Kulturea  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Euskerea, bizkaierea, kulturea


Hegoa erakutsi, ez neuke gura inork nire lerrook inori hegoa non dan erakutsi guratzat hartzerik. Kulturearen eta herrigintzearen haizeei adi egotea bihurtuarazo dogu batzuk bizitzako hego. Gero, horreen ganean idaztea, gogoeteari hegalak eskaintzea baino ez da, irakurle hori.

Edorta Jimenez

Lerrook ordenagailuz idaztea eta, gero, jomuga jaken irakurlearen begietara telefono hariz ailegauarazo ahal izatea dogu bizi garan sasoi historiko honen ezaugarrietako bat. Lerrook euskeraz idatzi eta irakurri ahal izatea, ostera, historiaren deiadarrari huts egin ez deutsagun seinalea da. Aitzitik, sasoi honetan hedabide elektroniko honetan bizkaieraz-edo idaztea zertara datorren, horra gakoa.

Lehengo batean Eusko Jaurlaritzan hizkuntzearen arloaren ardurea daroan Patxi Goenaga jaunaren berbaldia entzuteko erea izan genduan, Euskaldunon Egunkariaren Bizkaia orrialdeetan igaz argitaratu ziran BBK-Erreportajeen sarien banaketa ekitaldian. Euskalkien lekuaz jardun eban gu besteok Gramatika bideetan atseginez sartu ginduzan gizonak. Herrietako aldizkarietan tokian tokiko berbeteari halako lekua emotean eta, batez be, berbeta hori papelera aldatzeko moduetan ez ei dau hizkuntzearentzat etorkizunik ikusten. Ez da eretxi horretan dagoan bakarra. Idatzita ikusten dana barruan norberak daroan moduan irakurri ezketino berbeten auziaren alderdi handi bat konponduta legokela inoan Goenaga euskaltzainak. Bat nator horretan, baina nahikoa ez dalakoan be banago ni.

Zein euskera non erabili auzian argitasun tindi bat ekartearren, Xabier Montoyaren azkena aitatu leiteke. ‘Baina bihotzak dio’ izenekoaz nabil, bai.

Xabier Montoyaren libururen bat euskerea dala eta aitatzea ez da lagunari mesede egitea izango baina, kontetan dituenetan sartu orduko komenigarri deritxot hizkuntzearen alderdi horri be begiratzea.

Sormena estandarizazino antzuari iges egitea bada –eta halantxe dalakoan nago ni–, horixe da Montoyak euskalkiakaz egiten dauen erabilerea. Pertsonaiak euskaldunak dirala erakusteko moduetako bat pertsonaia horreen ahoetan euskera sinisgarria –ahozkoa– ipintea da.

Bestela, Montoyaren azkenaren ardatza zertan dan edonork igarten dau, behingoan, Iparragirreren harako haren oihartzuna ezin argiagoa da eta. Hamahiru ipuin dira, hamahiruak hemengo diasporeaz diharduenak. Era askotako diasporak dagoz eta.

Ipuin guztien artean Australiara diru apur bat egiten joan eta urteetan han geratu dan andrearen ipuina –Halifax– egin jat hunkigarrien, Himalaia aldeko goi-harri jelatuetan bere giza kondizinoaren gakoa topetan dauen mendizalearen ipuinagaz batera. Dana dala, osorik irakurri eta osorik hartu behar dan liburu horreetako baten aurrean gagoz, egileak halakoxe liburu trinkoa egin gura izan dauen ezkero.

Inork ez leuke ukatuko Joan Mari Irigoienen literatur hizkerearen iturria gipuzkerea danik, idazleak ahozkora hurreratzeko ahalegina egiten dauenetan batez be. Ba, oraingoz haren azkena dan ‘Letra txikiz bada ere’ poesiazko liburuan Irigoienek ahozkorako jauzia egin dau. Irakurleari jauzi horren zioa be ulergarri egiten jako; gure egungo egoera gogorrari lotutako testuak sortu ditu Lezokoak.

Zaratea atarako dau Irigoienen liburuak, ziur. Bazterrak astinduko ditu, bai, liburuak, gurean, Gabriel Arestiren mailua kanpoko ugerrak janda-edo dagoanetik hona ez da-eta poesia hain konprometiturik argitaratu.

Irigoien, ostera, ez dator eskuan mailua hartuta, berbak ahoan eskegita baino. Apal-apal, hitzaren balio hutsaren hurrengoa dala dakianaren eskale aireagaz. Gero, ai baina gero, mihina zartailu bihurtu jakola agertuko jaku. Eta danentzat dauka Irigoienek zartailu-laztankadaren bat.

Profeta airez jarduten eban Arestik, parkeske balego lez dator Irigoien, bere letra txikien balio apala aldarrikatuz. Ez da eta bizi dogun hau profetentzako giroa, gatx egiten dalako, lehenengo eta behin, inorenak entzutea. Irigoienek, badaezpada be, bereak eta bost bota ditu liburu honetan. Gero diranak eta ez diranak esango dira baina, ezinbesteko liburu deritxot ‘Letra txikiz bada ere’ horri.

Ordenagailuen eta euroaren giroan herri lez zelan iraun, geureari zelan eutsi eta, larriagoa dana, geurea dalako hori zer dan igartea, ez dira erronka makalak. Gure ahozko bideak erronka horreen erdi-erdian dagozalakoan nago ni. Euskerea, ahozko orduan irrati-telebistek beteten daben zeregina aztertu beharko geunke, taiuz eta zentzunez. Goenaga jaunari esan neutsana, ia kapaz izango ete zan Bilbotik Gasteizera autoan joakeran Euskadi Gaztea ordu lauren batean entzuteko. Ezetz egin neutsan postura. Berari esandakoa idatziko dot hemen; etxe barruan euskereak dituan arriskuen artean Euskadi Gaztea nagusietakoa. Apuntau begi apuntau behar dauenak.

Ahozkotasunaren berezko lekua, bestela, antzokia da. Bizkaierearen eremuan egiten, euskeraz sortzen dan antzerkian Larrabetzuko Kukubiltxo dogu kasik-kasik kasu bakarra. Profesionalen aldean behintzat. Sortu eta ekarri deuskuen azkena Mikel Zarateren ‘Ekidazuko astasendia’ alegiazko ipuinean oinarritu dabe. Bada, nondik nora jo, hegoa erakusten deusku honezkero mende laurena ondo beteta dagoan Kukubiltxok.