Antxina-barri  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

'Quiviraren lilura'

Juan Oñateren abentura Mexiko Barrian


Hiru gudalburuek, Rio Grande ibaiaren inguruan ziran lurrak ezagutzen emon zituen hurrengo hilebeteak. Juan Oñate gobernua eratzen eta bere kargua gobernadore legez aurrera eroaten ahalegindu zan. Vicentek, gaur egungo Texas eta Oklahomako lurretatik jarraitu eban. Espedizino honeetan, bufalo edo bisonte amerikarraren atzetik egindako saiakerak aitatu geinkez. Ordutik doguz euskaldun horreek indiarren bizitzaz eta itxuraz egindako deskribapenik onenak. Harrituta geratu zan gure gizona han ikusitako 'behi handi' taldeakaz eta bardin indiarrakaz izandako hartu-emonakaz. Berak dinoanez, benetan bitxiak ziran: ehiztari trebeak izateaz aparte, fisikoki gogorrak ziran eta ez sinistekoa bazan be, euren etxeak desegin eta batetik bestera eroaten zituen eurekaz, horretarako txakurrek tirautako burditxuak erabiliz. Halan ba, Vicenteren asmoa, lehenengo batean, bisonteak bizirik eroatea bazan, azkenean ezinezkoa zala-eta hainbat buru hil eta beragaz eroan zituan Juan Oñateri erakusteko. Haren anaia Juan, Acomako indiarrakaz burrukan ibili eta hil egin eben. Horren barri heldu jakonean, Juan de Oñatek, indiarrak zigortzea erabagi eban eta enkargu zehatza emon eutson Vicente Zaldibarreri. Halan ba, 1599an Acomako indiarren kontra gogor egin eben gudariak eta nahiz eta burrukaldia erraza ez izan, azkenenan hainbat indiar hil zituen.

Deskantsurako eta menpean hartutako lurraldeak antolatzeko urte batzuk pasau eta gero, barriro Juan Oñatek lur barriak topateari ekin eutson. Espedizino barri honen atzean, betiko moduan eta behin botere politikoa lortuta, aberasteko asmoa egoan. Horretarako, beharrezkoa eben hainbat ipuinetan aitatzen zan 'Quivira', urregorriz beteriko lur mamintsua topetea. Halan, 1601. urtean, barriro San Gabrieleko (gaur egungo Los Alamos herriaren inguruan) kanpamentutik urten, sortalderantz jo eta Kansaseko lurretatik gaur egungo Wichita uria baino iparralderago egozan lurretara heldu ziran. Juan Oñateren esanetan, bidaia ez zan gogorra izan eta gura izan ezkero, Iparreko Itsasora heltzeko be aukerea izango eben, euren ustez, itsaso hori ez zalako lar urrun egon behar-eta, ikusitako indioetariko batzuk itsasoko txirlak eroiezalako apaingarri.

Beste hiru urteko deskantsua hartu eta Juan Oñatek, azken ibilaldia izango zanari ekin eutson. San Gabriel uritik abiatu eta mendebalderantz egin eban oraingoan. Halan ba, 1604ko urrian, Colorado ibaiagaz topo egin eta ibaia hego parterantz jarraituz, Pazifikoko Itsasora heldu zan, bidean hainbat indiar topau ondoren. Edozelan be, urregorriz beteriko lurrak ez ziran inondik inora agertzen eta Juan Oñate ezelako esperantza barik, barriro urtekerako lekura bueltau zan. Bertan egon zan, 'topautako' lur barrien Gobernadore modura 1608. urtera arte. Azkenean, urte horretan, Mexiko Barriko lurretatik alde egitea erabagi eban.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.


Sarritan ikusten doguz telebistan AEBetako mendebaldeko 'konkistearen' gaineko filmak. Beti be, unaiak edo behizainak eta indiarrak ikusten doguz burrukan. Zaldiek tiraka eroaten dabezan burdiak eta abere ilada luzeak dira, pelikula honeek emoten deuskuen irudirik ezagunena. Filmak gehienetan, XIX. mendeko giroa erakusten dabe. Dana dala, gaur egun AEBk diran lurralde zabal horreetako 'konkistearen' lehenengo atalak, askozaz be arinago hasi ziran. Eta historia horretako lehenengo urteetan euskaldunak be zeresana izan eben. Hurrengo lerroetan, burruka horreetariko lehenengo urteak ezagutzeko aukerea izango dogu.

Egin daigun mende batzuetako saltoa eta jar gaitezan XVI. mendeko azkenengo urteetan. Kristobal Kolonek egindako bidaiatik ehun urte pasauta egozan, gitxi gorabehera, eta Europatik eta, batez be, Espainiako Erregeen menpe ziran lurraldeetatik, gero eta jende gehiago hurreratzen zan, oraindino ezagutu bako herrietara, urre gorriaren kontakizunak eraginda, aberasteko asmoz. Horreen artean, Oñatetarrak doguz lehenengoetarikoak. Kristobal Oñate, Oñatin jaiotako euskalduna, 1524an heldu zan, orduan Espainia Barria izeneko lurraldeetara, gaur egungo Mexikora. Hango indiarrakaz burrukan egin ondoren, lurren jabetza lortu eta aberastu egin zan gure gizona. Kristobalek 1550ean seme bat izan eban, Juan Oñate. Hauxe da gure historiako protagonistea.

Juanek be aitaren bideari jarraituz, lurralde barriak ezagutzeko asmoa, gazterik agertu eban. Halan ba, Aitak Ipar Mexikoko lurraldeetan hasitako beharrari ekitea erabagi eban. Baina berea ez zan izan saiakera militarra bakarrik. Juanek beragaz sendi osoak eroan zituan eta horreei, harrapautako lurrak emonaz, herritxuak sortzea zan bere helburua.

1595ean, asmoak Luis Velasco Erregearen ordezkariari aurkeztu eta honen oneretxia lortu eban Oñatek. Baina bere zoritxarrerako ordezkaria aldatu eta urte bi itxaron behar izan zituan benetan espedizinoa martxan ipinteko. Beraz, hasierea 1597an izan zan. Juan Oñatek gidatzen eban jente iladea ez zan edozelakoa. Lehen esan dogun legez, ordura arteko ibilaldi gehienak gudariz eta frailez osotuak baziran, Juan Oñateren asmoa beste bat izanda, bere espedizinoan, era guztietako pertsonaiak batu ziran: 129 gudari, euretariko batzuk euren familiakaz batera, bederatzi frantziskotar, tresna desbardin eta janariagaz kargautako 83 burdi eta zazpi mila ardi.

Danak martxan ipini eta iparralderako bidea hartu eben Juan Oñatek eta beragaz joiazan Vicente eta Juan Zaldibarrek. Halan heldu ziran Rio Grandeko ingurura, hain zuzen be gaur egun El Paso uria dagoan lekura, 1598ko apirila aldera. Bidaiaren eraginez, bide barriak zabaltzea lortu eban euskaldunak eta hemen emon daiteke amaitutzat Juan Oñatek gidatutako bidaiaren lehenengo zatia.