Jan-edanak  II. urtea // 27. zenbakia - 2003ko bagilaren 1a

Okelea


Okelearen koipearen gehiengoa saturatua edo osasunerako arriskutsuagoa da; dana dala, okela klase batzuk aberatsak dira koipe insaturatuetan eta horreek osasunerako askosaz hobeak dira. Okeleak kolesterola be badauka.

Mineralei jagokenez, okelea burdinean da aberatsa eta gainera okelearen burdin mueta gure gorputzak oso ondo absorbidu eta erabili leike (landareena baino hobeto). Zinkean be aberatsa da okelea.

Bitaminen artean, B taldeko bitaminak aitatu behar doguz: niazina, B1, B2 eta batez be B12 bitamina. B12 edo zianokobalaminaren bakotasunak anemia megaloblastikoa eta trastornu neurologikoak sortarazoten ditu eta landareetan ez dagoanez, persona barazkijaleak kontu handiz ibili behar dira bitamina horregaz eta aberastutako beste iturri batzuetatik hartu beharko leukie (berbarako zianokobalaminan aberastutako garagar legamiatik).

Azkenburukoa

Txinan azken urteotan (eta neumoniaren istorio triste eta tamalgarria hasi aurretik) obesidadearen arazoa asko ugaldu da eta hori mendebaldeko jateko ohiturak bereganatzen hasi diranetik igarri da. Jateko moduaren aldaketan garrantzitsuena okelearen kontsumoa izan da, bikoiztu egin dalako: 1957an 26,5 Kg/urteko zan persona bakotxeko eta 1994an 47,7 Kg/urteko. Okeleak proteina asko dauka baina koipea be bai eta, beraz, koipe gehiago eta arroz gitxiago jaten hasi diranetik geroago eta obesidade arazo handiagoak ditue. Adibide horrek argi erakusten deusku koipe kopuru handiak ez dirala orioagaz bakarrik hartzen.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.

Historiaurrean gizakiak kazeruak ziran eta animaliak atrapetan zituen jateko, gero artzaintzea hasi zan animalia bedarjaleakaz batez be eta txarria lako orojale batzuekaz (arraroa da gizakiok animalia okelajaleak geuk jateko haztea). Geroago, Euskal Herrian baserrietan hazten genduzan animaliok eta gaur egun granjetan be bai.

Ekologikoki karua da

Kontuan hartu ekologikoki askosaz karuagoa dala animaliak jatea landareak jatea baino: gizakiok okelatik Kilokaloria bakarra jateko animalia horrek 10 kilokaloria landare jan behar izan ditu eta animalia batek bere gorputzean gramo bat proteina sortu ahal izateko 4 gramo zereal jan behar ditu. Hau da, elikadura-katean eguzkiaren energia landareetara pasetako hainbat galtzen da, landareetatik animalia bedarjaleetara pasetan danean gehiago eta animalia okelajale batek beste animalia bat jaten dauenerako hasierako energiatik asko galdu da. AEBetan esaterako, sortzen edo produziduten dan zereal guztiaren % 80 animaliek jateko erabilten da, bertako biztanleek okela asko jaten dabelako.

Barazkijaleak diran personek apur bat adi egon ezkero, dieta orekatua patxadaz jarraitu leikien arren, guk datozen ataletan ondokoa landuko dogu: euskaldunon dieta tradizionala dieta mediterraneoaren barruan sartzen dan ezkero, dieta mediterraneo horretan okelearen kontsumoaren gomendioa zein dan eta okelearen nutrizino berezitasunak zeintzuk diran. Okelea neurriz jan ezkero, gure dieta orekaturako lagungarria izango da eta 'gastu ekologiko jasangarriaren' alde egingo dogu.

Okelearen definizinoa eta mantenugaiak

Okelea lurreko animalien eta hegaztien masa muskularra da; ehizatutako animalien muskulua edo giharra be okelatzat hartzen da. Okelean ura da osogai nagusia (baldintza normaletan % 60-70) baina proteina, koipe, karbohidrato apur bat, mineraleak eta bitaminak be baditu.

Okelean mantenugai bereizgarriena proteinak dira: % 20 proteinea da eta gainera oso kalidade oneko proteinea, 8 funtzezko aminoazidoak dituana.

Batzuetan, okelearen kolorearen arabera be sailkatzen dira: okela gorriak eta okela zuriak. Kolore gorria mioglobineak emoten deutso okeleari: mioglobina burdina daben muskuluetako proteina bat da baina proteinei dagokienez, ez dago desbardintasunik okela gorriaren eta zuriaren artean.

Okelearen koipearen arabera sailkatu ezkero, alde batetik gihartsua izango geunke % 6 koipea izanik eta, bestetik, okela koipetsuak, azken honeen % 30 koipea dalarik; koipe kopuru horreek batez bestekoak dirala eta tarte bien artean be okelak badagozala kontuan izanda, jakina. Okelatako koipea gantzean eta okela beraren barruan be badago, 'koipe ikustezina' esaten jako, hau da, guk gantza kendu arren, okela koipetsua bada koipe hori muskuluagaz batera jaten jarraituko dogu.

Okelea saltzeko orduan, koipe kopurua eta jangarriak ez diran parteen kopurua garrantzitsuak dira eta, horren arabera, okelea kategorietan sailkatzen da:

- Lehenego mailako okelea: ia hondakinik ez dakarren ehun muskularra.
- Bigarren mailako okelea: ehun konektiboa eta ikusten dan koipea be badaukana.
- Hirugarren mailako okelea: koipe kopuru handia eta jatekoak ez diran (hazurrak esaterako) atalak dituana.