Barriketan  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Juan Luis Goikoetxea: 'bizitzeko tresnatzat barik euskerea sinbolotzat izatea salatu egin behar da

'Euskalkia eta Hezkuntza. Dakigunetik ez dakigunera, euskal diglosia irazian' da JL Goikoetxearen tesiaren izenburua eta oraintsu argitaratu dau Euskaltzaindiak Iker bildumaren 13. alean.

Juan Luis Goikoetxea Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Pedagogia atalean; euskaltzain urgazlea be bada eta Jagon Saileko Corpus batzordekidea; horrezaz ganera, Mendebalde Kultur Alkartekoa eta Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da Txorierri Institutuan.

2001eko martiaren 2an defendidu eban tesia EHUn, Bilboko Unibersidade Eskolan, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean. Zuzendaria: Jon Kortazar. Epaimahaia: Jean Haritschelar, burua; Iñaki Gaminde, idazkaria; kideak: Gotzon Garate, Beñat Oihartzabal eta Adolfo Arejita. Kalifikazinoa: bikain (Cum Laude).

Mogelek 'Peru Abarka' idatzi eta argitaratzeko 80 urte joan baziran be, JL Goikoetxearen tesiaren kasuan, urte bi geroago ikusi dau argia.

1. Euskalkia eta hezkuntzea asko jorratu bako gaia da, zergaitik?

Hara, baleiteke zure itaunetik albora jotea, baina nire eretxian zergaitiaren alde bat estrukturala da. Ikerketa arloari jagokonean, sail nagusi bi daukaguz irakaskuntzan, unibersidade mailakoa bata, eta bestea, irakaskuntza ez unibersitariokoa. Ikerketarik gehienak unibersidadean eroaten dira aurrera, baina era berean, unibersidadeko irakasleak asagoegi bizi dira euskalkiaren eta euskera batuaren gelako topalekuetatik. Nik honetan badot zer eskatu Iztueta and.ari zein Abel Ariznabarretari, irakaskuntzearen kalidadea jaso gura bada, bultzatu daitezala irakaskuntza ez unibersitarioko mailetan tesi doktoralak. Ez dira hainbeste ilunune argitzeko konponbideak kanpotik etorriko, laguntza kualifikatua inondik ekarri arren.

Ganera, nik neuk ikusi dodanetik begiratuta, baieztatu leitekeana da, gai honek beharra baino atazea dakarrela, aditzak, deklinabidea eta holako kontuak jorratu arren, arazo hau osotasunean hartzea arriskutsua dalako, izan be, psikologia, linguistikea, soziolinguistikea, praktika pedagogiko jakina eta bestelako arloak gogoan izan behar diralako.

Nik alde euki dodana izan da burua iradokizunez beterik: 30 urteko irakaskuntzeak emona; norberaren etxeko euskaratik euskara baturako ibilbidetik etorria; betiko euskaldunen testu grabazinoetatik edo Axular hainbeste biderrez irakurtetik heldua.

Berez, euskalkia irakaskuntzan gaitzat hartuta ikerketa lan gitxi argitaratu da, baina ez gure artean bakarrik, ze Europa zabalera begiratu ezkero, aurrerakuntza franko oraintsu-oraintsukoa da, Katalunian eta, teoriek ikasleen testuetan bide egin daben arren. Berton Euskal Herrian, Francisca Zabaletak erakutsi dauen ikerketan legez, murgiltze-eredua landu da batik bat. Euskalkia eta Hezkuntzearen gaia, beraz, azterketa arlo barrien artean sailkatu geinke. Bestalde, Helduen Alfabetatzea eta Euskalduntzea –arlo honegaz oso lotuta dagoana- ez dogu aztergai zuzentzat hartzen.

2. Euskalkiaren eta euskara batuaren arteko korapiloa askatu dozu?

Nire ustez bai. Dinot hori, batetik, irakasleen arteko berbaldietan, jardunaldietan ibili ostean (hiru urtean), agertu izan diran zalantzetarako tesiak erantzun koherentea eskaini dauelako; bestetik, neure hiztegigintzako kideakaz (Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Rikardo Badiola...) izaten dodazan hartu-emonetan hausnarketa sakon ugari egina nazalako, baita Mendebalde Kultur Alkartean eta Euskaltzaindiako Jagon Sailean. Ganera, ehunka inkestatan jasotako datu kontrastatuak daukadazalako idatziak frogatzeko. Hortik gora, Ferguson, Weinreich, Fishman, Mitxelena, Baxok edo Txillardegiren hari teorikoa –firua da hariaren sinonimoa gurean, baina haria hartzen da teknolekto legez- nahiz Ausubelena, Dakigunetik ez dakigunera Labyruko lema ezaguna, bat datozelako honako planteamentuetan.

