea erabiliz. Bai pobre edo behartsuak zein eskaleak, herritik kanpo botaten zituen eta bardin egiten eben abere batzuekaz, berbarako txarriakaz. Herriak zarratuta eukiteak ondorio eskasak be eragiten zituan eta, besteak beste, herrietara jateko, edateko zein izurritearen kontra egiteko 'botikak' sartzea ia-ia ezinezkoa zan eta egoerea konponbidean jarri beharrean arazoak larriagotu egiten ziran. Etxe batzuk hutsitu eta gaixoentzako erabilten ziran, batzuetan osatzeko asmoagaz, baina beste batzuetan, bertan sartu, etxeko ate eta leihoak zarratu eta barrukoak hilten ixteko.
Jateko eskasiak herritarrei eragiten eutsen ahultasuna ikusita, gaixoa zabaltzeko aukerea egoala jakinik, herrietako agintariek aparteko ahaleginak egiten zituen herritarren artean jatekoa doban emoteko: ogia, urdaia, okelea, sagardaoa edo ardaoa izaten ziran gehien banatutako jateko eta edatekoak.
'Botiken' aldetik, ezin eben gauza handiegirik egin eta, beraz, helburua, natureak egin beharrekoa arintzea izaten zan, hau da, gaixoaren eraginezko zauriak sikatuten laguntzea. Horretarako, bedarrez egindako bendatxuak edo izerdia botateko usain gozoko bedar egosiak erabilten zituen. Bestelako neurri batzuk be baegozan: odol-atarateak edo zaurien jarraipena. Dana dala, neurri horreek ez ziran oso eragingarriak eta esan leiteke % 20 baino gitxiago osatzen zirala holako neurriakaz.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Egunotan, prentsan eta irrati eta telebistetan Asiako, baina batez be Txinako neumonia ezezagunaren eraginaren barri emoten deuskue.
Gaiaren harian, Europak eta Euskal Herriak sufridu dituen beste izurrite batzuen barri emongo dogu. Mendeetan zehar hainbat izan dira izurriteak baina gogorrenak Erdi Aroan izandako Izurrite Baltza eta Aro Barrian, 1597tik, 1602ra bitartean izandakoak dira gorrienak eta ondorio latzenak ekarri zituenak.
Izurrite Baltza, 1348 eta 1349 urteetan zabaldu zan Mendebalde guztian. Sortaldetik etorren eta bere iturburua sagu eta arratoietan egoan. Geroago, sagu eta arratoietatik eulietara pasau zan eta, azkenik, eulimandoen ziztadakaz gizakiek hartzen eben gaixoa. Asiatik merkataritzarako erabilten ziran asto eta ganbeluen bidea jarraituz, edo batetik bestera ebiltzan ontziak eta garraiobideak erabiliz zabaldu zan, Asiatik, Afrikara, Alejandriara eta handik Europara, Konstantinoplak eskaintzen eban 'zubia' aprobetxauta. Gauzak holan dirala, ez da turdiduta geratzekoa izurritea, portu eta uri nagusietan izatea batez be latza, leku horretara joiazalako merkatariek erabilitako bide nagusiak.
Gaur egun, badakigu jakin zerk eragiten eban izurritea, baina XIV. mendean gauzak ez egozan hain argi. Kontuan izan behar dogu medikuntzea be ez egoala bape garatuta eta garbitasunaren eta jateko eta edateko hobearen alde egiteaz aparte, orduko medikuek ez eben zeregin handiegirik. Dana dala, ardurea handia zan eta gaixoaren zergaitia jakin guran, onartutako arrazoiak sinismenean eta sasoiko aurreretxietan oinarritzen ziran: zabal ebilen gizon-emakumeek izandako erlijinoaren kontrako jarrerearen ondorioa baino ez zala izurritearen zabalkundea. Beraz, haren kontrako neurriak hartzerakoan, Jaungoikoa pozik eukiteko asmoz, prozesinoak, eskaintzak eta erlijinoaren kontrako ekintzen salaketea, berbarako bizitza 'alaiko' maripurtzil edo prostitutak herritik kanpo bialtzea lakoak ziran hartzen zituen neurriak. Urte batzuk geroago pasau bazan be, urte haretan izandako beste izurrite gogor bat zala-eta, Hondarribin 1598an etxe eta baserri guztiak hankaz gora ipini eta gero, hamazortzi edo hogei emagaldu herritik kanpo bota zituen.
Lehen esan dogun lez, erlijinoak zerikusi argia eban izurriteen zergaitietan bai behintzat herritarren pentsamentu eta ideietan baina emakumeek eurek be baeben zerikusia. Hainbat lekutan izurriteen ganeko kontu edo barrietan, emakumeak beti egozan izurriteagaz hartu-emonetan.
Euskal Herria ez zan kaltetuenetariko lekua izan baina zozelako eragina izan eben izurriteek gure lurretan. Eremu bi bereiztu geinkez: alde batetik, hego parteko lurrak, hau da, Nafarroa osoa eta Arabako hegoaldea, batez be, Arabako Errioxa. Beste eremu bat, iparreko lurrek osotzen eben: Iparraldeko kostaldea eta barrualdea, Gipuzkoa eta Bizkaia. Bigarren eremu horretan, Izurrite Baltzaren eragina ez zan asko igarri banaka batzuk gaixotu baziran be.
Nafarroan, Ebro ibaiaren inguruko lurretan izan zan handiagoa izurritearen eragina; nahiz eta datu askorik ez izan, esan leiteke eskualde horretako herritxu gehienetan herritarren herena eta erdia bitartean galdu zala. Berbarako, Ega ibaitik hur dagoan Lerinek 1330ean 549 sute (gitxi gorabehera sendiak) bazituan, hogei urte geroago, 1550eko izurritearen ondoren, 282 baino ez ziran geratzen. Zeozer iparralderago, 1330. urtean 658 sute egozan Larragako herrian eta 1350ean, barriz, 237 baino ez ziran geratzen.