Kulturea  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

'Dzanga geurera'

Ibilaldiaren 25. urteurrena Lekeition maiatzaren 18an


Iñigito (Txapelpunk): 'Jente guztia konbidau gura dot maiatzaren 18an Lekeitiora hurreratu daiten; aurten, gainera, Ibilaldia munduko lekurik politenean ospatuko da...'

'Bla, bla, bla, bla, bla. Stop' Txapelpunk taldearen 2. diskoa.

Iñigito Txapel Etsaiak taldean ezagutu genduan baina azken bolada honetan buru belarri dabil Txapelpunk proiektuan; honezkero, bigarren diskoa eta bere doinuak Euskal Herritik kanpo be entzun dira zuzenean, berbarako Kuban. Labur-labur baino ez bada be, diskoaren gaineko kontu batzuk jakin guran, Iñigitorengana jo dogu.

1. Azken boladan geratu barik zabilz. 'Bla, bla, bla, bla, bla. Stop' bigarren diskoa asko kostata azkenean kalean dago eta jentearen erantzuna sekulakoa izan da baita Kuban be ezta?

Disko guztiak asko kostata ataraten dira eta momentuaren arabera gauzak era batera edo bestera joaten dira. Hori bai, jentearen erantzuna itzela izan da eta web orrian kritika gitxi batzuekaz batera, berba eta eretxi onak jaso doguz. Kubako esperientzia be zoragarria; han jentea rock gose handiagaz dago eta eszenatokiaren aurreko guztia gainezka egoala eta, jentea teilatuetan be ikustea ederra izan zan.

2. Diskoa familiari eta lagunei eskaini deutsezu. Zergaitik?

Familia eta lagunak beti izaten dodaz nire inguruan, sekulako ekarpena egiten deustie. Txapelpunk ez gara eszenatokira igoten garanak bakarrik, inguruko guztiak be kontuan hartzekoak dira. Lekeitioko Gazteak taldeari be eskerrik beroenak emon behar deutsedaz.

3. Baxua, kitarrak, ahotsak, koruak, musikea... dana egin dozu disko honetan. Gizon-orkestra bihurtu zara?

Gizon-orkestra ez baina tresna bakotxagaz badakit zeozer egiten eta taldeko kideak lanpetuta ibili diranez, neuk egin dot ahal izan dodan guztia. Emoitzeagaz pozik geratu gara danok.

4. Etsaiak taldearen esperientziaren ondoren, bakarkako 2. diskoa punk eta rock doinuez ganezka. Punkaren eta rockaren susperraldia bizi dogula pentsetan dozu?

Euskal musikagintzan, azken hamarkadan edo hutsunea egon da punk musikeari jagokonez. Kontua da ze rocka eta punka beti egon dirala hor eta azken aldian RIP eta beste talde batzuen berrindartzeagaz susperraldia etorri da, danon onerako pentsetan dot.

5. Kontzertuetara joateko joera edo ohiturea makaldu dan unean, zuk zeuk ez dozu krisirik igarri?

Bai, igarten da aitatzen dozun makaltze hori eta leitekena da horren arrazoia talde barri asko sortu dirala izatea; eskaintza asko zabaldu da, musika estilo barriak sortu eta lehen indar handiegirik ez eben beste batzuk suspertu dira eta jentearen gustoak be ez dira orain 10 urtekoak. Dana dala, oro har, musikea eta kontzertuetara joateko beheranzko jokera hori pentsetan dot ez dala arduratzeko modukoa.

6. Bideoklip bat grabau dozue eta uda ostean barriro atzerrira joango zara. Hurrengo diskoa preparetako astirik be ez dozu izango?

Bideoklipa eta diskoa hor dagoz eta proiektu barriak be bai. Udan barriro Kubara joateko asmoagaz gabilz Banda Bassotigaz batera; guztiorregaz oso lanpetuta nabil eta disko barriaren gainean ezin deutsut ezer aurreratu.

Bizkaie!


Begiak jarri Otoion
talaieroak zer dion
baleak ere isla atzera
ei datoz udabarrion
marea gora ailega arte
jaia dugu Lekeition (BIS)

Dzanga aurrera
tenka aurrera
mundua zeurea da
Dzanga geurera
tenka aurrera
zatoz ibilaldira (LELOA)

Ibili eta ibili
Ibilaldia
zahar eta gazteak
kantatzen dabiltza
ibili eta ibili
Ibilaldia
eguna badator
egun berezia

Dzanga geurera (LELOA)
...

Geurera dzanga geurera
ikastolen kostaldera
ta danon altxor hortatik
edan berba eta bizikera
geugaz batera begiratzeko
gero itsaso zabalera (BIS)

Bertsoak: Peru Aranburu

Aurten, normalean baino arinago ospatuko da Bizkaiko Ikastolen aldeko Jaia, maiatzaren 18an hain zuzen be, normalean baino astebete arinago, Udal Hauteskundeak dirala eta.

Jon Sanchez (BIEkoBurua): 'Hogeita bost urte joan badira be, ikastoletako zerbitzuak gaurkotzeko, gurasoek eskatzen dituen kalidade estandarrak apliketako eta, oro har, beharrezko baliabideez horniduteko erabilten diran Ibilaldiak behar-beharrezkoak dira. Euskerearen normalizazino prozesuan ikastolek eta ikastolen aldeko jaiek egiten daben ekarpena handia izan arren, oraindino be egin beharrekoa urte askotako ekin gogorra izango da. Beste alde batetik argi itxi gura neuke jaiaren instrumentalizazinorik ez dogula onartuko.'

Jose de la Torre 'Purru' (Ibilaldia 2003ko koordinatzailea): 'Aurtengo helburuen artean honexek azpimarratuko neukez: alde batetik, ikastolen mobimentua eta gure proiektua sendotzea eta gure hizkuntza kalidadea hobetzea Lekeitioko kasuan eraikuntza barri bat eta Ondarroakoan hobekuntzak eginaz; bestetik, hezkuntza ereduak danon parte hartzea ahalbidetzen dauenez, gurasoen, ikasle-irakasleen eta herritar guztien alkarlana bultzatzea; horrezaz ganera, gure herritarrei ekarpen kultural zabala eskaini gura deutsegu.'

Peru Aranburu ('Dzanga geurera' abestiko berben sortzailea, bertsolaria, Lekeitioko Ikastolako ikasle ohia): 'Dzanga geurera berba jokoa da, erabat musikala. Dzanga, bai Lekeition eta baita Ondarroan, uretara buruz behera salto egitea da. Moila ganetik, batel batetik, altuera batetik beti. Hau egiten dauenak, aurretiaz erabagita eta ausardiaz egiten dau. Balore horreek guztiak transmitidu gura izan doguz berba honeekaz. Geurera dinogunean, geure hezkuntza eredu propioa esan gura dogu: geure hizkuntza, geure kulturea, geure ikastola mobimentura. Dzanga geurera, beraz, ekintza aktiboa da, mobimentua adierazoten dauena, ez da estatikoa, estatikoa ez dan moduan hezkuntza eta ikastolen mobimentua. Logotipoko baleari jagokonez, ez da diseinu hutsa. Balea euskereagaz eta euskal kultureagaz konparau daiteke. Balea zaindu ezean desagertzeko arriskuan dago eta gure hizkuntzea eta kulturea be bai. Balea animalia sendo eta handia da, taldean doana, gure ikastolen mobimentuaren antzera. Ganera, balea Lekeitio eta Ondarroako ezaugarri be bada, herri bietako armarrietan agertzen da eta herri arrantzaleak oso ondo irudikatzen ditu.'