Heist
Euskal Herriko hegoalde honetan apirilaren bigarren astean 'Azken kolpea' izenburuaren pean estreinautako pelikula hau zine baltzaren erakusgarri ona da eta, beraz, ez da harritzekoa berari esker Hollywoodeko aspaldiko ukutu klasikoak igarteko aukerea izatea. Kontakizuna goi mailako lapurreta edo atraku perfektua egiteko trikimailuei esker ondo baino hobeto bideratuta badago be, gidoia derrigor aitatu beharreko elementua da. Izan be, film honetan aspaldion entzun doguzan alkarrizketarik onenetariko batzuk azaltzen dira, bai eta txapela kendu eta barrez lehertzeko moduko txiste sorta ederra be. Ganera, protagonistek darabilen erantzun jokoa ederra da, benetan, eta are ederragoa zorroztasuna eta mingostasuna modu zoragarrian antzezten daben aktore bikain honeen ahotan.
Lanbide honetako munstro bien arteko burrukea eta duelua Gene Hackman aktore nekaezin eta zoragarriak eta Danny DeVito barre eragile agortezinak antzezten dabe. Biei lar ezagunak izan ez baina lanbide hau ederto ezagutzen daben aktore onek laguntzen deutsee: Delroy Lindo, Sam Rockwell, Rebecca Pidgeon, Ricky Jay...; guztiek egiazkotasuna eta erritmo bizia emoten deutsie entretenimentu eta zine hutseko film honi.
Nire gusturako, amaieran amarruak eta trikimailuak neurriz kanpo metatu eta ikuslea ezustean harrapetako asmoak ganezka egin arren, aurretik pilatutako efektu kolpe ederrek eta barre algarek bigarren maila baten ixten dabe zulo txiki hau. Benetan dinotsuet, filmografiaren altxorra izan barik, momentu atseginak pasetako aukerea izango dozuela pelikula hau ikusteko erabagia hartzen badozue. Behingoz, pozik hartu beharko dogu atzeratutako estreinaldiz beteta agertzen jakun apiril honetan igazlehenean egindako film bat ikusteko modua izatea. Ez jatzue damutuko, helburu handi bako tarte dibertigarria igaro gura badozue.
Joseba Terreros
- Zuzendaritza eta gidoia: David Mamet.
- Herrialdea: AEB eta Kanada.
- Urtea: 2001 (AEBn 2001eko zemendiaren 9a estreinau zan).
- Iraupena: 109 minutu.
- Interpretazinoa: Gene Hackman (Joe Moore), Danny DeVito (Bergman), Delroy Lindo (Bobby Blane), Sam Rockwell (Jimmy Silk), Rebecca Pidgeon (Fran Moore), Ricky Jay (Don 'Pinky' Pincus), Patti LuPone (Betty Croft), Christopher Kaldor (Laszlo), Karen Cliche (Álex), Andreas Apergis, Tony Calabretta...