Eretxia  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Udal hauteskundeak baino gehiago?


Horrexegaitik, nik pentsetan dot esker abertzalearen zaleek baliodun botoa emon behar dabela hurrengo hauteskundeetan. Eta hauteskunde gauean hasita, normalizazino politikoaren alde agertu diranei sendo eskatu behar deutse botoemoile horreek aurrerantzako pausuak emon daiezala. Ez daitezela kudeaketa eta itxura hutsean geratu, izan be, horixe izango litzateke Alderdi Popularra gehien minduko leuken mobimentu politikoa.

Unai Jauregi

Hauteskunde kanpainan bete-betean gagoz. Udal eta Foru agintariak aukeratu behar badoguz be, Estadu eta Nazinoarteko kontuak be ugari dabilz komunikabideetan. Ez da harritzekoa, uste baino gehiago dago jokoan eta. Sarri askotan, hemen eta kanpoan, udal hauteskundeek udalerri mailako botere banaketea baino gehiago adierazoten dabe.

Historiari begiradatxua emon eta gogoratu daigun Espainako Bigarren Errepublikea udal hauteskundeen ondorioz sortu zala. Eta hain atzera jo barik, orain aste bi Bretainia Handiko udal hauteskundeetan herritarren hasarrea agirian geratu zan Tony Blairek nazinoarteko politikan erakutsitako jokerearen ostean.

Behin eta barriro protestaka agertu izan dira Alderdi Popularraren mitin eta agerraldietan. Huts egin eban Aznarrek Mestalla futbol zelaia beteteko orduan. Ez dago sinisterik oraindino ezelango inkesta edo sondeorik ez zabaltzea. Udal kudeaketeagaz zerikusi handirik bako kontuak be ez ete dira agertuko hilaren 25ean?

Hego Euskal Herrian badago beste faktore garrantzitsu bat. Ezker abertzale ofizialak ez dau zerrendak aurkezteko aukerarik izango. Ikusteko dago ze ondorio juridiko ekarriko dauen erabagi horrek. Argi dago Estaduko Botere Judizialak ez dauela kontrako ebazpenak kaleratzeko ausardiarik. Eta Europarako bidea luze luzea izango da.

Bien bitartean, betiko moduan, Euskadi gatazka politikoaren eremua izango da. PP eta PSOE kolpeka dabilz Estaduan eta Euskadin, ostera, musuka. Euren desadostasunak eta kontrako eretxiak alde batera geratzen dira euskal arazoari aurre egiteko. Harritzekoa da PSOEren jarrerea (edo ez hain harrigarria?). Iraken kontrako gerrearen aurrean, jarrera sendoa agertu dau PPren kontra. Baina bildur handiagoa deukotso Ibarretxeren plan politikoari Aznarren jarrera amerikazaleari baino. Madrileko botere handia harrapetako edozerk balio ete dau?

Ezker abertzalearen boto-emoileei baliobako botoa emotea eskatu jake. Testimonio ederra, baino baliobakoa. Hilaren 26an AuB, EH, Batasuna eta abarren afera juridikoak konpondu barik egongo dira oraindino. Eta gurpil zoro honek aurrera jarraituko dau. Zelakoak izango ete dira ondorioak?. Konstituzionalismoak pozarren hartuko ditu emoitzak abertzaletasunak oro har alkate eta zinegotzi gitxiago izango ditualako. Konstituzionalismoa Euskadin gorantza doala saldu gura izango deuskue. Irabazi egin dabela, beste modu baten esanda.