Eretxia  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Udal jarduna kutsatu gura ete?

Udal eta Foru Hauteskundeen usaina


Ez dot esan gura herrietako lan politikoa gardena ta polita dala beti. Ezinikusiak, arazoak, eztabaida antzuak eta gainditu ezinezko arazoak be badagoz. Zelan ez?

Dana dala, herri bakotxak bere dinamika ta bere martxea dauka. Badagoz giro ona baino hobea bizi dabenak eta baita giro petralean dabilzanak be. Nahikoa izaten da komunidadearen ardurak eta burukominak aurrera atara gura izatea. Askotan, esker txarrekoak dira, sarritan pagetan ez diranak. Onartezinak dira kanpoko kutsadura horreek. Onartezina da odola udal aretoetan zabaltzea. Eta ez dago onartzerik, ez dago irunsterik herri bakotxaren errealidadea ezagutu barik errazkeriatan eta ahoberokerietan jaustea.

IƱaki Atxutegi


Irakeko gerrea bere azkenetan dago, edo halan emoten dau. Afghanistanen pasau zan legez, mobimentu militar handiak amaitu eta berehala, komunikabideetako titularretatik bigarren edo hirugarren planora pasauko da Irak eta beste zeozerk hartuko dau haren lekua.

Gogoratu daigun, bestalde, Estadu espainarrean Aste Santuko oporraldia baliogarria izaten dela boterearentzako 'interesgarriak' ez diran gaiak jentearen burutik kentzeko eta komenidu dana azalera atarateko.

Konturatu ala ez, oporretatik bueltan udal eta foru hauteskundetarako aurrekanpainan bete-betean ikusiko dogu geure burua. Eta ez da asti askorik behar jakiteko Alderdi Popularrak horrenbeste 'maite' dauen euskal gatazkea atarako dauela mahai gainera gerrea eta Prestige dala eta galdutako botoak berreskuratzeko.

Dana dala, hamaikatxu herrietan udal politikeak ez dauka zerikusirik Politika Nagusiagaz. Herrietan alderdien arteko diferentziak estutu egiten dira desbardintasun ideologikoak ez dauelako horrenbesteko eraginik herriko arazoak konpontzeko momentuan.

Lantzean behin, komunikabideetako 'jakintsuak' harritu egiten dira zenbait udal gobernuen osoketearen barri izaten dabenean. Ez dabe ulertu gura hamaikatxu kasutan familia bereko kideak eta auzokideak alderdi desbardinetako partaideak dirala. Alderdi desbardinetakoak izateak ez dakar arazorik euren alkarlanari jagokonez. Sarritan, parlamentuetan ez bezela, erabagiak aho batez hartzen dira, giro onean.

Baina, zoritxarrez, batez be gure Herri honetan, kanpoko indar ta eragileek ahalegin guztiak egiten ditue baketan bizi dan herri baten alkarbizitzea hankaz gora jaurtiteko.

Ezin da gitxiagorik esan ETAk zinegotzi baten kontra atentadua egiten dauenean. Atentadu guztiak dira, zalantza barik, kondenagarriak. Zinegotzi bati bizia kentzeak era gordinean eroaten dau udaletxera goi mailako politikan dagoan giro mingotsa. Alkarren arteko konfidantzea bertan behera geratzen da. Alkarlana ta alkar ulertzeko askotariko lana ezinezkoa bihurtzen da.

Beste horrenbeste esan leteike alderdi politikoen goi mailatik datozen erabagi batzuen ganean. Herritik kanpo etorri izan da sarri askotan itun hau edota alkarlana apurtzeko agindua. Udalbatza herriaren aldeko lantaldea izan barik, beste lekuetan emoten dan zatiketearen ispilu bihurtzen da (edo dabe, hobeto esanda).