Iratxe Garcia: 'mundu osoko jentea ezagutuko dot Quetzal Ibilbidean'
Quetzal Ibilbidea 2003
Quetzal Ibilbidea 1979an sortu zan Espainiako Erregearen iradokizunari erantzunez eta gazteen artean Iberoamerikar Erkidegoaren oinarriak sendotzeko asmoagaz. Gaur egun, interes nazionaleko programatzat dabe Puerto Rico, Haiti, Jamaika eta Errepublika Dominikarreko gobernuek eta interes Unibersaleko jardueratzat, ostera, UNESCO Erakundeak. Ikasketak eta abenturea buztartzen ditu eta aurten 46 herrialdetako 300 gazte inguruk parte hartuko dabe; talde handi horretan, zazpi dira bizkaitarrak eta bakarra sopeloztarra: Iratxe Garcia Baiona hain zuzen be.
Aurtengo bagilean eta garagarrilean, Errepublika Dominikarrean, Puerto Ricon eta Espainian zehar ibiliko dira eta abentureari Santo Domingon ekingo deutsie, Kristobal Kolonek paradisoko mendietara egindako laugarren bidaia gogoratzeko. Kolon almirantearen ozeanoz handiko azken bidaia izan zan eta, badaezpada, gogoratu egingo dogu, hantxe, Santo Domingoko katedralean lurperatu ebela. Bestalde, Santo Domingon sortu zan ameriketako lehenengo unibersidadea.
Karibeko tontorrik altuena, 3000 metrotik gorako Duarte mendia zapaldu ondoren, Puerto Ricoko Mayagüez portura joango dira espedizinokideak eta Atlantiko ozeanoa zeharkatu ostean, Quijoteren IV. mendeurrena tarteko, Gaztela-Mantxa eta Gaztela-Leonen zehar eta Sevilla, Kadiz eta Bartzelona lako uriak bisitauko ditue. Quetzal Ibilbidea Madrilen amaituko da Madrileko Komplutense Unibersidadean.
Miguel de la Quadra Salcedoren zuzendaritzapean, abenturea ez eze jarduera akademikoak be berebiziko garrantzia dauka egitarauan eta mintegi, tailer eta berbaldietan parte-hartzeaz ganera, Karibeko kultura prekolonbinoak, arraza, erlijino eta ohituren mestizajea, astronomia, ameriketako barroko musikala eta bestelako gai batzuk aztertuko ditue bidaiariek.
Getxoko Artaza-Erromo Institutuan Humanitateko Batxillergoko lehen mailan dagoan Iratxe Garcia Baiona aspadian dabil Quetzal Ibilbidean parte hartu guran eta aurten bagilaren 20an ekingo deutso abentureari.
1. Zorionak Iratxe. Azkenean lortu dozu baina zergaitik horrenbeste interes Quetzal Ibilbidean parte hartzeko?
Eskerrik asko. Bueno, amesa aspalditik dator, urteak dira telebistan lehenengoz ikusi nebala Quetzal Ibilbidearen ganeko erreportajea; sasoi haretan, Perun egozan parte-hartzaileak, Machu Pichu ingurune zoragarrian hain zuzen be. Ordutik, betidanik izan dot gogo handia holako lekuetara joateko eta, urtero egin dot Quetzal Ibilbidearen jarraipena; parte hartzeko derrigorrezkoa da 15 edo 16 urtekoa izatea eta, beraz, itxaron egin behar izan dot; halan da ze, igaz egin neban lehen saiakeratxua, quetzal txoriaren ganeko beharra aurkeztu neban baina ez ninduen hartu. Aurten, esperantza larregi barik, barriro aurkeztea erabagi dot eta, hori bai, beharra egiten ordu asko sartu dodaz. Karibeko taino, karibe eta arawak tribuei buruzko azterlana egin dot eta antza gustau jake. Pozarren nago eta bagilaren 20a noiz helduko zain ze aurtengo Ibilbidea, Jamaika, Puerto Riko eta Errepublika Dominikarrean zehar izango da eta leku ederrak dira.
2. Hautagaien aukeraketa prozesuan, 86an edo 87an jaiotakoa izatea eta lan bat aurkeztea nahitaezkoak izaten dira baina horrezaz ganera, espediente akademikoa eta bestelako meritu batzuk kontuan hartzen ditue antolatzaileek: ikastaroak, sariak, tituluak...; zelako beharra eta merituak aurkeztu dozuz?
Nik pentsetan dot hautagaiok aurkezten dogun beharra izaten dala erabagiorrena baina, bai, klaseko notak be eskatzen ditue. Oinarrietan irakaslearen gomendio gutuna eta bestelako titulu, ikastaro edo merituak be aitatzen dira baina nik behintzat ez dot holakorik aurkeztu. Beharrari jagokonean, hamaika gai egozan aukeran, besteak beste, afroamerikar tradizino, erritu edo ohikune eta erlijinoak Kariben, Haitiko naif pinturea, Jamaika 1503: abentura kolonbinoa, Karibe: filibustero, bukanero eta piratak eta nik neuk aukeratutakoa, hau da, Karibeko arawak, taino eta karibe tribuen ganekoa. Kristobal Kolonek topau zituan lehenengo gizakiak eta film askotan ikusi doguzan kanibal edo gizajaleak ziran, Amazoniatik etorritakoak. Informazinoa batzea gogorra izan da ze Interneten ez dago gauza larregirik eta liburutegiak be arakatu behar izan dodaz; kontua da ze, ameriketako kultura garrantzitsuenak maya eta aztekak dirala eta horreen ganean informazino ugari dagoala baina ez, ostera, aitatutako tribu horreei buruz. Arraroa egin jat hain informazino gitxi egotea eskuragai.
