Euskal Herria Zuzenean 2003
Arrosan, garagarrilaren 4, 5 eta 6an
Aurtengo mezua: euskerearen eta euskal kulturearen kontrako erasoak salatzea
Euskal Herria Zuzenean 2003 Jaialdiaren aurkezpenean, Piztu Alkarteak Egunkariaren zarratzea salatu eta sortuko dan egunkari barriari laguntza ekonomikoa emongo deutsiela aurreratu dau.
Igazko jaialdiaren diru irabaziak ondoko talde edo alkarteetara bideratu dabez: jaialdiak lehenengo aldiz atzerriko alkarte bat lagundu dau: Maliko Bourem herriko emazteen alkartea hain zuzen be. Horrezaz ganera, Aldudarrak alkarteari be diru-laguntzinoa emon deutsie tokiko telebista proiektu bat aurrera atara ahal izateko. Nerurri txikiagoan baina ondokoak be lagunduko dabez: AEK, Ortzaizeko, uriburuko eta Miarritzeko ikastolak, Xalbador Ikastetxea, Irulegiko Irratia, Udaleku, Amikutzu, Euskal Herriko Foru Soziala, Oxtikenea Elkartea, Lur Hats, Seaska, Ikaspilota eta Le Petit Theatre de Pain antzerki taldea.
Bizkaie!
Igaz 30.000 mila lagun alkartu ziran Arrosako Xohatia haraneko zelaietan eta aurten Arrosan zortzigarren edizinoan be ez dira gitxiago izango. Hori bai, antolatzaileek iragarri dabenez, azkena izango da ingurune horretan, besteak beste, jaialdiak nekazaritzarako aukerak mugatzen deutsozalako orain arte karpea ezartzen izan dan lurzatiaren jabeari. Datorren urterako gune barria topetan hasita dagoz Piztu Alkarteko arduradunak eta oraindino gauza argirik ez badago be, ekinean dabilz, datorren hilebeterako kokalekua zehazteko gogoagaz; antza, Bardoze eta Baigorriko herriko etxeek ezetza emon dabe baina Donapaleu, Amikuze edo Donibane Garazi leku egokiak izan daitekezala pentsetan dabe antolatzaileek; hori bai, Euskal Herria Zuzenean barrualdean izango dala segurutzat jo daiteke.
2003ko Egitaraua
Parte-hartzaileen kalidadeari eusten ahalegindu dira aurten be eta igazko Noir Desir lako talde handien distirarik egongo ez bada be, Euskal Herriko soinuak atzerrikoakaz nahastau eta egitarau potoloa preparau dabe: gau eta egun giroa alaitzen ibiliko diran 25 talde edo txarangakaz batera, bariku gauerako taldeak Zebda Tolosakoa (Okzitania) eta Hamlet Madrilekoa izango dira. Biharamunean, Frantziako Lofofora metal talde ezaguna eta Skatalites, Jamaikako ska taldearen txandea izango da. Domekarako Korsikako I Muvrini ahots taldea eta Oskorri dagoz iragarrita eta jaialdiari amaierea emoteko jai giroa izango da nagusi Lou Serioul Italiako rock-folk taldeagaz. Hain ezagunak ez diran beste izen bi be aitatu behar dira: Punish Yourself eta Les Tontons Zingeurs. Euskal taldeen artean, Sagarroi, Sorkun, Unama, Hegalka, Skunk eta beste batzuekaz disfrutetako aukerea egongo da.