Zinea  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

The Matrix Reloaded, ikuskizuna pantailaratzeko prest


Matrix filma eta ganerako produktuak

Edozelan be, Reloaded eta Revolution ez dira izango produktu honen emoitza bakarrak; izan be, datorren urtearen hasikeran DVDan pantailaratuko jaku Matrix-en unibersoan girotutako kontakizun laburrek osotzen daben Animatrix animazino-film japoniarra. Ganera, daborduko Matrix-en ganeko bideo joko barri bat be aurkeztu dabe eta, jakin ahal izan dogunez, The Matrix Reloaded estreineteagaz batera jarriko da salgai. Dana dala, idazki txiki hau zuen jakingurea asetzeko adinakoa izan ez bada, The Matrix-en web orri ofizialetik osteratxu bat egin eta filmean oinarrituriko on-line komikiak be topau ahal izango dozuez.

Pelikulea ona ala txarra izanagaitik be, argi dago estilo eta itxura honetako film luzeak ezin hobeak dirala produktoreen patrikak diruz beteteko; izan be, filmek eskuratuko daben dirutzeari gehitu behar jakoz bestelako produktu osogarrien bitartez (bideo jokoak, komikiak, iragarkiak, animazinoak...) atarako dabezan mozkin handiak; beraz, patxadaz hartu, Matrix edonon agertuko jaku eta.

Joseba Terreros

Ez dakit Joel Silver, Matrix-en lehenengo produktorea, diruz josita dagoan ala ez, baina, sano dirutsua ez bada be, argi dago 2004an jubiletako moduan izango dana, Star Wars-en antzera planifikautako trilogia hau aurten diru gehien batuko dauen pelikulea izango dala aurreikusten dalako. Saga honetako hurrengo atalak, The Matrix Reloaded eta The Matrix Revolutions, amaituta dagoz; bien errodajea batera egin da Australian (Jaunaren Eraztunak jorratutako estiloari jarraituz) eta aurtengo maiatzean eta zemendian estreinauko dira, hurranez hurran.

Filmearen argumentua

Baina, zein da Matrix-en saga honen atal barri bien argumentua? Kasu honeetan ohikoa izaten dan legez, produkzino-etxeak isilpean gorde dau informazinorik gehiena. Jakin ahal izan dogun apurraren arabera, The Matrix Reloaded filmaren kontakizuna Matrix-en barruan garatuko ei da, lehenengo atalean kontautako jazoeretatik sei hilebete geroago. Bien bitartean, Neok ahalmen barriak eskuratu ditu prozesu informatikoen maila desbardinez jaubetu ahal izateko. Guztiagaz be, egoerea apur bat nahastau egingo da askatu barri dituen gizakietariko batzuk kolokan jarten hasten diranean Neok buruzagi aukeratu modura beteten dauen zeregina. Filma efektu berezi ikusgarriez horniduta egongo da goitik behera, eta ez dau amaiera argirik iznago, helburua guztiok zinematik atzazalei haginka egiten urtetea dalako, zemendian hirugarren atalerako sarrerea erosi daigun. Antza danez, azken atala gehiago garatuko da benetako planoan, hau da, matxinaturiko gizakien urian, Zion-en.

Gai honen inguruko argibide gehiago gura badozue, Keanu Reeves-ek trilogiaren ganean aitatutako esaldi misteriotsu honegaz konformau beharko dozue: 'lehenengo filma jaiotzearen ganekoa zan. Bigarrena bizitzearen ganekoa. Eta hirugarrena heriotzearen ganekoa'. Apur bat gehiago sakonduz, Reeves-ek ondokoa adierazo dau: 'Orakuluak Neori esan deutso gizakien arrazaren biziraupena bermatzeko erabagi gogorrak hartu beharko dituala. Neo, Trinity, Mofeo eta Smith agentearen arteko hartu-emonak estutuko dira eta, era berean, nire pertsonaiak heroe modura jorratzen dauen ibilbidea agiri-agirian geratuko da. Daborduko ez da jaiotzearen inguruan berba egingo. Neok jakin gura eban non egoan. Eta orain badaki. Edo badakiala pentsetan dau.'

Ezin da askoz gehiago esan pelikulearen ganean, beharbada, aurreratu deuskuezan irudietan agertzen dana, besterik ez, eta hori ez da oso esanguratsua: auto-jazarpen ikusgarriak eta airean egiten diran burruka ezinezkoak.

Antzezleak eta zoritxarreko ezustekoak

Pelikula honeetako antzezleei jagokenez, Keanu Reeves alde batera itxita, ez dira faltan izango Lawrence Fishburne, Morfeo enigmatiko modura, eta Carrie Anne Moss, Trinity burrukalari gogor eta trebe modura. Harrigarriagoa da Hugo Weaving aktorea Smith agente geldiezina ostera be ikustea, lehenengo filmaren amaieran hil ebela emoten ebalako. Zoritxarrez, Joe Pantolianok antzezten eban Cifra traidorearen lanagaz ezin izango dogu gozau, aktore hau benetan hil dalako.
Era berean, arpegi barriak ikusiko doguz. Jada Pinkett-Smith (Vill Smith-en andrea), Morfeoren maitalearen rola betez agertuko jaku; Monica Belucci be izango da, baina ez deuskue zehaztu zein eginkizun beteko dauen eta Nona Gaye (Ali), Morfeoren errekluta barri legez azalduko da. Azken antzezle honen kasuan, aitatu behar da Aalivah kantari ezagunak bete beharreko lana ordezkatuko dauela, errodajea egin bitartean, ezbeharra izan eta hil zalako. Egia esan, eten bako zoritxarrak jarraitu deutsie Matrix-en antzezleei; izan be, Orakulua antzezten eban aktorea be orain dala gitxi hil da, kasu honetan Reloads-en eszena guztiak amaituta zituan arren.