Musikea  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

Nina Simonek agur

Jazz, soul eta blues zaleak doluminez


Panteras Negras taldeko kidea izan zan Nina Simone eta lehen protesta kantua 'Mississipi goddamn' 1963an sortu eban Medgar Evers-eko eta Alabamako Birminghaneko eskolan lau ume baltzen hilketen ondoren. Urte batzuk beranduago sortu ebazan 'Four women' (1966), 60. hamarkadako burruka zibilen ikur bihurtu zana eta 'Young, gifted and black' afroamerikarren ereserkia.

Arrazismo kontuez eta diskoetxeakaz eta gobernuaren zergakaz kokoteraino, 1974an Nina Simone bidaiari amorratu bihurtu zan eta Barbados, Liberia, Suitza, Paris, Holanda eta Frantzian zehar ibili zan. Azken urteotan Marsella ondoan bizi zan eta, dinogun lez, oraintsu hil da 70 urtegaz.

Jazz, soul, blues eta, oro har, musika baltzaren erregina eta, besteak beste, 'My Baby Just Cares for Me' eta 'I Put A Spell on You' lako kantu ederren egilea, Eunice Kathleen Waymon and.a apirilaren 21ean hil zan, azken 10 urteak egin dituan lekuan, hau da, Frantzia hegoaldeko Marsellatik hur dagoan Carry-le-Rouet-en. Zuzeneko azken kontzertua iges eskaini eban Polonian.

Nina Simone afroamerikarren eta zapalduen ahotsa zan, izan be, beti egin eban ipar amerikar baltzen eskubideen alde. Konpromiso horri eutsiz, 1969an Martin Luther King-en hilketearen ondoren, uko egin eutson aberriari Simone and.ak.

AEBetan, Ipar Karolinako Tryon urian jaio zan 1933ko zezeilaren 21ean. Zortzi aizta eta neben artean seigarrena zan, danak be, guraso beharginen seme-alabak. Lau urtegaz pianoa joten hasi zan eta aiztakaz batera, eleiza metodistearen koruan kantetan eban. Lehenengo piano kontzertua 10 urtegaz emon eban lehen esperientzia arrazistea sufridu eban uriko liburutegian. Emonaldi horretan, Simoneren gurasoak aretoko lehen iladako jesarlekuetatik atara egin zituen ikus-entzule zurientzat lekua ixteko. Antzeko egoera eta irainak sufridu ebazan aurrerantzean be eta Filadelfiako Curtis Ikastetxean berbarako ez eutsien bekarik emon baltza zalako.

Lehen esan dogun legez, pianoa joten txikitatik hasi bazan be (ikasketak New Yorkeko Julliarden egin zituan), familia aurrera atarateko abeslari lhasi zan beharrean Atlantic City-n; hori 1954an izan zan eta orduantxe aldatu eban izena: Nina (espainieratik hartuta, txikiena zala adierazoteko) eta Simone (Simone Signoret, Frantziako aktorearen izena eta jarduna haren gustokoak ziralako).

Urte batzuk beranduago, 1959an, lehen diskoa grabau eban Bethlehem Diskoetxeagaz eta pianojole, abeslari eta musikagile ezaguna izaten hasi zan. Geroago, 'I Love You Porgy', Ira eta George Gershwinen 'Porgy and Bess' operako kantuagaz sekulako arrakastea lortu eban miloe bat disko baino gehiago salduz. Hortik aurrera, jazz, gospel, blues eta soul doinuekaz hornidu eban errepertorioa, beti be, Duke Ellington handiaren eragin handiagaz.