3. Alde fisikoa be landu beharko zendun segurutik ze ibilaldi luzeak eta abenturea be osogai garrantzitsuak izango diralako, ezta?
Aukeratu ninduela esan eustienean, berehala ekin neutson alde fisikoa lantzeari. Egunero joaten naz uger egiten eta, ahal dodanean, mendira be osterak egiten dodaz. Astegoien gehienetan Burgos aldean ibilten naz eta hango mendietan ibilaldi asko egin dodaz. Horrezaz ganera, ahalik eta ondoen eta orekatuen jaten ahalegintzen naz ze badakit gero han ez dodala etxeko moduan jango...
4. Abenturea eta ikasketak buztartzen ditu Quetzal Ibilbideak. Abenturazalea zara ala ikasle fina?
Biak esango neuke. Abenturazalea gehiago hori bai, ikastea ez jat asko gustetan baina horretan be ez naz txarra (nik esatea ez dau ondo emoten baina...), historia ikasgaia da gehien gustetan jatana eta aparteko ahaleginik egin barik geratzen jataz datuak buruan. Abenturearen eta ikasketen artean aukeratu behar izan ezkero, duda barik abenturea aukeratzen dot, natura, fauna eta haize zabalean ibiltea maite dodazalako.
5. Euliak, zomorroak, beroa, gaixotasunak, lurrean lo egin beharra, jateko desbardina...; arazotzat ala abenturako osogaitzat hartzen dozuz?
Holako egoerarik ez dot 'sufridu' orain arte eta, oraingoz, abenturako osogai legez ikusten dodaz horreek danak; gero gerokoak, abenturan bete-betean sartzen nazanean, segurutik arazotzat hartuko dodaz. Orain emozinoa da nagusi, txertoak jarten be orain hasi naz, oraingoz bi izan dira eta badinotsut, alde txarrik ez dot ikusten.
6. Quetzal Ibilbideak parte-hartzaileei ekipo osoa emoten deutse eta gastu guztiak be pagauta dozuez. Maletan zer sartuko dozun badakizu honezkero?
Bueno, gastuak pagauta doguz eta gauza asko emoten deuskuez baina ez ekipo osoa. Gomendioak emoten deuskuez, zelako erropak, zenbat kamiseta eroan behar doguzan eta antzekoak. Gauza larregi eroatea be ez da komenidu ze gero norberak eroan behar dau motxilea lepoan eta esan deustienez, guztia aldean daroagula, oinez ibilaldi luzeak be egin beharko doguz. Egia esan behar badeutsut, oraindino ez dot pentsau zer sartuko dodan baina pisu askorik ez dot eroan gura, gero hainbat gauza faltan hartuko badodaz be.
7. Miguel de la Cuadra Salcedo da Quetzal Ibilbidea Espedizinoko zuzendaria. Bagilaren 20an ezagutuko dozu ganerako parte-hartzaile guztiekaz batera ala arinago alkartzekotan zarie?
Ez, egun hori baino lehen ez gara alkartuko, azken orduko barririk ez badago behintzat. Madrilen daukagu hitzordua jarrita eta ordura arte ez gara ezagutuko. Orduantxe jakinarazoko deuskue zein taldetan egongo garan, zeintzuk izango diran gure begiraleak eta momentu horretan alkartuko gara lehenengoz parte-hartzaile guztiak.
8. Aurten, 300 parte-hartzaile izango zarie. Lagunak egiteko be aukera ederra, ezta?
Duda barik. Abentura honetako konturik politenetakoa da hori. Mundu osoko jentea ezagutuko dogu, geureagaz zerikusirik ez daben kultura, ohitura eta barriak jasoko doguz zuzen-zuzenean eta hori oso aberasgarria izango da. Hizkuntzearen aldetik, ez da egongo arazorik ze 46 herrialde desbardinetakoak alkartuko bagara be, oinarrietan argi dago parte-hartzaile guztiok gaztelaniera maila ona izan behar dogula; gainera, ingeleraz be berba batzuk esateko ez dogu izango arazorik.
9. Pare bat hilebete egongo zarie etxetik kanpo, lagunak ikusi barik, eskuko telefono barik...; zer botako dozu faltan gehien?
Segurutik lagunak eta familia be bai...apur bat. Etxeko erosotasunen faltea be igarriko dot, batez be, egunak aurrera joan ahala. Horrezaz ganera, komunikazino faltea be gogorra izango dala pentsetan dot ze bidaia osoan zehar, birritan baino ezin izango dogu berbarik egin telefonoz eta, seguru antzean, aukera horreek biak familiagaz gastauko dodazanez, lagunen barririk ez dot izango pare bat hilebetetan. Orain arte, egun asko kanpoan egin dodazanean, egunero erabilten izan dot telefonoa eta badakit gogorra izango dala komunikazino falta hori.
10. Etxekoek edo lagunek emongo eutsuezan aholku batzuk?
Lagunek ondo pasetako esan deustie, aukera guztiak aprobetxetako, holako aukerak bizitzan ez diralako asko egoten, akaso aukera bakarra izango dala. Etxekoek be antzeko aholkuak emon deustiez, denporea aprobetxetako, jenteagaz zabal jokatzeko, danakaz berba egiteko, ezetzik ez emoteko eta, azken baten, aukerea ez alperrik galtzeko. Egia esan, jente barria eta desbardina eta amesetako lekuak ezagutzeko emon neban izena Quetzal Ibilbidean.
Koldo Isusi Zuazo