Glycine max = soia edo sojea (I)
Sojearen propiedadeak
Asiako herrialdeetan egindako ikerketa epidemiologikoen arabera, fitoestrogenoetan aberatsak diran elikagaiak (berbarako, sojea eta sojeagaz preparautako elikagaiak: shoyu, tofu, soja esnea...) kontsumidu ezkero, ondokoak dira onurak:
a) Menopausiaren sintomatologia askosaz leunagoa da.
Ikerketotan, menopausia sasoian egozan emakume ekialdetarrek sintoma gitxiago zituen: itodura, artikulazinoetako min, suminkortasun, umore aldaketa eta pisu aldaketa gitxiago, hain zuzen be. Edozelan be, leitekeena da, ekialdeko emakumeek menopausiaren inguruan daben jarrera eta pentsakera desbardinak be eragina izatea sintomak murrizteko orduan.
b) Hurrengo gaixotasunak agertzeko arrisku txikiagoa:
- Gaixotasun kardiobaskularrak.
- Apurtze osteoporotikoak.
- Minbizi mueta batzuk: bularretakoa, prostatakoa eta kolonekoa.
Sojea egunero jatearen ondorio onuragarri horreek aktibidade estrogenikoa daben konposatu batzuen eraginez emoten dira (genisteina eta daidzeina izeneko substantziak). Substantzia horreek fitoestrogenoen taldekoak dira eta ikuspuntu kimikotik isoflabonak dira (estrogeno naturalak, ostera, nukleo esteroide jatorrikoak eta, beraz, desbardinak).
Ikerketetako datuek adierazoten dabenez, sojea elikagaia izan arren, botika baten efektuak izan leikez eta, esangura horretan, gure ohiko elikagaietan sojea sartzea ohikoa da, sojeagaz aberastutako yogurrak, gosarirako sojadun edari bereziak...
Beste alde batetik, aitagarria da Europako Erkidegoan 1998ko irailetik aurrera ezarritako legearen arabera, Europan genetikoki transformatutako sojea erabili daitekela (era transgenikoan erabiltea baimendu zan lehenengo elikagaien artean dago).
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
'Zer da sojea, zereal bat?' itauntzen deustie sarritan, 'baina hori zelan jaten da?'; egia esan, zalantza-malantza asko sortzen dira elikagai honen harian. Oraingo honetan, gaia apur bat argitzen ahaleginduko gara.
Tradizinoz, euskaldunon eta europarron artean sojea jaten ez zan elikagaia izan arren, orain 30 bat urte gehienbat dietetikako dendetan saltzen hasi zan eta kontsumoak gora egin ahala, eskaintzea eta denda espezializatuak be asko ugaldu dira.
Lekaleen artean sartu behar da sojea
Sojea txinatar eta japoniar jatorriko eta papilionazean familiako lekale bat da (beraz ez da zereala). Beste izen batzukaz be ezaguna da: soya, ider txinarra edota leka koipetsua. Asiako lurretakoa da baina Europako lurretan be ondo hazten da; gaur egunean munduko soja produkzinoaren erdia AEBetan sortzen da.
Sojearen konposizinoa
Karbohidratoak % 22, koipeak % 18 eta proteinak % 40.
Ganerako lakaleek baino koipe gehiago eta proteina gehiago ditu eta bere erabilerea beste lekaleena baino ugariagoa da, forma aldetik batez be.
Sojea 8 aminoazido esentzialak dituan landare bakarra da, animalia jatorriko proteinen moduan; beste lekale eta landare guztiei aminoazido esentzialen bat falta jake baina sojeari ez. Horregaitik (eta itxura fisikoaren antzekotasunagaitik be bai), sojeagaz preparautako elikagai askori animalia jatorriko elikagaien izena ipinten jake: 'soja okelea' edo 'okela begetala' edota 'soja esnea'.
Maila praktikoan, gogoan hartzekoa da ondokoa: sojea jaten dogunean, animalia jatorriko proteina gitxiago jan behar dogu gure elikadurea orekatua izan daiten. Ez ahaztu, sarritan, larregi arduratzen garala, batez be, elikaduran ez dogulako gabezia edo eskasiarik gura eta, gehienetan, gehiegikeriak egiten doguz.
Lekale guztiak legez fibran aberatsa da sojea eta horren propiedade onuragarri guztiak beraz. Mineral aitagarrienen artean, fosforoa, burdina, potasioa eta kaltzioa ditu eta, bitaminen artean, B taldeko bitaminak azpimarrauko neukez.
Gure artean soja berdea (soja garauak berdeak diranean) eta soja gorria (garauak gorrixkak diranean) erabilten doguz egosietarako, berbarako lentejen moduan preparauta. Soja Berdearen garauak heldutasuna lortu ez dabenak dira eta euren koipe kopurua oraindino txikia da; kolore berdea klorofilearen eraginagaitik da. Soja berdearen entzima kopurua altua danez, mueta hau da ernetako erabilten dana. Ernetako sojea entsaladetan jan geinke; lehen, norberaren etxean sojea lurpean balego moduko baldintzetan ipinita ernetea lortzen zan (ilunetan, ura botata...) eta gaur egun, ostera, holako beharretan ibili barik, erneta erosi geinke dendetan. Soja germinatua gordinik dagoanez, mantenugai guztiak ditu eta horixe da elikagai gordinen berezitasuna.
Sojea koipetan aberatsa da, koipe insaturatuetan hain zuzen be eta, horregaitik, prozedura industrialen bidez sojea prentsatuz soja-orioa lortu daiteke. Behin orioa lortu ostean, gelditzen dan haziaren parteagaz soja malutak egin leitekez eta berbarako gosarietan esneagaz hartu geinkez. Beste alde batetik, sojatik koipetan aberatsa dan lezitinea be lortzen da.
Soja urunagaz be hainbat produktu preparau geinkez. Sojea lekalea dan ezkero, ez dauka glutenik eta, beraz, zeliakoentzat be ona da.