Bidaide  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Belfast (II)

Indarkeria giroa baino zeozer gehiago


Zelan joan Ipar Irlandara eta datu interesgarriak

Lehen be esan dogu: Ipar Irlandan karu dago bizimodua, gurean baino karuago. Lo egiteko eta eguneko jatorduak egiteko Euskal Herrian gastauko geunkenaren bikotxa kalkulau behar da. Irlandarako tour bereziak ez dira oso ugariak eta, beraz, egokiena norberaren kontura joatea da. Ostatu eskaintzea ez da oso zabala eta gela bikotxa 25 libra (40 euro) baino merkeagoko prezioan lortzea gatxa izango da.

Bidaia egiteko, kotxez edo autobusez joatea aukera bat da baina Frantzia, Bretainia Handia eta Irlanda zeharkatu gura ez badoguz, onena eta karuena hegazkinez joatea da. British Airways konpainiak egunero ditu hegaldiak Bilbotik Londoneko Gatwick aireportura; hortik, Heathrow aireportura joan behar da han Belfast International Airport-era eroango gaituen konpainia bereko beste hagazkin bat hartzeko. Gitxi gorabehera, 250 euro preparau beharko dozuez baina eskaintza bereziak be egoten dira eta, beraz, adi egon. Brtitish Midland konpainiagaz joatea da beste bide bat baina Londonera British Airwaiysegaz joan behar da eta prezioa karuagoa izan arren, hegaldi gehiago eskaintzen ditu eta interesgarria izan daiteke. Gaur egun, Easyjet konpainiarena da eskaintzarik onena baina loturak sarritan oso txarrak izaten dira. Kasu honetan, joan-etorria egiteko 150 eurotan pagau beharko dozue txartela.

Dublinetik Belfasterako bidea errepidez egin daiteke 30 euroren truke. Eskoziatik eta Ingalaterratik Belfasteko portura heltzen diran ferri asko dagoz; Belfasteko portua be ikusgarria da, bertako ontzioletan egin eben Titanic ospetsua eta, gaur egun be, Bilbon legez, portuak aparteko garrantzia dauka itsasoagaz eta meagintzeagaz beti izan dabelako lotura estua.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Bizkaie-ren oharra: Zigor Aldamaren 'Asiako hego-ekialdea' izeneko erakusketea ikusgai dozue maiatzaren 15etik bagilaren 13ra bitartean; oraingo honetan, Basauriko San Migel Kultur Etxean.


Badagoz egon arrazoiak eta, beraz, erraza da Belfast uri grisa dala esateko, klimak ez dau larregi laguntzen ezta indarkeria giroak be. Luzaroan egon nintzan Belfasten eta sarritan etxekoek eta lagunek ausartiegitzat hartzen ninduen; nik neuk, ostera, arriskurik ikusten ez baneban be, ulertzekoa zan euren urduritasuna handik, Belfastetik jasoten zituen barriengaitik. Azkenerako, ni neu be larritzen hasi nintzan. Halan da be, denporea pasau da eta hasierako esperientzia haren ostean, gehiagotan egon naz Ipar Irlandan eta konturatu naz lehenengo ostera haretan gauza asko laga nituala ikusi barik eta, jakina, Belfasten kasuan, uriaren eta gauza askoren ganeko irudi okerra neukala. Belfasti leporatzen jakon indarkeriaren kutsu horren azpian gauza eder ugari dagozala ikusi neban.

Erakarpen bereziko bazterrak

Uriaren erdialdean jaun da jabe da Udaletxearen erakina eta inguruko parke eta kaleak leku aproposak dira paseorako. Merkataritza gune erraldoiak zein denda espezializatuak topauko dozuez bertan eta, bitxikeria legez, Marks & Spencer ezaguna be hortxe dago; shopping edo dendarik denda ibiltea maite dabenentzako paradisua beraz. Ingurune honeetan bizimodua askosaz azkarragoa eta estresagarriagoa da eta ez dauka bape zerikusirik bazter-auzoetako lasaitasunagaz. Londonen ikusi eta erabili geinkezan taxi ikusgarri horreek dagoz Belfasten be eta minibusakaz egin geinkeanaren antzera, aurrez pentsautako ibilbideak preparetako oso egokiak dira; zaharra eta barria buztartuta ze ibilgailu zahar horreen ondoan, kotxe modelo barri-barria eta karuenetakoa alboan dauela edota eskuko telefonoagaz eta ordenagailu portatilagaz beharrean dabilen ejekutiboa ikusi geinkez.

Hogei bat minutu oinez egin ezkero, Queen´s University of Belfast ospetsuko eraikin nagusia topauko dogu, XIX. mende amaierako eraikin dotorea; barrutik ikustea merezidu dau: gela eta areto zabalak, sabai altukoak, patio argiak..., batzuei Deustuko Unibersidadea etorriko jake gogora. Belfasteko Unibersidadean erritmoa ez da hain bizia eta ikasle giroaren usaina eta lasaitasuna igarriko doguz; belardiak edo landak ganezka egoten dira gehienetan, euririk edo ekatxik ez bada behintzat; dana dala, tenperaturea 15 bat gradura heltzen danean, udan dagozala pentsau eta neguko erropak baztertu eta praka labur, tirantedun kamisetak eta sandaliak ataraten ditue arin, klima epelagoetan bizi diranen harridurarako.

Meteorologia

Herri esaera batek dakarrena egia handia da: 'Europako Herrien artean, Irlandan bakarrik pasau daitekez lau urtaroak egun bakarrean'. Berbarako, uda sasoian erraza da goiz lainotsu eta hotz baten ostean, argi unada zabalak eta arratsalde sargoritsua ikustea eta, gau partean, sekulako ekatxa, euri zaparradak eta oinaztargi bildurgarriak sufridu behar izatea. Gogoan daukat udako egun sargoritsu horreetako bat. Lagun taldekook parke batera joatea erabagi genduan pic-nic antzekoa preparetako asmoagaz; lehenengo orduak onak izan ziran baina, azkenean, kasik uger egin behar izan genduan handik urtetako, ha izan zan euria botatea eta hotza!. Bitxia bada be, batzuetan euri zaparrada handiari iges egiteko metro batzuk korrika egitea baino ez da behar izaten aterrunadara eta zerua urdin dagoan lekura heltzeko.

Belfasten itzel pasauko dau turista eta jente pilaketa handiak gorroto dituanak, izan be, turista larregirik ez dau topauko eta, oro har, prezioak herrialdearen uriburuan, Londonen baino askosaz merkeago. Dana dala, Ipar Irlandan uri eta herriak ez eze, inguruak be ederrak dira: Euskal Herriko paisajearen antzekoak topauko dozuez: kosta malkartsuak, orografia menditsua eta nekazaritza-gune ederrak; abeltzaintzeak be berebiziko garrantzia dauka Irlandan eta Irlandako ipuin tradizionaletako eszenak be bizi geinkez. Ganera, lehen aitatutako kolore gris horrek ukutu basatia eta gogorra emoten deutso paisajeari eta nekez topauko doguz holakoak beste inon.

Londonderry, historia handiko uri txikia da (zoritxarreko Domeka Baltza) eta derrigor bisitau beharrekoa, batez be, ikuspegi orokorraren bila dabilenarentzat. Beste alde batetik, Dublin, Irlandako uriburua ez bisitetea pekatua dala pentsetan dot eta, kontuan izan, autobusez pare bat ordu eta erdira baino ez dagoala.