Bertsotan  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

Eta orain Udalbiltza...


Eta orain Udalbiltza...

Sarekada bat egiten dabe
eraso baten atzean,
umeek legez pataleta bat
sortzen jaken bakotxean.
Gau sakonean indarrez sartuz
hainbat lagunen etxean,
Madrilerantza eroaten dabez
buruz behera kotxean,
AuB legez kanpo itxi guran
dabilz zoroen antzean;
martxa honetan nork emongo dau
bere bozka maiatzean?

Udalbiltzara ailegau dira
eta itxi dabe ri-rau,
frankismoaren hegemoniak
Espainian sendo dirau.
Nazino osoa batu gurean
sortu zan erakunde hau,
bere horretan eutsi izan dau
nahiz ta batzuk 'jo ta pasau'.
Hauteskundeetan jazoak jazo
ezin gaitue engainau,
legez kanpoko hautetsiekin be
Udalbiltzak iraungo dau.

Animo Lander, animo Eider,
Oskar eta beste danok
Udalbiltzaren bidean eutsi
behar dogu euskaldunok.
Gaur pankartaren atzean oihu
egin arren mila ahok,
bihar barriro eraikuntzara
joko dabe mila gogok,
jarriko dabez zimentazino
sendoak ehundaka besok
ta martxan doan herria ez dau
inoz geratuko inok.

Onintza Enbeita

'Gaur pankartaren atzean oihu
egin arren mila ahok
bihar barriro eraikuntzara
joko dabe mila gogok
jarriko dabez zimentazino
sendoak ehundaka besok
ta martxan doan herria ez dau
inoz geratuko inok.

Onintza Enbeitari Bizkaierako bertsoak eskatu geuntsozan eta beste bertso batzuk prest izan baditu be, azken orduko jazoera batek azken orduko bertso batzuk egitera bultzatu dau, amorrutik jaio eta konbentzimentuaren bidetik alkartasunaren ateak joka datozan bertsoak. Aurreko hilebetean Egunkariaren itxierearen inguruko bertsoak idatzi euskuzan Iratxe Ibarrak. Oraingoan, gure herriak bizi dauen egoereak sortutako beste jazoera latz bati erantzuna emoten deutso Onintzak.

Enbeitatarren belaunaldi gazteena osotzen dau Onintzak, Zigor, Zihara, Oihane, Xabier eta Ardatzegaz batera. Hogeita hiru urte daukaz eta Muxikan bizi da. Lanbidez kazetaria, honezkero hainbat komunikabidetan ibili da, Egunkariako Bizkaia gehigarrian besteak beste. Bertsolari moduan bide polita egin dau; 1998an, 2000an eta 2002an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurreetara heldu zan. Bertso honeek Udalbiltzaren kontrako operazinoa egin eta hurrengo goizean idatzitakoak dira, azkar eta beroan.

IƱaki Aurrekoetxea