Barriketan  II. urtea // 25. zenbakia - 2003ko maiatzaren 1a

Gorane Agirre: 'Euskal eskola nazionalaren barruan, ikastolak beste aukera bat dira'

BIE 25 urte


Bizkaiko Ikastolen Elkarteak (BIE) eta Ibilaldiak 25 urteurrena ospatzen dabe aurten eta data gogoangarriaren harian, Ibilaldia eta 'BIE, 25 urte' liburua aitatuko doguz.

Lea Artibaiko ikastolek antolatzen dabe aurtengo Ibilaldia, Ondarroako Zubi Zaharrek eta Lekeitioko R. Mª Azkuek hain zuzen be. Ondarroan 1993an Ibilaldia egin zanean be alkarregaz antolatu eben. Lekeition, maiatzaren 18an izango da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, 'Dzanga geurera' lelopean.

Beste alde batetik, 'BIE, 25 urte' liburua plazaratu dabe oraintsu; helburua bikotxa izan da, hau da, BIEren historia jasotea eta ikastolen mobimentuaren memoria kolektibizetea. Edozelan be, ikastolen historia eta mobimentua zabal aztertzeko asmoagaz, Gorane Agirre liburuaren egilea prest agertu da gure itaunei erantzuteko.

Bizkaiko Ikastolen Elkartea sortu baino askosaz lehenago, ikastolen historian, 1914. urtean, Miguel Muñoak sortutako Koruko Andra Mariaren Ikastetxea izan daiteke lehen erreferentzia; geroago, 1932an, sortu ziran Euskal Ikastolen Federazinoa eta Errotatxuetako Ikastetxea eta orain 25 urte Bizkaiko Ikastolen Elkartea, batez be, euren arazo eta beharrizanei erantzun bateratua emoteko asmoagaz.

1. XX. mendearen hasieran, euskal kulturea berrindartzeko egoan asmoagaz batera kokatu geinke ikastolen sorrerea?

Sasoi horretan baegoan bai euskal kulturea berrindartzeko asmoa eta ez da kasualidadea hortxe kokatzea euskerea eta hezkuntzea buztartzeko lehenengo ahaleginak. R M Azkue Ikastetxea 1856an sortu zan, mutilentzako eskolea zan eta euskerazko irakaskuntzea barik euskerea ikasgai legez baino ez eben emoten. Euskal eskolen artean, Plaza Barrian 1908an eta 1914an, Kolon de Larreategin sortutakoak aitatu behar doguz. Ekimen txikiak izan arren, oso esanguratsuak izan ziran gerora. Bizkaiko Auzo Eskolak proiektua etorri zan gero, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta baina gerra zibila tarteko, proiektua ez zan luzarorako izan. Geroago, Gipuzkoan Bizkaian baino gehiago bultzatu zan Eusko Ikastolen Batza dogu eta ikastolen oinarri legez hartu geinkez Elvira Zipritiak Gipuzkoan bultzatu zituan Euskal Eskolak. Zortzi ikaslez osotutako taldetxuak ziran, familia euskaldunekoak, abertzaleak eta, kasu honetan, euskerazko irakaskuntzea jasoten eben umeek. Dana dala, guk ez doguz oraindino ikastolatzat hartzen etxe barruko dinamikan sortu ziralako; guretzat, Euskal Herriko lehenengo ikastolea San Nikolas eleizan 1957an sortutakoa izan zan eta hor, lehenengoz, etxe batetik kanpo 30 ume batu zituen. Halan da be, debekuak arin bota eban hankaz gora proiektu hau be. Hurrengo ikasturtean, barriro ekin eutsen beharrari eta Iralabarriko Abadeen komentuan beste urtebete egin eben. Arazoak, oztopoak, debekuak bata bestearen gainean etozala ikusita, umeak etxez etxe banatzea erabagi eben eta zelanbait holan sortu ziran ikastolak. Laster, Bilboko RM Azkue sortu zan, gero Elkano izango zana eta, gaur egun, Lauro legez ezagutzen doguna. Kontua da ze, 60. hamarkadearen amaieran, Bizkaiko herri gehienetan martxan egozala ikastolak. Bizkaiko Ikastolen Federazinoa 64an sortu zan, juridikoki 77ra arte sortu ez bazan be.

