Bizkaiko harrobia
Arabako Txapelketea
Araban, eskolartekoaz ganera, nagusien mailakoa be martxan dago. Arabako Txapelketea Bizkaikotik bereiztu zanetik urtero jokatzen da sasoi honetan. Kanporaketen ostean finalaurrekoetan dira honezkero. Maiatzaren 10ean izan zan lehenengoa, Legution, eta Asier Otamendik lortu eban puntu gehien eta finalerako txartel zuzena; Oihane Perea eta Ruben Sanchez geratu ziran bigarren eta hirugarren. Maiatzaren 17an Amurrion jokatu zan bigarren finalaurrea; Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita, Alberto Martinez eta Irati Anda izan ziran aurrez aurre eta Zigor Enbeita izan zan puntuazino altuena eta finalerako txartela zuzenean lortu zituana; bigarren Juan Mari Juaristi izan zan eta hirugarren, barriz, Manex Agirre. Danetara, sei bertsolari sailkatu dira bagilaren 1ean Gasteizko Printzipal Antzokian 17:30etan jokatuko dan finalerako: Asier Otamendi (232,5 puntu), Zigor Enbeita (228,5), Oihane Perea (218,5), Juan Mari Juaristi (217), Ruben Sanchez (216,5) eta Manex Agirre (212,5).
Iñaki Aurrekoetxea
BBK Sariketea amaitu eta ateetan da Eskolarteko Txapelketea. Bizkaiko bertsolari gazteak lehiaketaz lehiaketa doguz sasoi honetan. Bitartean, astebururo-astebururo, herriz herri Txapel Bete Bertso ekimenak aurrera jarraitzen dau eta bertsolari gazteentzat jentaurrean kantetako erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da.
Arratiarren loraldia txalotu genduan joan dan hilean. Eta bertsolariek egindakoari besteko garrantzia emon beharko geunskio finalera ekarri zituen jarraitzaileei. Bertsoaren inguruan gazte kuadrilla barriak batzen ikustea pozgarria da. BBK Sariketearen finalean arratiarrak ez eze busturiarrak be jarraitzaile oldeagaz agertu ziran eta honek bertsolari eta bertsozale belaunaldi barria datorrenaren adierazgarri bada, zorionekoa da bertsolaritzea Bizkaian.
Eskolarteko Txapelketea
Maiatza eta bagila bitartean gazteenek Eskolarteko Txapelketak jokatuko dabez. Herrialdekoetatik hasi eta Euskal Herrikoagaz amaitu. Bizkaikoa bertoko Ikastolen Alkarteak antolatzen dau. Informazino osorik ez daukagun arren, idatzizko kanporaketak ari dira egiten eskualdeetan eta bat-bateko kanporaketak maiatzaren 23 eta 24an izango ei dira. Kanporaketa honeek termometro polita dira gazte eta gaztetxoenak zelan datozen ikusteko. Eta batez be Euskal Herriko finala izaten da termometro egokiena, gureak beste herrialdeetako bertsolari gazteakaz neurtzen diranean. Euskal Herrikoa bagilaren 21ean izango da, Mungian, Ikastolen Konfederazinoak antolatuta. Igaz Gipuzkoara joan ziran bi txapelak (14 urte artekoetan Unai Gaztelumendik jantzi eban eta 18 urte artekoetan bere anaia Beñatek) eta bizkaitarrei jagokenez, nagusien mailan Oihana Bartra bilbotarra lehenengo lau sailkatuen artean sartu eta bigarren urtez jarraian Euskal Herriko txapela gertu izan eban. Aurten uztarik jasotea kostauko jaku, ez dau emoten-eta beste herrialde batzuen parean gagozanik.
Bertso-eskoletako lana
Beste herrialdeen parean egoteko ezinbestekoa da urtean zehar eta urterik urte gaztetxoakaz beharra ondo egitea. Bertso-eskolak eta ikastetxeen inguruan sortutako taldeak dira bertsolarien harrobiak gaur egun. Baina ez dakit bertso-eskoletan kaptazino lanetan asmetan ari garan. Konpetentzia handia dago eskolaz kanpoko jardueretan eta haur eta gaztetxoak ez dira beti berez etorriko. Egia da bertsolariak sortzea ez leukela izan behar helburu bakarra, adin txikienetan zaletasuna bizteak izan behar dau lehentasun nagusia. Zaletasuna kantetako ilusinoagaz lotzen da adin horretan eta bertso-eskoletako irakasleok erantzukizunik badogu ilusino hori eta bestelako helburuak modu egokian bideratzeko.
Plazea da bertsolarien benetako eskolea
Eskolarteko garaia amaituta eta behin bertsolari izatea erabagita, gazteak plazak behar ditu bere burua jentaurrean probetako. Gehienetan lehiaketak izaten dira aukera bakarra eta gatxa da errealidade horretatik iges egitea. Zorionez, Txapel Bete Bertso ekimenak aukera ederra emon deutse bertsolari gazteei. Astebururo saioak antolatzen dira taberna eta antzoki txikietan, bertsolariak bere burua benetako epailearen aurrean probetan dauela, entzulearen aurrean. Hemen atarako ditu eskolan ikasitakoak eta berton ikasiko hortik aurrerako guztiak: entzulearengana heltzen dan, zelan irabazi ikus-entzuleen atentzinoa, noiz ari dan aspertzen...; Txapel Bete Bertso ekimeneko arduradunak arduratuta ei dagoz saio batzuk gitxieneko mailara ez diralako heltzen, baina hori normala dala esan geinke, 50 bat bertsolari dabiltzan errondan dana ez dalako urre izango. Saio onak joan dira, askok aukerea ondo aprobetxau eta errodaje polita lortu dabe eta beste batzuk, ostera, ez eben jentaurreko gitxieneko mailarik emongo. Hor norberaren balorazinoa behar da eta antolatzaileen balorazino orokorrak be lagunduko dau neurri zuzentzaileak jarri eta erreferentzia bihurtu dan ekimen hau mimoz jagoteko.