Zinea  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

The quiet american


Filma 50eko hamarkadako Saigon istilutsuan girotuta dago, herrialde honetan izandako gerrarik odoltsuena eragin eben iparramerikarrak agertzen hasi ziranean, hatan be. Pelikulea geldoa da, baina ez aspergarria; istorioak Vietnamgo egoera larri eta gatazkatsuaren barri emoten dauen kazetari londrestar baten bizimodua kontetan deusku. Bertan bizi da maitaleagaz batera, sano gazte polit eta erakargarri bategaz, baina ezin dira ezkondu, kazetaria Ingalaterran ezkonduta dagoalako dibortzioa emoteko amesik bape ez dauen andra katoliko bategaz. Testuinguru honetan, Phuong ederragaz zoro-zoro maiteminduko dan gazte estadubatuarra ailegau da uri sargoritsu honetara. Bien bitartean, Vietnam hausten dabilen zorigaiztoko egoerea azalduko jaku modu gordinean; izan be, Frantziaren zapalkuntza kolonialari gero eta indartsuago dabilen komunismoa kontrajarten hasi jako. Edozelan be, hirugarren bidea be agertuko da: Vietnam komunista baten eraketea zelan edo halan oztopatu gura daben estadubatuarren sarrerea.

Kontakizuna flash-back luze baten bitartez garatzen da; horri esker jakingo dogu zelan ezagutu eban Thomasek korapiloa estutzen hasiko dan amerikar gazte eta lasaia. Narrazinoa bideratzeko, beraz, Noycek off-eko ahotsa erabili dau, baina horrek ez dau ikuslea ezelan be abroziduten edo kantsau eragiten. Guztiagaz be, neure eretxiz, amerikarren esku-hartze penagarriaren barri emoten deuskuen kazetari errotuluak sobran dagoz; horreek historiaren ganeko eskuliburu bateko osogai arruntak izanagaitik be, kontakizunari ez deutsie ezer be ekarten eta, ganera, edozein filmen oinarria, irudia, desitxuratu egiten dabe.

Edozelan be, filmaren gauzarik onena, duda barik, Michel Caineren interpretazino bikaina da. Antzezpen guztian, gerreak dakarren zinismoa eta desengainua islatu eta pelikuleari eusten deutso zatirik indargeenetan be. Azken baten, 'The quiet american' melodrama erromantiko eta korapilo politiko baten arteko nahasketa interesgarria da, ederto girotuta dago (Vietnamen bertan errodau eben) eta gaurkotasun handiko gaien inguruan egiten deusku berba; holan, maitasun eta adiskidetasun, leialtasun eta traizino nahiz heriotzearen eta aukera moralaren arteko hurreko erlazinoen ganean apur bat gehiago pentsetako modua izango dogu.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Phillip Noyce
- Herrialdeak: AEB, Alemania eta Australia
- Urtea: 2002
- Iraupena: 118 minutu
- Interpretazinoa: Michael Caine (Thomas Fowler), Brendan Fraser (Alden Pyle), Do Thi Hai Yen (Phuong), Rade Sherbedzija (Vigo ikuskatzailea), Tzi Ma (Hinh), Robert Stanton (Joe Tunney), Holmes Osborne (Bill Granger)....
- Gidoia: Christopher Hampton eta Robert Schenkkan; Graham Greene-ren nobela baten oinarrituta.