'Indianoak' espedizinoa
Kanadako gobernuak makailaoaren arrantzea galarazo dau dekretu bidez
Gehiegizko eta neurriz kanpoko arrantzearen eta azken aldian makailaoaren habitat edo bizilekuan izandako aldaketen eraginez, makailaoaren biziraupena bermatzeko hartu dau erabagia Kanadako Gobernuak eta aurrerantzean, arrantzarako kupo oso txikia egongo da, gehienbat ikerketa asmoetarako.
Era horretara, Kanada sortu aurretik be euskal arrantzaleen beharleku eta bizileku izan diran Ternuako kostaldea eta makailaoaren arrantzea denporaldi luzerako galdu dira, adituen esanetan, urte asko pasauko dira makailaoaren arrantzea barriro baimentzeko.
Gaiaren harian, hona hemen 1497ko pasadizu bat: urte horretako bagilean Sebastian Caboto esploratzaile veneziarrak Ternua Inglaterraren izenean hartu eban; inguruetan ugari ebiltzan euskal arrantzaleei lur barri haren izena itaundu eutsen eta euskaldunen erantzuna 'bakallau' izan zan; orduan Cabotok bere bitakora-koadernoan lur hori 'Terra de Bacallaos' izenagaz bataiatu eban.
Bizkaie!
Euskal arraunlarien espedizino batek euskal arrantzaleak Quebec eta Kanada inguruetara balearen bila joaten ziraneko sasoiak gogoratzeko abentura berezia preparau dabe. Euskal balea arrantzaleek euren arrastoa itxi eben Ternua eta Labradorreko kostaldeetan eta euskerazko toponimia sortzeaz gainera, merkataritzako hartu-emon sendoak ezarri zituen.
'Indianoak' izeneko espedizinoa Ile aux Basques (Euskaldunen Isla) herrira helduko da eta, bitxikeria moduan, hor ikusgai dagoz oraindino euskal arrantzaleek baleen koipea atara eta urtuteko erabilitako labeak. Lehen esandako moduan, inguruko toponimiak argi erakusten dau sasoi haretan euskaldunen presentzia esanguratsua izan zala: 'Ile aux Basques', 'Les Escoumins' (ipar ekialderago Escuminac be badago) edota 'Site Hoyarsabal', San Lorenzo ibaiaren inguruetan behar egiten eban euskal kapitain eta armadore familia ezagun baten izena; 'Placentia', 'Portuchoa', 'Ophorportu'...
'Indianoak' espedizinoa datorren garagarrilean abiatuko da Angeluko Ibaialde Alkarteko eta Donostiako arraunlariez osotutako tripulazinoagaz. Sept Iles eta Trois Pistoles bitarteko 500 kilometroak hamabost bat egunetan egiteko asmoa dabe. Esan daigun, Trois Pistoles herrian Euskal Abenturearen Parkea dagoala, balearen arrantzeagaz lotuta, historian zehar euskal arrantzaleen behar eta ekarpenaren azalpena eskaintzen dauen museoa.
Arraunlariek 40-50 kilometro bitartean egin beharko dabez egunero, egunean sei bat orduz arraunean beraz. Hamairu arraunlarik osotzen dabe espedizinoa eta uretatik kanpo be egitarau edo agenda betea izango dabe, izan be, Quebec Maritime Festibalaren animazino turistikoan eta Trois Pistoleseko Euskal Abenturearen Parkeko ekitaldietan be parte hartzeko konbitea jaso dabe.