2. Ikastolen mobimentuak eta Bizkaiko Alkarteak berak be momentu onak eta txarrak biziko zituen historian zehar. Zeintzuk azpimarrauko zeunkez?

Erronkak eta momentu onak beti, uneoro dagoz eta txarren artean, batez be, hasierako sasoi hareek pentsetan dot gogorrak izango zirala. Zer gura eben argi izan arren eta ikastolen proiektuan sinistu arren, ez ekien zer etorriko zan gero eta zalantza-malantza horreek ez ziran bape ederrak izango. Gero, jakina, momentu txarrak egon dira: legeak, dekretuak, eskasia ekonomikoa, salaketak...

3. Atzoko eta gaurko ikastolen artean badagoz aldeak baina BIEren helburuak edo egitekoak bardin antzekoak dira atzo eta gaur, ezta?

Baietz uste dot. Asmoa beti izan da gure umeak euskeraz eta euskaldun hazi eta hezitzea. Ikastolen filosofiak eta hezkuntza proiektuak bere horretan segiduten dabe eta gaur egungo federazinoaren helburuak be lehengoak dira, hau da, danen arazo eta beharrizanei erantzun edo konponbide bateratuak emotea. Gaiaren harian, aspaldi sortutako proiektuak martxan dagoz oraindino, besteak beste, udalekuak, kirolak, zerbitzu pedagogikoa eta testugintzea; jakina, egokitzapenak be egin behar izan dira, momentuan momentuko preminei erantzun ahal izateko.

4. Zelan sortu zan 'BIE, 25 urte' liburua idazteko asmoa?

Hasieran zeuk be esan dozu. Denporea aurrera doa, federazinoan jente barria sartzen doa eta konturatu barik 25 urte egin ditu. Atxakia horregaz, historia jasotea garrantzitsua zala pentsau genduan eta, horrezaz ganera, norberak edo mundu honetan dabilenak gora behera guztien barri izan arren, historia hori kolektibizetea beharrezkoa zala. Horrezaz ganera, urte horreetan guztietan ikastolen alde behar handia egin daben guztiei be zeozelako omenaldia egin gura izan deutsegu, eurei eskerrak emoteko be balio dauela uste dot, azken batean, nondik gatozen eta nora goazen jakiteko ona izaten dalako gure aurrekoek egindako beharra kontuan hartzea.

5. Dokumentazino batze beharra egin beharko zenduan liburua idazten hasi aurretik. Ezustekorik izan dozu prozesu horretan?

Ezusteko handiena baina ederra hasieran hartu neban; liburu hau idazteko proposamena egin eustienean, 25 urteko historia jasoteko eskatu eustien baina laster, ezuste handia hartu neban, beste 13 urteko tartea be kontuan hartu behar zalako: Bizkaiko Ikastolen Federazinoa 77an sortu zan juridikoki baina 64an hasi zan beharrean. Dokumentazinoa 77. urtetik aurrerakoa da eta, beraz, 13 urteko tarte horretarako, guraso, maisu-maistra eta liberatuengana jo behar izan dot. Benetan harritu nauena jentearen behar egiteko gogoa eta alkarlanerako gaitasuna izan da; diferentzia guztien gainetik, helburuak argi dagozanean, jentea kapaz dala ilusino handiagaz behar egiteko. Sasoi haretan, jente asko batzen zan ikastolen proiektura eta, horren erakusgarri, Joseba Arrietak kontetan eban Francoren sasoian Orozkon ikastola bat sortzeko egozanean, lehenengo batzarrean goardia zibil batek bere seme-alabak ikastolara bialdu gura zituala adierazo eutsiela.


6. Bizkaiko ikastolen aldeko beharrean nabarmendu diranen zerrenda osoa aitatzea gatxa izan daiteke baina batzuk azpimarratzearren, zeintzuk aitatuko zeunkez?

