Euskerea berbagai  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

III. inkesta soziolinguistikoa


Euskerea ez doa atzeraka, haatik, erdi hutsik egoan botilea, neke handiz bada be, beteten gabilzala uste osoa daukat. Halan da be, makalaldiak edozein momentutan etorri leitekez, beraz, ez dago baikorkerietan denporea galtzerik, etorkizunaz azken berbea esaterik. Egin doguz urratsak, baina, euskerearen aldeko lasterketan ez dago etenik.

Erramun Osa

Orain gitxi kaleratu dira 2001eko EAEren III. inkesta soziolinguistikoaren emoitzak. Bagilean, Nafarroa eta Iparraldeko datuak argitara emotea espero da, bada, besteak beste, Iparraldeko biztanleen % 35 inguru egunero edo batzuetan euskeraz ari dala edota familia bidezko transmisinoari jagokonez, orain arte igarri dan eten nabarmena apaldu dala lako baieztapenak eginaz INSEE inkesta etxeak hizkuntza gitxituei buruz 1999ko erroldatik ataratako emoitzak egiaztatzen diran eta euskerearen bilakaeran joera aldaketarik dagoala esaterik badagoan jakiteko, ordura arte itxaron beharko dogu.

Halan da be, inkesta soziolinguistikoak, EAEri jagokonez, azken urteetan eremu desbardinetan somatu diran joerak, baita egin diran zenbait ikerketetatik ondorioztatutako emoitzak be, berretsi eta oso epe laburrean aldaketa sakonak bizitzen ari dan euskal gizartearen une bateko argazkia eskaintzen deusku, besteak beste, zahartzen ete doan, familia egituran aldaketa esanguratsuak jasaten ete dagoan, etorkinen etorrereak biztanleriaren galtzea apaltzea ekarri ete dauen, lurralde antolamentuan aldaketa gogorrak eta biztanleriaren lekualdatzeak bizi dituan gizarte bizi baten une bateko irudia.

Datuen arabera, euskerea aurrera doa. Batzuen eretxiz ez nahiko edo beharko litzatekeen abiaduran, beharbada, baina aurrera. Izan be, berrogeita hamar urtez azpikoen artean euskerearen ezagutzeak ez eze erabilereak be gora egin dau. Urte gehiago dituenen artean, barriz, ez dau gora egin, batetik, multzo horri euskerea ez dakienak gehitu jakozalako eta, bestetik, gizartean indarrean diran balioak aldatu ahala, familia egiturea bera be aldatuz doalako, horrenbeste ezen geroz eta jente gehiago bizi da egun bakar-bakarrik, egunero euskeraz jarduteko eban aukera ia bakarra –bikotekidea– hil eta gero.

EAEn gazteek euskerearen ezagutzea geroz eta zabalagoa dabe, baina, jaiotze-tasearen bilakaerearen ondorioz, horreen pisu demografikoa geroz eta apalagoa da, horrexegaitik, erabileran izan leikien eragina murritzagoa da. Horrek gogoeta eragin beharko leuke biztanleria helduaren artean, izan be, gazteei emon deutsegun neurriko erantzukizuna –gure hizkuntzea iraunarazotea– ez dator bat gehiengo garan helduok –erderaz– horren eroso moldatzen ari garan gizarte ereduagaz. Era berean, gazteen artean gertatu dan beste fenomeno bat aitatu beharko geunke, izan be, gazteen artean, etxeko girotik kanpo euskerea eskuratu dabenak jatorriz euskaldun diranak baino gehiago izatera heldu dira. Halan da be, bai hizkuntza gaitasunari jagokonez, baita hizkuntzea erabilteko aukerei zein jarrerei jagokenez be, desbardintasunak igarten dira.

Batetik biztanleria zahartzen, bestetik, giza eskubideak urratzen diran herrialdeetatik igesi edota askoren txirotasunean oinarritutako gitxi batzuen aberastasunen lilurak erakarrita, Euskal Herrian etorkinen emonaldi barriaren aurrean gagoz. Testuinguru horretan, zein izango da etorkinen emonaldi barrien hizkuntzea eta kultur erreferentzia? Ba, gizartean nagusi dana. Beraz, horrek ez dau euskerearen eta euskal kulturearen alde jokatzen, izan be, erronka gatxa izango da euskerearen premina larririk izango ez daben persona helduei euskeraz ikasteko gogoa suspertzea (inguruko helduak horretan be eredu ez badira are gitxiago). Eskola sasoian dagozan etorkinakaz aukerak ez dira errazak baina bai persona helduek dituenak baino ugariagoak. Beraz, horreekaz ondo asmau beharko da integrazino eta kulturen arteko bideak erabilten, euren hizkuntzea eta kulturea galdu barik, euskerea eta euskal kulturea bereganatu daiezan. Baina, horretarako askozaz giza eta diru baliabide gehiago bideratu behar jakez hezkuntza erakundeei, berba ederretan, gura eta ezinean ibiltea da, bestela.