Egon beste ahalegin garrantzitsu batzuk be badagoz: Miguel Sigüan-egaz Ercilla hotelean alkartu nintzan eguneko berbaldi luzea, Vigotsky dala-eta; dialektoak Europan; teorikorik garrantzitsuenak...Rudolf de Rijk-ekin Areatzan izan neban aldarte oparoa hizkuntza non amaitzen dan eta dialektoa non hasi gaitzat hartuta...; Xabier Amurizagaz bere etxean luzero magnetofoi eta guzti izan nintzanean edo Itziar Idiazabalegaz, Jazinto Iturbegaz...

3. Tesia atontzeko egindako galdeketa eta enparauetan ezustekorik hartu dozu?

Ezusteko itzelak hartu dodaz. Lehenengo-lehenengoa, nire jakingurearen aurrean teorikoen erantzunak topau nebazanean: 'Euskalkia eta hizkuntzea personarengan dira ukipenean.' 'Diglosia euskera estandarraren eta euskalkiaren arteko hartu-emonetarako sortu eban Ferguson-ek'. Dakigunetik ez dakigunera Psikologia Kognitiboak, konstruktibismoak argitzen dau.

Inkestetatik euretatik zuzenean, ikasleen testu antologiko bik itxi ninduen zurtz eginda. Bata Bermeoko Eleizalde Ikastolako ikaslearena, bestea Kanbokoarena. Biak bere argitaratutako tesian datoz. Zer freskotasun, zelako gatza eta piperra euren etxeko euskeran idaztean! Ostera, zelango formalizetea eskolako euskerara edo euskera batura moldatzean, dana artez-artez izan arren!. Bestalde, inkesta bakotxaren jarraian erakusten dodan hausnarketan, harritu egin izan naz euskera batuaren eta etxeko euskerearen ganean daben kontzeptuaz jaubetu nazanean.

4. 'Dakigunetik ez dakigunera' ze etxekoari, geureari jaramon egiten ez badeutsagu, euskeraren kontra egingo dogulako, ezta?

Badakizu liburuaren aurkezpenean aitatu nebana gai hau: Lehenengo Descartes izan zala Ezagunetik Ezezagunera formulau ebana; bigarren, Labayruren Dakigunetik ez dakigunera eta hirugarren –nahiz eta kronologian arteragokoa izan, 1968koa, Ausubel-en Ikasketa Esanguratsua daukaguzalako geure euskeratik urrunerako ibilbidean argitasuna emoteko.

Idatzian:
Larrabetzuko Anek –18 urtekoak- idazlana erakutsi deust. Akats bakanik be ez dauka. Halan da be, hauxe adierazo deutsat: idazlana zuzen dago, euskara batuan erredaktau dozuna, baina orain testu hori hurreratu egin behar dozu zeure euskerara. Jesarri da. Hogei minutu garrenean, dana ederto. Zer aldatu dozu? Ba, erori zan lekuan jausi; hurbil jartzen ebanean hurrean eta abar. Horixe da dakigunetik abiatzea.

Egia esan, hori baino sakonagoa be bada. Ez da kontua eskolan ikasten dan bizkaieratik abiatzea, etxekotik baino. Bestera, ez dau deskodifikauko, ez dau era erreflejoan izango herrikoa. Hau da, dituez pluralgile biduna dala argitu egin behar jako, dituzteren aldamenean, dabez eta dituez/deuriez ulertu dagiezan. Zeregin hori ezin jako itxi ikasleari berari. Azken baten, hiru moldetan alfabetauko dogu holan, azpieuskalkian, bizkaiera literarioan eta euskera batuan. Betekizun hori eskoleak bere ganean hartuko ez baleu, aho belarri gizaldirik gizaldi etorri diran karga kulturaleko berbak, esamoldeak, berba jokoak, hau da, mundu kultural oso bat galduko litzateke, ez euskerako berba jakin bat bakarrik.

Edozelan be, eskol3ak erabilera okerrak orraztu, txukundu egin behar ditu: 'Zu neuk eroangotsu autoan' baino neuk eroango zaitut dala bere etxeko aitita eta amomaren esateko modua, bizkaiera osoa, aspaldikoa.

