Eskola Euskalduna Ez Da Oraingoa
Batzuetan uste eta esaten danaren kontra, euskerea ardatz dauen euskerazko irakaskuntzearen aldeko lana ez da oraingoa. Horren erakusle, oraintsu, garai bateko andereñoek-eta Jaurlaritzearen aldetik jaso daben autormena. Izan be, XIX. mendean ezarri ziran Frantzian1 eta Espainian2 euskerea itoteko3 tresna ahaltsua bilakatuko ziran eskolagintza barriaren oinarriak. Orduan hasi zan eskola euskaldun edo, gitxienez, elebidunaren aldeko eskea, 1873-75 bitartean, estadu karlistaren ahaleginak dira horren lekuko. XX. mendearen hasieran, bestalde, Eusko Ikaskuntzeak eskola barri eta euskaldunaren oinarriak4 landu zituan. Kanpionek eskola publikoa kritikau eban harek euskereagaz eukan jokabideagaitik. Azkuek, barriz, 1896an, bere ikastetxea edegi eban.
1914an, M. Muñoak5 Donostiako Koruko Andra Mariaren Ikastetxea sortu ebanean, garai haretako mobimentu politikoaren eta intelektualaren emoitzea ikusi zan: Ikastolak. Mugarri sano garrantzitsua. Gerora, euskerearen iraupen, gaurkotze eta zabalkundeagaz estu-esturik agiri ohi dan gizarte mobimentuaren sorrerea. Horren ostean, han-hemenka ikastola barriak zabaldu ziran. Esan daidan sasoi haretako ikastolek aldarrikatzen eben hezkuntza-eremuaren ezaugarri nagusiak zeintzuk ziran: herritarra, gizarte-klase guztiei edegia, euskalduna, kristinaua eta pedagogia-korronte barriei edegia.
Hain zuzen, orain dala hirurogeita sei urte faxistek Gernika erraustu ebelarik, jazoera lotsagarri ha abertzaleei egotzi nahian ari ziranen guzurrak agirian laga eta nazinoartean jazotakoa zabaltzeko asmoz frantziar kazetari bati erakustera joian, eta gurasoek Mungian eben etxearen izena hartu eban, Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'-k 1931n bere alderdiko -EAJ- diputaduakaz batera Madrilera joan zan, Euskal Herriko eskoletan elebitasuna eskatzeko. Halan da be, beste esperientzia eta desio asko legez, Espainiako Gerra Zibilak, aldi baterako behintzat, ikastolen desagertzea eta eskola elebidunaren aldeko aldarria, aldi ilun eta luze baterako sikeran, isiltzea ekarri eban.
Baina, herri hau, esanak esan, arazoak arazo eta mugak muga, ez da sekula errendidu, egoskor samarrak edo, hala nahi bada, burugogorrak izatearen emoitzea da, beharbada. Horren lekuko, 1944an, Muñoaren lankide izandako Elbira Zipitria. Ha Donostiara joan eta guraso-talde baten parte-hartzea tartean dala, etxean preparautako gela batean, eskolak euskeraz emoten hasi zan. Gaur egungo belaunaldiek baldintza gatxetan hazurmamitutako orain arteko ahaleginak jakin eta gogoan izan beharko leukiez, ezen egun euskeraz hezitzeko abagunea badabe, neurri handi baten, jente askoren lan saiatu eta, oraindik orain, erabat autortu bakoaren emoitzea baita. Baina, bueltatu naiten, haria galdu aurretik, Elbiragana. Izan be, haren beharra funtsezkoa izan zan, gerra aurreko tradizinoagaz lotura izateagaitik eta pedagogiaren ikuspegitik aplikau zituan ereduengaitik.
Denporearen joan-etorriak ez eze, agintariek, apurka-apurka, jarritako oztopo eta debekuak be gaindituz eta edegitako bidean urratsak eginaz, 50eko hamarkadan beste andereño eta guraso batzuek ikastolak edegi zituen Donostian, baita Bilbon be (1957). 60ko hamarkadea, ostera, hizkuntza kontuetan, baita kulturearen berpizkundean be, ugari eta emonkorra izan zan eta testuinguru horretan ikastolak be Euskal Herri osora edegi ziran (Iruñea -1963-, Gasteiz -1966-, Baiona -1969-, e.a.). Hamarkada honen amaieran, ikastoletan ziran preminei-eta erantzuteko asmoz, ikastolen antolamenduan beste urrats bat egin zan: Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batza (1969), gerora mobimentu bera gorpuztean eta bilakaeran garrantzi handia izango ebana.
Mobimentuak, 1970eko legalizazinotik aurrera, erakunde publikoen zeozelako laguntzinoa izan baeban be, gurasoek, profesionalek eta euskal gizarteak bultzatu eta eutsitako ekimena izan zan, batez be. Harik eta, diktadorea hil, euskal instituzinoak sortzeko urratsak egin eta horreen barrutik onarpena6 eta sostengu zabalagoa lortu arte. Hain zuzen, giro barri horren testuinguruan, hirurogeita hamarreko hamarkadearen amaieran eta larogeikoaren hasieran, eskola publiko estatalean euskerearen eta euskerazko irakaskuntzea sustatzeko aldarria zabaldu, nahia indartu eta hori guztiori lortzeko plangintzak burutzeko erabagi politikoak hartuko ziran, horreen artean, ereduak indarrean jartea. Baina, profesional gehien-gehienak erdaldunak7 ziran, bada, euskeraz eskolak emon ahal izateko prestakuntza saio zabala, luzaroan eroateko modukoa eta baliabide asko behar izan dituana garatu behar izan dabe instituzinoek.
Erramun Osa
(1) Guizot, 1833; Falloux, 1859; Ferry, 1879-82, Legeak
(2) 'Reglamento General de Instrucción Pública' (1821) urte batzuk geroagokoa dan Moyano Legeak (1857) zehaztu eta osatu ebana
(3) Puntu hau testuinguruan kokatzeari jagokonez, Estadu eta Nazino sentimentuak gorpuztean irakaskuntzeak izan dauen garrantzia historikoa gogoan hartu behar da. 'Hacer frente a este problema de la identidad significaba encontrar mecanismos aptos para generar y transmitir entre todos los segmentos de la población la idea central de la nación como máximo valor a respetar y que defender (...) Uno de los instrumentos imprescindibles en este proceso es la enseñanza pública'. Ludger Mees et al (1999) El péndulo patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco, I: 1895-1936 liburuaren 'Estado y Nación en España y Francia' (15. or.) ataletik hartua.
(4) Eduardo Landetaren lanak.
(5) Hain zuzen, datorren abenduaren 7an beteko dira berrogeita hamar urte hil zala Donibane Lohizunen Migel Muñoa.
(6) EAEko ikastolek, 1980an, 'eskola publiko ez estatalen' autormena eskuratu eben.
(7) Eta horreetako zenbait, euskerearen eta euskerearen irakaskuntzearen alde ez azaltzeaz batera gurasoen eskariei oztopoak jartzen ahalegindu ohi dira.