Eretxia  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

Futbola, kirola baino gehiago

Zorionak neskak!


Lehoi profesionalak bihotzaren barrenean doguz antxinatik baina lehoi emeek bihotza hamaikatxu zatitan apurtu deuskue euren beharragaz. Zorionak. Gaiaren harian, danon ahotan dabilen eztabaidearen aurrean, hau da, Athleticeko neskek gabarrea merezidu ete daben eztabaidearen aurrean, erantzuna argia da: BAI.

Unai Jauregi


Talaiatik begitu daigun zelako gizartean bizi garan. Kirola nagusi izaten da gure bizitzan. Horrek ez dau esan gura gure denpora librea ondo aprobetxetan dogunik kirola eginaz, sobran doguzanak mehetzeko. Ez dago, ez, horrenbeste kirolari gure inguruan. Deskantsua hartzeko lekurik preziatuenetakoa 'sillonbola' izaten da, hau da, beste batzuk kirola zelan egiten daben jesarrita ikustea gustetan jaku.

Duda barik, futbola izaten da gurean kirolik erakargarriena. Jentea erruz eta erraz mobiduten dau futbolak. Dirua be dezente dabil futbolaren munduan, fitxajeak dirala eta, telebistak dirala...; baina dirua motor handia bada be, bihotzak oraindino badauka zerikusi handia gaur egungo futbolaren munduan.

Bizkaian, berbarako badago inor Athleticekoa ez danik? Athleticek partidua jokatzen dauenean, bizitza gelditu egiten dala esan leiteke: banderak tabernetan, jentea zurigorriz jantzita eta lehoien eta lehoi emeen aldeko giroa nagusi Bizkaiko bazter guztietan.

Baina zaletasun hori ez da zerutiarra izaten. Zale bizkaitar askok euren taldearen aldeko sentimentuak era positiboan agertu barik, era negatiboan adierazoten ditue. Esan gura dot, euren taldea goraipatzeko beste talde batzuk gitxietsi eta iraindu behar izaten dituela.

Gauzak holan dirala, Erreala, Osasuna eta Alavesen kontrako oihuak eta txistuak eguneroko ogia dira San Mamesen edota futbol zaleen giroetan. Ez da gustoko platera euskaldunak euskaldunen kontra ikustea.

Ez dira txarrak, ez, zaleen arteko ziriak eta bromak. Hori da futbolaren gatza eta piperra. Zoritxarrez, bromazko kontu horreek bene-benetan hartzen dabez askok eta hasarre eta tirabira gogorrak izaten dira sarritan. Nire eretxiz, barregarri gelditzen dira asko Estaduko taldeen alde berba egiten dabenean, euskal taldeen kalterako.

Erridikuloagoa izaten da itxuraz oso abertzale diran batzuen jokabidea. Euskal taldearen aldeko jarrera erakutsi barik kanpokoaren alde agertzen diranean, probintzioanoari txarrikeria egiteagaitik. Hori bai kontraesana!

Pil-pilean dagoan sentimentu hori astindu egiten dabe zenbait komunikabidek. Inor gitxik jakingo dau Bizkaian eta Gipuzkoan gehien irakurten diran egunkariek euren artean adostu egiten dituela alkarri sartu beharreko ziriak. Eta hainbatek amua jan egiten dabe.