Halan da ze, euskera dakigunetik ez dakigunera, ze bizi dakigunagaz bizi gara, euskara erabiliagaz, ez jakin geinkenagaz. Euskera batura, osotura ez goaz bidezidor beretik Barakaldokoa, Mungiakoa eta Leitzakoa, joan danok goaz helmuga berera, baina ez metodo berbera erabilita.

Ahozkoan:
Hurreratu jat Ander irakasle mahaira, Mikel Zarateren Haurgintza Minetan idazlaneko atal bat azaltzen. Berbaz diharduala, 'atzenean' esan dau. Era guztietara ahalegindu naz finean, amaieran, akabuan ipiniz sinonimoa esan daian nahiz erderazkoa itzultzeko eskatuta, 'atzenean' berbea ia ataraten deutsadan konszienteki, eta alperrik. Ez dau jakin berak 'atzenean' erabilten dauenik, gitxiago txorierritarren artean arrunta dala edo euskera jasoan erabiltekoa be badala.


5. Zer esan gura dozu euskal diglosia irazia aitatzen dozunean?

Bizkaierearen lurretan bizi garanok euskera batua, bizkaiera literarioa eta lekuan lekukoa doguz; diglosia kateatuta dago goitik behera eta behetik gora; berbarako, 'oporrak' berbea euskera batutik heldu da bizkaiera literariora zein gure etxeetako euskerara; edozein jubilaturi itaundu eta badaki oporrak zer diran, lobatxuen bitartez edo ikasita daukielako. Etxekotik euskera batura zer joan dan aztertzen hasten bagara, Ibilaldia Mungian izan zanean, 'erdu' berbea zabaldu zan Euskal Herri osoan. Euskerea irazi, josi egiten da, baita iragazi be ze igarotze horretan kodifikau eta forma bat hartzen dauelako, batasun bat emoten jakolako.

6. Ganerakoakaz konparatuta, zerenbestekoa da gaur egun bizkaiera literarioaren indarra eta ekarpena?

Bizkaiera literarioa sano indartu da eta erakundeek be zeresan handia izan dabe horretan. Oraintsura arte, betiko liburu zaharrakaz ibili gara, Mogeletik gorakorik ia-ia ez dogula eta, gaur egun, Bizkaie! Aldizkaria, Labayruren Idatz eta Mintz eta Mendebalde Alkartearen liburuak be badaukaguz, bertsolariak bizkaieraz ibilten dira eta esan leiteke bizkaiera osotu baten aldeko jokerea zabaldu dala; gauza asko dagoz egiteko baina jokera hori oso garrantzitsua da.

7. Berbeta bakotxaren (euskalkia, azpieuskalkia, batua) funtzinoa eta erabilera eremuak ondo zehaztuta dagoz?

Gai hau ez dago araututa eta egiten gabiltzanari ofizialtasuna emotea baino ez da. Oso erraz egiteko kontua dala pentsetan dot, izan be, taula baten ipintea baino ez da kasuan-kasuan erabili beharrekoa. Euskaltzaindiaren Jagon Saila orain dabil administrazinoan, komunikabideetan eta irakaskuntzan euskalkiak ze tratamentu behar dauen aztertzen eta adierazpena laster etorriko dalakoan nago. Sarritan, txarto ulertu batzuk egoten dira eta argi esan behar da euskera batua ez dala inorena, geurea baino, geuk egin dogu eta.

8. Euskerearen batasunerako bizkaierako berbeari zein beste euskalkikori euskera batuko hiztegietan, euskalkiko jatorria alboan jartea planteamentu okerra dala dinozu tesian...

Euskerea danona izanik eta hizkuntzea aberastu gura izan ezkero, berbakaz zabal jokatu behar da. Hor arlo bi dagoz: batetik, berbarako 'jagon' berbeari alboan (bizk.) oharra ipintea ez da onargarria ze Euskaltzaindiaren Jagon eta Iker Saila hasieratik dagoz; noiz izango ete da hori ondare komuneko berbea?; 'beilegia' kolorea be Arestik eta Mirandek erabili dabela ikusita, nahikoa zabal dabilen berbea izanda, zergaitik ipini (bizk.) oharra?

Bestalde, 'deutsut' aditzari edo 'barri' berbeari oharra ipintea ulertzekoa da ze bizkaierarako baino balio ez daben berbak dira.

9. Euskera aberatsa gura izan ezkero, euskalkien ekarpena nahitaezkoa da baina euskalkitik baturako saltoan dagozan interferentzia, oker ulertze eta ezjakintasunari konponbidea emotea nori jagoko?

