Sarean  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Sarean dantzan eta galdu barik

www.dantzan.com


Gaurtik aurrera Sarean bizkaieraz irakurteko aukerea egongo da eta hori pentsauezina zan orain denpora asko ez dala. Bizkaie! Aldizkaria bizkaiera huts-hutsean dator eta era askotako gaiak jorratzeko asmoagaz. Teknologia barriak gurean be sartu dira eta onerako seguru; Sarean edo zurrunbilo horretan sartzen ez danak jai dauka; gitxieneko ezagutza batzuk derrigorrak dira, baina hortik aurrera gozamenerako aukerak milaka. Interneten topau geinkena, Sarean ez galtzeko oharrak, trukoak, aukerak, programak, barriak, orrialde interesgarriak eta bestelakoak ezagutuarazoten ahaleginduko gara. Hasteko, orrialde interesgarri bat topauko dogu: dantzearen ganeko gunea.

Dantzarien eta dantzazaleen informazino trukea bideratzeko sortu da dantzan.com web orria eta dantzearen ganeko testuak, argazkiak, hemerotekea, azken argitalpenak eta bibliografia zabala ikusi daitekez bertan.

 Albistegia: dantzeari buruzko albistegi zabala. Dantzearen inguruan sortzen diran albisteak gehituz doaz atal honetan. Irakurleak bere taldearen edo alkartearen ganeko albistea gehitu leike bertan.

 Eguneko argazkia: egunero-egunero aldatzen da argazkia.

 Argitalpenak: dantzeagaz zerikusia daben liburu, disko, bideo eta CD-rom-en argitalpen barriak agertzen dira.

 Edukiak: dantzearen ganeko liburu eta artikuluak jasoten dira bertan. Honezkero, liburu oso bi eta zenbait txosten eta artikulu luze dagoz eskuragai.

 Hemeroteka: eguneroko prentsan zein aldizkarietan dantzeari buruz argitaratzen diran artikulu guztiak topauko dozuez bertan.

 Bibliografia: euskal dantza tradizionalari buruzko bibliografia osotua topau daiteke atal honetan. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Eusko Ikaskuntzak alkarteko Antropologia-Etnografia eta Folklore sailen arteko alkarlanaren emoitzea da bibliografia hau eta 3.000 sarrera inguru ditu.

 Loturak: Aurki edo DMOZ bilatzaileak integrauta ditu guneak, baina gehienbat dantzako atalak dira nabarmentzen diranak. Dantzeari buruz euskeraz, eta euskal dantzearen ganean edozein hizkuntzatan topau daitekezan web orri edo guneen direktorio osotuena eskuragai dago aitatutako helbidean.

 Posta zerrendea: Yahoogroups zerbitzuak eskaintzen dauen aukerea erabiliz, dantzan posta zerrendara sarrerea eskaintzen da dantzan.com helbidetik. Webgunea eta posta zerrendea bata bestearen osogarri dira eta, bien artean, euskal dantzearen agenteak aktibau eta kontaktuan jarteko modua eskaintzen dabe. Posta zerrendearen barri jentaurrean emon aurretik, 40 lagunetik gora harpidetu dira bertan, eta Gipuzkoako hainbat dantza talderen ordezkariez ganera, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko dantza talde, alkarte, eskola eta erakundeetako ordezkariak dagoz posta zerrendan.