Sarean  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Hoax (Sareko guzurrak)


Hoax mezuen sailkapena

1.- Hondamendia edo zoritxarraren barri helarazoten deuskuenak: birus biologikoak, gaixotasun oso larriak, izurrite edo antzerakoak dira honeen gai nagusia. Iturrri 'ofizialak' adierazoten dira.

2.- Birus informatikoei buruzkoak: hauxe da gehien zabalduta dagoana. Tono guztiz alarmistea erabilten dabe. Sarritan barriaren iturburu moduan birus informatikoen kontrako enpresak aitatzen dira, McAfee edo Pandasoftware lako enpresak, baina birus barri horren informazinoa lortu gura izan ezkero, enpresa horreen web orrialdeetan sartzea lakorik ez dago eta han ikusiko dogu mezu hori benetakoa dan ala ez. Dana dala, guztiz arrarotzat edo susmagaritzat hartu behar dogu, birus hori benetakoa izanda be, holako enpresek mezu elektronikoen bidez informazinoa emotea.

Beste batzuetan, gure ordenagailuaren sistema operatiboko fitxeroren bat aitatzen dabe eta birusa dala esanaz, fitxero hori ezabatzeko gomendioa luzatzen deuskue.

3.- Alkartasun kateak: oso gaixorik dagoen persona baten kasua kontetan deuskue eta kate baten moduan, jasotako korreoa beste persona batzuei bialtzeko eskatzen jaku. Puntu honetan, kontuan izan badagozala egon benetako alkartasun kateak, baina holakoetan antolatzailearen web helbidea agertzen da eta helbide horretan, normalean, sinatzeko eskatzen jaku: Gurutze Gorria, Amnesty International edo antzeko erakundeen gainean nabil. Normalean, erakunde horreek ez deutse korreo kate horreei ekiten; edozelan be, batzuetan kanpaina zehatz baten harian, lagunak animetako eta alkartasun mezua adierazoteko, web helbidean sartuz sinadurea emoteko eskatzen deuskue.

4.- Zoriona eta suberte ona opatzen deuskuezan kateak: jasotako mezua hamar-hogei bat helbidetara bialdu ondoren, zoriona edo suberte ikaragarria izango dogula ziurtatzen deuskue. 'Benetako' kasu bat kontetan deuskue eta katea apurtzen badogu zoritxarra geure buruaren gainera erakarriko dogula be esaten jaku.

5.- Hiri legenda izenaz ezagutzen diranak: hemen, historio fantastikoak kontetan deuskuez. Bildurrezko historioak, ipuin antzeko kontakizunak eta nahiko ondo idatzita; batzuen ustez, sarean dabiltzan guzurrak baino gehiago literatura mueta barri bat izango litzatekez mezuok. Hona hemen helbide interesgarri bat: www.leyendasurbanas.com.

Holako hoax mezuak gure korreora heltzen jakuzanean, zer egin behar da?

Urduritasuna baztertzea da onena. Sarritan konturatuko gara mezu horreen bialtzailea gure lankide edo lagunen bat dala. Mezuaren arabera, zalantzak edo susmo txikiena izan ezkero, lehenengo eta behin, mezuan aitatzen diran enpresa edo erakundeen web ofizialak bisitau. Birusei buruzko informazinoa dakarren mezuak heltzen bajakuz, joan gaitezan Internetera informazino hori egia dan ala ez ziurtatzera edo erakunde ofizialak saltsan sartuta badagoz, helbide ofizialetara jo. Dana dala, hoax horreetan eskatzen jakun lez, ez eizue mezua berehala bialdu ezagunen helbideetara.

Egunero, orduro eta minuturo barriak agertzen badira be, ondoko helbide honetan hoaxen zerrenda handi bat ikusiko dozue: http://www.rompecadenas.com.ar/hoaxlist.htm .

Gotzon Plaza,
Informatikoa

Sarritan aitatzen dogunez, Interneten edozer topau geinke. Teknologiagaz edozein kontu zabaltzeko abiadurea handitu egin da eta zabaltze prozesu horrek ez dauka mugarik. Batez be korreo elektronikoa erabiliz, edozeinek plazaratzen dauen mezua arin helduko da munduko bazter guztietara.

Sarritan, gure korreora holako mezuak heltzen jakuzala ikusita harritu edo ikaratu be egingo gara. Mezuak era guztietakoak izaten dira baina ugari dabiltzanak birusen gainekoak dira: ez dakigu nondik baina birus oso arriskutsu baten barri azaltzen jaku, oso arriskutsua izanik mezu hori beste batzuei be bialtzeko eta birus horren eraginik ez sufriduteko aholkuak eskaintzen deuskuez bialtzaile anonimo horreek.

Ingelesez 'Hoax' izenagaz ezagutzen dira mezu horreek, euskarazko 'tranpa', 'guzurra' edo 'zurrumurru' lez itzuli geinkezanak. Eta korreoa erabilten dogunok sarri baino sarriago jasoten doguz holako mezuak. Guzur galantak zabaltzen dira eta helburu bakarra internauten artean alarma giroa sortzea baino ez da izaten.

Zergaitik sortu eta zabaltzen dabez hoax horreek?

Inork ez daki ziur zeintzuk izango diran benetako arrazoiak: broma moduan, internauten artean alarmea edo ikarea eragitea, norberaren indarra edo gaitasuna munduari erakustea, …. Batek jakin!

Zeintzuk dira hoax horreen ezaugarriak?

Ez dago araurik baina sarritan holako ezaugarriak azaltzen dira: barri horren sortzaile lez iturri serioak aitatzen dira (aldizkari-egunkari serioak, enpresen izenak edo erakunde ofizialak). Sarritan 'Kontuz', 'Adi', 'Birus oso arriskutsua', 'Gaixotasun osatuezina' eta holako berbakaz hasten dira. Ezer baino lehen gure atentzinoa lortu gura dabe.

Batzuetan esaldiak ez dira guztiz zuzenak, itzulpenak dirala esango geunke. Beste batzutan, enpresa teknologikoak aitatzen dira barriaren iturburu moduan. Dana dala, argi dago holako enpresa bat iturburua balitz, ez leukela mezua beste helbide batzuetara bialtzeko eskatuko: enpresa horrek bere web orrialdean ipiniko leuke barria eta kitto.

Mezu horreetan 'gaur jasotako barriak dakarrenez…' edo antzekoak be esaten dira, baina ez jaku esaten noiz dan 'gaur' hori, ez dago ez datarik ezta jasotzailearen gaineko daturik be. Beste batzutan, esaldia idazteko orduan oso tono serioa erabilten dabe: 'erakunde ofizialak mundu guztiari abisua bialtzen deutso'...; hori guztia egia izango balitz, erakunde ofizialek beste bide batzuk erabiliko leukiezala ziur nago (telebista, irrati edo egunkariak).