Antxina-barri  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Hauteskunde-azokea

Botoen salerosketea Bizkaian


Dana dala, ez daigun pentsau botoak erostea gauza erraza zanik. Erosketeak zailtasunak be bazituan eta ondo antolatu beharra egoan. Horretarako, hautagaiek talde bereziak edo batzordeak sortzen zituen. Talde horreen eginbeharra, hautesleak ahalik eta ondoen ezagutzea zan euren botoa zelan eskuratu hobeto jakiteko, berbarako, sendi-loturak erabiliz edo ondo ezagutzea zeintzuk ziran botoa emoteko gaitasuna ebenen beharrizak (beharra, dirua, janaria) behin horreen barri izan ostean, botoen ordezko eskaintzea egiteko. Zeregin hori betetako batzordeek herri edo auzo bakotxean ordezkariak izentetan zituen. Ordezkari horreek batzuetan hauteskundeetarako beren beregi aukeratuak izaten ziran baina beste batzutan, herri edo auzo bakotxeko persona ezagunak eta eragingarriak erabilten ziran, jakina, herriko abadea, medikua, botikarioa, baserrien jabea eta antzeko pertsonaiak.

Botoak erosi behar ziran kasuetan, hautesleengana joten zan. Batzuetan era zuzenean, baina beste batzutan, herriko plazan edo kaleetatik zehar benetako enkanteak egiten zituen, botoen salneurriak jakinarazoz. Hautagai batek hauteskundeetan erabilitako aurrekontutik, botoen erosketeak erdia baino gehiago eroaten eban. Gero batzordeko ordezkarien soldatak egozan eta, horrezaz ganera, beste gastu batzuk: hara eta hona egindako bidaiak eta bestelakoak. Herri batetik bestera be aldaketak izaten ziran botoen prezioa ezartzerakoan: 1891ko hauteskundeetan, Gatikan 5 pezeta pagau ziran boto bakotxeko; hauteskunde horreetan baina Berangon, 50 pezeta pagau ziran. Herri batetik bestera, aldeak sekulakoak ziran. Jakina, udaletxe handietan herri txikietan baino diru gehiago erabilten eben botoak erosteko. Herri txikietan, barriz, jateko eta edatekoetan erabilten ziran gehiago diruak.

Orain arte, botoen erosketea batez be diruaren truke egiten zala aitatu badogu be, ezin doguz ahaztu botoa alde batera edo bestera eroateko beste arrazoi batzuk: berbarako, enpresatan nagusiek eta jabeek eragiten ebena; edo baserri jabeek errentarien gainean eben eragina, edo herriko mediku, abokatu eta epaileek; azken horreek eta, batez be, herri txikien kasuan, herritarrakan euken eragina aprobetxau eta botoa euren alde eroaten eben. Gauzak holan dirala, botoa lortzeko sistema honetan kontua ez zan horrenbeste mitin eta berbaldi handiak antolatzea, ezpada herri edo auzo bakotxeko 'jauntxuak' edo 'lagun eragileak' norberaren alde ipintea. Hautagaiarengandik hasita, goitik-behera etorren ordainetan oinarritutako sistemea arin zabaldu zan, hainbat lagunek bertan euren lekua hartuz.

Azkenik, garrantzitsuak ziran botoa lortzearen truke hautagaiak agindutako hobekuntza guztiak: bidebarriak, zubiak, eskolak eta bestelakoak. Holako kasuetan, sarri, herri baten agindutako era horretako lan batek, hautagaiari herritar guztien botoak emoten eutsazan.

Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria


Gaur egun, beharbada azken jazoerak alboratuz, hauteskundeak behar diran moduan araututa eta kontrolauta egon arren, oraindino gure aitita-amomak gogoan izango ditue hauteskunde egunetan monarkiko, karlista eta errepublikanoen egunetan izaten ziran tirabirak. Gaurko artikuluan tirabira horreen gainean egingo dogu berba.

Hauteskundeak irabazteko, alderdi politikoek erabilten zituen moduak era guztietakoak ziran: hasi akten aldaketakaz eta indarkeriaren erabileran amaituz. Baina beharbada gure nagusiak gehien gomutetan dabena botoen erosketea da, erosketa hau diruaren ordainean ulertzeaz aparte, bai mesedeen ordez egiten zanean zein beste edozelako neurriak erabiliz.

Botoen erosketea, Markinako Jose Acillona hautagaiaren esanetan, Bizkaian lehenengoz erabili ebana Romualdo Garcia izan zan. Gizon hau, Bilboko eskualdetik, Madrileko Gorteetarako hautagaia zan. 1903an Acillonak esaten ebanez, Romualdo Garcia hogeitabost urte arinago, hau da, 1875. urte aldera, hasia zan botoaren truke dirua emoten. Gero, bardin jokatu eben Victor Chavarri edo Martinez Rivas industri-gizonek. Hau holan izan ala ez, argi dago diruaren truke botoak erostea, nahiz eta arinagotik egin, beharbada gehien zabaldu zan unea, XIX. mendeko azken urteak izan ziran eta, batez be, larogeita hamarreko hamarkadan. Bultzatzailerik nagusienak gainera, ordura arte lurren jabegoaren bitartez jauntxuak ziranak izan genduzan, nahiz eta gero, orduan gero eta indar gehiago hartzen egozan industrian oinarritutako jauntxoek, neurri horreekaz jarraitu.

Lehenengoetan, banantzen ziran diruetan kantidadeak handiak ez baziran be, botoak eskuratzeko neurri hau, gero eta erabiliagoa egin zan eta berbarako, Pedro P. Gandariasek bere semea Gernikaldean aurkezteko prozesuan miloe bat pezeta gastau ei zituan. Haren kontra aurkeztutako Manuel Allenderen semeak, barriz, aitak emondako 400.000 pezeta baino ezin izan zituan erabili. Dana dala, esan dogun moduan, botoak erosteko era asko egozan: Acillonak berak onartzen ebanez, janaria erosteko hiru pezetako hainbat txartel banandu zituan jentearen artean. Hautagai bakotxak osotutako taldeek edo alderdi politikoek eurek be, euren beharra egiten eben hautagaiarentzako ahalik eta boto gehien lortzeko. Halan ba, sarri antolatzen ziran janaria doban banantzeko jantokiak.

Jokera horren gaineko kritikak egiten ziranean, hautagaiak beti be aurrez pentsautako erantzuna emoten eban: botoak erostea aspaldiko kontua zala eta gizartean zabal eta onartua zala botoak lortzeko modu hau.