Belfast (I)
Gorrotoaren eta armoniaren artean
Erdi mailako familiak
Normalean familiak ez dira bizi pisuetan pisu biko etxebizitzetan baino. Erdi mailako familia baten batez besteko bizitza mailea Bizkaiko familia batenaren antzekoa da nahiz eta euren errenta ia-ia bikotxa izan; bizimodua oso karu dago Irlandan. Bestalde, familia bizitzako ohiturak desbardinak dira katoliko eta protestanteen artean. Katolikuek gizarte arau zorrotzagoak eta kontserbadoreagoak erabili ditue eta, besteak beste, familiako kideek batera bazkaltzeko ohitureari eusten deutsie. Protestanteek, barriz, britainiar bizimoduaren eragin handia izan dabe urteetan eta, horren eraginez, familiako kiden arteko hartu-emonak ez dira hain estuak. Batzuen eta besteen bizitza kalidadean gorabehera handiak dagoz: lanposturik eta soldatarik onenak protestanteentzat dira eta katolikuak, barriz, garrantzi ekonomiko txikiagoko lanpostuekaz konformau behar dira. Horregaitik eta bestelako arrazoi batzuengaitik, bi aldeen arteko tentsinoa eta tirabirak dira nagusi. Gizarteko sektore askotan igarten dira tirabirak eta ezinikusia eta bardin Unibersidadeko ikasleen matrikulazinoan be. Bardintasunerantz aurrera pausuak emon badira be, oraindino 65 // 35eko portzentajea aitatzen da protestanteen alde.
Zorionez, orain denpora asko ez dala ezinezkoa edo oso gatxa emoten eban konponbidea edo berradiskidetzea gero eta hurrago dago 2003an edo horren esperantzan gagoz behintzat. Gogoratuko dozuez orain urte eta erdiko egoerea eta irudi gogorrak: eskolara bidean, auzo protestanteetan ume katolikuen kalbarioa edo gizakiaren burubakokeria. Zentzunez eta gizatasunez jokatzen hasteko ordua da. Hala biz!
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.
Ipar Irlandako uriburua Bilboren antzekoa da bai neurriz eta bai bietan bizi diran arazoei jagokenez. Indarkeria giroa izan da nagusi Belfasten baina, zorionez, emoten dau abeniko-giroa nagusitzen doala eta konponbidea gero eta hurrago ikusten dala.
Belfast bisitau neban lehen aldia 1998ko garagarrilean izan zan, sasoi horretan, pil-pilean egoan gatazkeak erakarrita zelanbait, izan be, gerrako erreportari beharra egiteko zoratzen nengoan (gazteen kontuak). Hilebete luzean egon nintzan bertan eta gauza asko ikasi nituan, besteak beste, akaso munduko gizarterik zatituena eta bereiziena zanaren gorabehera eta ezaugarriak hur-hurretik ezagutu nituan. Ondo gogoan daukat Belfastera heldu eta biharamunean Portadownera joan nintzala protestanteen desfilea ikustera; auzo katolikoan zeharreko ibilbidea galarazota eukan gobernuak eta poliziako eta armadako 5.000 mila kide baino gehiago egozan inguruetan. Istiluak eta aurrez-aurreko larriak izan ziran eta nik neuk argazkiak atarateko aprobetxau nituan momentu horreek.
Zatitutako uria
Belfasteko zenbait lekutan paseoan ibiltea gauza ederra barik, tristea zan; 1998an, kale kantoi bakotxean britainiar soldaduak egozan goitik behera armaz josita. Tanketa eta ibilgailu blindatuak edonon ikusten ziran eta, horrezaz ganera, urian zatiketea zan nagusi, egoera gogorra benetan: alde batetik, alde protestantea, alde aberats eta oparoena, uriaren erdialdean; beste alde batetik, auzo katolikoak, ingurune pobre eta degradatuak. Lehenengoz han egon nintzanean, hesi metaliko batek bereizten zituan alde biak. Azken aldiz, 2001. urtean, lehengo lekuan egoan hesia nahiz eta Ipar Irlandako gatazka giroa ordurako nahikoa bare egon.
Pintadak dira nagusi edo bereizgarri auzoetan. Alde bien terrorismoaren apologia muturrera eroanda. Sandy Row, alde protestanteko kalerik esanguratsuena da eta bertan hormirudi erraldoiak dagoz talde armatu desbardinen gorazarrez. Hormirudi horreek fatxada osoa hartzen dabe kasu askotan eta arpegia tapauta eta ondo armautako gizonezkoen irudiak dagoz margoztuta. UFF, UDA eta bestelako talde batzuk badabe euren hormirudia kale horretan. Lest don´t forget (ez dogu inoiz ahaztuko) lako lemak agiri dira armautako gizonezkoen irudien azpialdean eta, beraz, baikortasun antropologikorako aukera larregirik ez dago.
Alde katolikoan be zenbat-gura hormirudi dagoz baina, jakina, euren talde eta buruzagien gorazarrez. IRAko kideen edo benetako IRA taldeko kideen irudiak eta lema edo mezuak ez dira falta; dana dala, Ulsterreko poliziako kideak be agiri dira eta azpian go home (alde hemendik) mezuak. Antzeko hormirudiak dagoz inguruetako herrietan be. Barregarria edo dibertigarria emoten dau baina egoerea oso tristea da, indarkeria giroa oso larria da eta istiluetan zein atentaduetan lagun asko hil dira.
Eguneroko bizimodua
Kontuak kontu, ez dot uste bidezkoa danik Belfasteko herritarrak eta, oro har, Ipar Irlandako herritar guztiak, tristeak, indarkeria zaleak, intoleranteak eta saminez edo gorrotoz betetakoak dirala esatea. Kontrakoa esango neuke, hau da, Ipar Irlandako herritarrak, hegoaldekoakaz batera, oso alaiak, zintzoak eta bihotz onekoak dira. Queen´s University of Belfast ezagunean egonalditxua egin neban eta benetan esperientzia polita izan zan; era guztietako lagunak topau nituan eta honako ondorioa atara neban: euren erlijino-ideologian eta jarrera politikoetan sartu barik, jente eskuzabala, abegikorra zintzoa zala.
Gaueko giroaren bila ibili ezkero, uriaren erdialdeko pub eta diskoteketara joatea da onena; ezagunenetakoak The Fly eta Manhattan dira eta horreetan zein inguruan dagozan beste batzuetan, arraza, ideologia eta adin guztietako lagunak alkartzen dira, gehienetan ezelako arazo barik, tarteka burrukaldi batzuk izaten badira be. Euskal Herrian legez, tabernarik taberna ibilteko ohiturarik ez dago eta Belfasteko kaleetan poliziak alkoholdun edariak edaten harrapau ezkero, isun ederrak pagau behar izaten dira. Horrezaz ganera, goizaldeko ordubietan akabo parrandea edo uju eta aja guztiak eta, ganera, matrakak ebitetako blindatu, tanketa eta guzti, ejerzitoa topauko dogu diskotekaren kanpoaldean.