Izenak emotea oso gatxa da. Ikastola proiektu guztien atzean aita-ama, laguntzaile eta liberatu asko egon dira eta, jakina, zerrenda osoa emotea ezinezkoa da. Asko izan dira soldata barik behar egin daben maisu-maistrak, hilaren amaieran zer pasauko zan jakin barik eta horren ardura barik. Horreen guztien ekarpena upealakoa izan da. Dana dala, 25. urteurreneko ekitaldian persona batzuk omendu doguz: federazinoaren benetako sortzaileak izan ziranak, BIEko lehendakari izan diran zortzi lagunak eta federazinoko artezkaritza batzan urte asko egin dituenak.

7. Gaur egungo eskaintza zabalaren aurrean, seme-alabak ikastolara bialtzea jarrera politikoa ete da?

Ez dot pentsetan jarrera politikoa danik. Ikastoletan aukera politiko desbardineko gurasoak dagoz. Ikastola proiektuan sinisten dauen jentea hurreratzen da, umeak euskaldun hazi eta hezitzea helburu daben gurasoak hain zuzen be. Bizkaian ikastola guztiak kooperatiba dira eta horrek gurasoen inplikazinoa eskatzen dau eguneroko jardunbidean eta, beraz, gauza asko nahasten dirala esango neuke.

8. Ikastola pribatuak, publifikazino prozesua eta 93ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak bazterrak astindu zituan. Gaur egun, zelakoa da egoerea?

Duda barik, 93ko prozesu hori gogorra izan zan. Publifikazinoaren kontrako eta aldeko jarrerak egon ziran. Batzuk publikoaren bidea aukeratu eben eta beste batzuk, ostera, pribatuaren edo, partaidetza sozialeko ikastolena. Gaur egun, ikastolak ez dira sentiduten ez publiko ez pribatu, ikastolek euren identidadea aldarrikatzen jarraitzen dabe; ikastolak nortasun handiko ereduak dira eta euskal eskola nazionalaren gainean berba egiten danean, beharbada horixe da helburua baina horren barruan ikastolak beste aukera bat dirala pentsetan dot.

9. Ikastoletako patioetan umeak erderaz berbetan entzutea ez da bape arraroa. Zer egin da txarto edo zein da konponbidea?

Zer egin dogun txarto identifiketea ez da erraza. Ez da ahaztu behar zein gizartetan bizi garan, gure umeek nondik jasoten daben informazinoa, ze eragin daben; testuinguru orokorra kontuan hartu behar da. Aitatu dozun egoera horrezaz aspaldi konturatu zan Ikastolen Alkartea eta 'Euskeraz bizi' proiektua abiarazo eban, gure umeek eskola orduetatik kanpo be euskerea gehiago erabili daien. Horren barruan ekimen piloa bideratzen gabilz egoera horri bueltea emoteko.

10. Ikastola proiektuak aurrera atarateko, gaur egun be behar-beharrezkoak dira Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Herri Urrats lako jaialdiak. Zerenbestekoa da ikastolen aldeko jai horreen garrantzia?

Lurralde bakotxeko ikastolen jaiak dira eta helburuak, besteak beste, ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera emotea eta herri dinamikan sartzea. Jakina, helburu ekonomikoak be ez dira ahaztu behar; denporea aurrera joan ahala, ikastolek inbertsino handiak egin behar izaten ditue momentuan momentuko egoeretara egokitzeko (DBHk ekarri dituan aldaketak, teknologia barriak...) eta jaialdi horreetan ataratako diruagaz gauza asko egiten dira. Helburuak eta preminak asko dira eta nik uste dot behar-beharrezkoak dirala oraindino be. Hori bai, noz edo noz ikastolek premina ekonomiko barik aurrera egitea lortu arren, jaialdi horreek ez litzatekez desagertuko, ikastolen urteroko jaia egitea bidezkoa dalako.

Ikastolen aldeko jaiak:

- Herri Urrats: Senperen, maiatzaren 11n.
- Ibilaldia: Lekeitio-Ondarrun, maiatzaren 18an.
- Araba Euskeraz: Oionen, bagilaren 8an.
- Kilometroak: Lazkaon, urriaren 5ean.
- Nafarroa Oinez: Irunberri-Lunbierren, urriaren 19an.

Koldo Isusi Zuazo