Danok egin behar doguz ahaleginak ze inori errua botatea izaten da errazena. Sortzaileak, erabiltzaile barriak behar doguz. Idazle eta testugileen beharra dago, baina alfabetauta dagozanena, zeozelan esateko batuaren eta bizkaierearen kodigoak ondo menperatzen dituen lagunen zeregin kreatiboa. Konplexuak baztertu behar dirala be esaten da baina konplexu kontua baino gehiago alperkeria dala esango neuke. Ikasten ez bada, berez ez dator ezer. Peru Abarkaren alkarrizketak, Añibarro, Lino Akesolo, Mikel Zarate leidu egin behar dira. Ukondo gehiago eta paseo gitxiago behar dala uste dot.

10. Eskualdetik eskualdera alde handiak dagoz baina, oro har, gazteen artean zelakoa da bizkaierearen ezagutza eta erabilerea?

Jakina, alde handiak dagoz. Bilbon eta inguruetan eta Lean edo Deba Arroan erabilera maila desbardinak dagoz. Gernikan erabilereak gora egin dau eta Mungian be bai baina apalago, Bilboren eragin ikaragarriaren ondorioz. Dana dala, harritzekoa da gazteen ezagutza mailea: ondo baino hobeto dakie zein berba dan batukoa eta zein bizkaierakoa. Inkestatan 'bukatu' danak batukotzat ipinten dabe eta 'topau' bizkaierakoa ez eze Nafarroakoa be izan arren, bizkaierakotzat. Gazteak bizi dira gaztelania prestigiotsua dan gizartean eta euskal gizarteak ez dau emoten pausurik, argi eta garbi esateko: euskeraz bizi gura dot. Gazteen berbetea ikusten da urritu egin dala, artekoen erabilera asko ez ditue jaso eta euren artean horizontala da eragina, gaztetik gaztera pasetan dan euskera erregistroa darabile; normalean, goitik beherako eraginik ez dago: beharbada etxean euskeraz ez dalako egiten edo etxekoari ez jakolako behar dan maila edo prestigioa emoten. Euren helburua taldean integretea da eta eskola sasoiko kideen berbeteari emoten deutse indarra. Faltsukeria handia dago, hainbat jente dago berbetea sinbolotzat daukana eta ez bizitzeko tresnatzat eta hori salatu beharrekoa da.

11. Irakaskuntzeari jagokonez, atxikitze-eredua (etxetik euskaldun datozenena) eta murgiltze-eredua (familiatik erdaldun datozenena) bereizi behar dirala dinozu baina praktikan hori posible da?

Eredu biak behar-beharrezkoak dira. Etxetik dakienak etxekoa euskera batura eroaten dau (bihotzetik gramatikara) eta erdaldunak, murgiltze-eredukoak, barriz, gramatikatik bihotzera; beraz, eskolan kentzen badeutsagu euskereari etxeko berbetearen ekarria, eten egingo dogu zirkulazinoa eta euskera batutik etxerako bidea baino ez dogu izango zabalik; etxetik datorrenari eutsi behar jako eta eskolara eroan. Eredu bi horreek bereiztuz, berben mundua baino zeozer gehiago da zabalik ixten doguna: bizitza oso bat, tradizinoa hain zuzen be.

Nik neuk behintzat apliketan dodaz ereduok. Gela berean familia erdaldunetakoak zein etxean euskeraz bizi diranak daukadaz; ariketen bitartez, batez be, berba eginaz etxekoa eta batua jorratzen doguz eta hasierako barre egiteko edo adarra joteko jokerak apurka-apurka desagertzen joaten dira. Jakina, norberak be aparteko ahalegina egin behar dau azaltzen europan be badirala dialektoak eta bakotxak bere arau eta enparauak dituala....

12. Bizkaiera batuaren eregite prozesua osotu barik dagoala gogoan hartuta, ze bizkaiera eredu emon behar jake umeei eskolan?

Ahozkoa eta idatzizkoa bereizi behar dira. Bizkaierearen lurretan, eskolan bizkaiera literariotik beherakorik ez dogu idazten. Idatzian ardatza euskera batua da baina ahozkoan bizkaierea edo etxeko euskerea; hori bai, etxeko berbetea osotuteko eskatzen deutsegu, hau da, 'ein biu' esan beharrean esan dagiela 'egin behar dogu' eta erderakadak baztertu dagiezala.

Koldo Isusi Zuazo