Eretxia  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

'Non man's land'

Laburbilduz, 'No man's land' pelikulea komunikazino faltea sortu eragiten daben gatazken ganeko parabola interesgarria da. Eta inork nahastetan baditu filmak jazoerak aurkezteko dauen modu atsegina eta konpromisoaren aldetiko arinkeria edo seriotasunik eza, horra hor gauzak bere lekuan jarten dituan amaierea.

Joseba Terreros Gaston

Behin Donostian eta Cannes-en sari garrantzitsuak irabazi eta ingelesez egin ez dan filmik onenari emondako Oscar saria eskuratu ostean, gauza gitxi esan daitekez film honen kalidadearen ganean; adjektibo arruntak erabilita, 'No ManĀ“s Land' pelikulea ona, ederra, baina, era berean, garratza eta ausarta dala esan leiteke. Garraztasuna, sarritan, ikusleei mezu gogorra helduarazoteko bitartekorik burutsu eta zuhurrena izan ohi da. Persona gitxiri interesetan jako erraiak korapilatzeko moduko film baten gordintasuna ikustea, eta, horregaitik, komediaren alderdi adeitsu eta gozoaren azpian, Danis Tanovic bosniar zuzendariak labankada ederra emoten deutso gerrearen zentzunbakokeriari.

Balkanetan izandako gerreari guztiz begiratu kritikoa egiten jako. Baina ez da edonoren begiradea, ezpada Bosniako indarren lubakietan babestu, minez jositako zelaiak zapaldu eta NBEren indarren geldotasuna ikusi eban persona baten ikuspegia.

Izan be, Serbia eta Bosniaren arteko burruka latz eta odoltsuak izan ziran bitartean, Tanovic-ek Bosniako gudarostearen artxiborako dokumentalak egiteko ardurea izan eban, eta, horri esker, bertatik bertara jakin eban filmean fikzino modura eskaintzen deuskuzan egoera zentzunbako eta esperpentikoen moduko hamaikatxu jazoeren barri. Zuzendari honen helburua, dana dala, ez da bere herriaren alde agertzea, egia bada be, Milosevic buruzagiak garbiketa etnikoa bultzatuz egindako hainbat irudi dokumental sartzen dituana. Tanovic-en helbururik behinena, azken baten, gerrearen burubakokeria eta absurdua agirian jartea da, gatazkak gehienetan arrazoi historiko eta justiziazkoez janzten diran arren. Buruzagien itsukeria salatzen da, bosniar patruilak pelikulearen hasikeran, laino artean galdukeran, bizi dauen esperientziaren antzeko itsumena.

Galdu eta sarraskitutako patruilatik antza bizirik urten dauen kide bakarra, Ciki, isolatuta geratu da inoren eremuan ez dagoan lubaki baten. Ingurua ikuskatzeko, serbiarrek beteten daben ohiko zereginaren ondorioz, Nino be leku berera ailegau da. Egoera absurduak, ageriko komikotasun zein gizatasun ukutuak dituenak txandakatuko dira armak eskuan dituan protagonistearen arabera: soldadu biak erdi biluzik ikusi doguz laguntza eske, gerreari zein bandok ekin eutson eztabaidatzen edo aspaldiko neskalagun baten ganean berba egiten. Ganera, ikuskizun esperpentikoa eta barregarria baina, aldi berean, negargarria azalduko jaku lubakia NBEko soldaduz eta nazinoarteko kazetariz beteten danean. Unekada baten adiskidetasuna eta trentina nagusituko dirala emoten dau, baina bizirauteko senak eta boterea dabenen baldarkeriak (militarrak eta prentsa) zapuztuko dabe gizatasunaren kimu sortu barria.

Gerreari egindako kritika zorrotza

Arean be kritika gogorragoa NBEren esku-hartze indarrei 'pitufoei' eta beren beregi goi agintariei egiten jakena; izan be, euren azaleko eta helburu bako jokabidearen ondorioz, ankerkeria honen protagonista nagusi bihurtzen dira. 'Ez dago neutraltasunik, hilketak izaten diran bitartean' aitatzen dau Britainia Handiko telebistako erreportari batek bere emonaldietako bat amaitzeko esaldi biribil lez. Baina, kazetari honen geldotasuna eta hipokresia be agirian jarriko dira azken sekuentzian, kanpora begirako irudiagaz besterik arduratzen ez diranen jarrera guzurti eta anbiguo baten isla modura.

Halandaze, komunikabideak be zuzendari eta gidoigile honen kritika errukibakoaren helburu dira. Filmean egia topetan ahalegintzeko ausardia emoten bajake be, segiduan arpegiratzen jake albiste hutsaren bila ibiltea, personen sufrimentua eta samina kontuan hartu barik. Komunikabideak 'gure mina besterik erakusten ez dozuen saiak zarie' dinotse zauritutako soldadu batek, lubakian 'lehertzeko' zorian dagoan show-a ikusi eta gero. Egoera latz eta hunkigarrian dagozan personak alkarrizketatzea eta horreen irudiak ataratea da kazetarion helburu bakarra eta ez dabe garrantzitsua azaleko kontu bihurtzeko ezelako zalantzarik.

Ondorioa, amaieran ondo be ondo islatzen dana, gerran trentina galdutako personek sentiduten daben bakardadea eta babesik eza baino ez da, bizia galtzerainoko sentipen absurdu eta ulertezina

Tabonic-ek erakusten deuskuzan eszenatokia eta antzezkizuna errealistak dira eta istorioa ukutu tragikomiko bati esker garatzen da. Zinismoz beteriko komedia baten itxurea emonda, bete-betean asmau dau zuzendari honek; izan be, bide bakarra da hain gai gogor eta serioa ikusle guztiakana ailegau daiten, morbo eta manikeismoaren arbuio barik. Benetan meritu ukaezina da honen moduko gai gatxa eta gogorra ikuspegi komiko eta ludiko batetik aztertu izana, beti be hunkigarritasun eta gizatasunari eutsiz, baina dramatismo merkean eta zurian jausi barik. Ganera, txalotzekoa da satirearen eta dramearen arteko oreka korapilatsuari eutsi izana, inkoherentzian sartu eta agiriko beherakadarik izan barik. Azkenik, eskertu beharra dago filmaren gerra-pasadizo honek guztioi helduarazotea gatazken kontrako balio unibersaleko mezua, baina panfleto bakezaleei darien sundea alde batera itxita.

Istorioaren pisuari lubakian zauritutako soldaduek eusten deutsie; ganera, naturaltasun eta berezkotasun handiz antzeztu eta beteten dabe bertan zer egiten dabilen ez dakian bihotz oneko jente arruntaren rola. Edozelan be, merezimenturik handiena gidoiari emon behar jako, berori da-eta gatz eta piperrez ondo baino hobeto horniduriko istorio hau zehaztasun eta freskotasunaren bidetik gidatzen dauena. Istorioaren kontakizuna zuzendariak bizi izandako errealidadetik nahiko asao egin da; horrek jarrera ironiko eta garratza hartzen laguntzen dau, bai eta gaiaren maminera heltzen be: gerrearen ondorioz, personak duintasunaren zentzuna eta gizatasuna galtzeko gauza izatea.