Arratiarren loraldia
Epaileen erabagiz, Arratia Txapeldun
Azken poto horrek bestelakorik iragarten eban, baina antza hobea izan zan orokorrean arratiarren lana. Mayok barikuan legez, bi etapetan gailendu ziran: gaztetxoetan 3,5 puntuko aldeagaz eta gazteetan 5 puntukoagaz. Danetara, Arratiak 372 puntu eta Busturialdeak 363,5. Sari banaketan txapeldunei eta txapeldunordeei oroigarria eta BBK-ko txekeak ez eze, beste bi sari be banatu jakezan: finalista gazteenarena Jurek Ziemkiewicz morrozko arratiarrak hartu eban eta bizkaiera egokienarena Miren Amuriza berriztarrak.
Balorazinoa
Amaitu da aurtengo edizinoa eta balorazinoa ezin esan txarra danik, finalean bizitako giroa ikusita bakarrik. Balorazino orokorra antolatzaileen zeregina da baina hiru ondorio atara doguz guk. Lehenengoa: bertsogintzearen erreleboa aurrera doa eta arratiarrek poz berezia emon deuskue, baina faltan bota dogu, beste behin, aurkezle lanetan emon beharreko erreleboa, Bernarren lana ona eta segurua izanda be, sariketa hau arpegi gazte barriak aurkezteko lekua izan daitekela uste dogulako. Bigarrena: bertsolari askori igarri jako Txapel Bete Bertso ekimenak emondako aukerea eta bestelako errodajeagaz agertu dira (finalean, adibidez, Amaia, Iker, Iñaki eta Jabi). Eta hirugarrena: inoz baino naturalago kantetan dabe gazteak bizkaieraz, baina naturala bezain lorrina da gehienetan. Lehenago be aitatu izan dogu momentu egokia dala bizkaierearen lanketara esfortzuak bideratzeko, oinarri ederra dagoalako horretarako. Hezkuntza arautuak baztertuta dauen erronkea bertsogintzeak konpondu baleike sikeran.
Iñaki Aurrekoetxea
Apirilak 12, zapatua, Bilboko Kafe Antzokian, arratiarrak baekien euren eguna zala. Aurreko egunean Iban Mayok Euskal Herriko itzulian lortutako balentriagaz kutsatuta agertu ziran tabladura eta leporaino beteta egoan antzokian Igorreko txirrindulariaren lekukoa hartu eta Arratiako bertsolarien loraldi barria izan leitekena agertu eben BBK sariketearen finalean.
Bertsolari gazteen XI. BBK sariketeak badauka irabazlea: Arratia
Aurtengo edizinora arte apenas saiorik irabazi barik egon ostean, aurten sailkapeneko biak eta finala bera, oraingo honetan Busturialdeko taldearen aurrean. Merezidu eben holako sari bat. Azken urteetan kostau jake bertsogintzearen erreleboa egiten, baina hor ibili dira, geldiro eta apal-apal, Arratiako Bertso-Eskolearen itzalpean, loraldiaren momentu gozoa agertu dan arte.
Kafe Antzokia leporaino bete zan finalaren egunean eta hau bada nobedadea, ordura arteko finaletan ez zalako holakorik izan. Bai arratiarrek, bai busturiarrek, gazte koadrilak ekarri zituen, pankarta eta guzti: 'Aupa Arratie, finalean be egurre!', 'Busturialde Txapeldun' eta 'Aupa gure neskak' (azken hau Busturialdeko neska biak animetako). Arratiarrak ganera, Zeaniko Gaztetxearen kamiseta gorriagaz, entzuleen artean be ikusten ziranak. Total, giroa ederra, bertsotan egiteko motibetan dauen horreetakoa, jentaurrean esperientzia gitxiago daben gazteenentzako be.
Gaztetxoen saioa (18 urte arte)
Honeek izan genduzan arratiarren aldetik: Manex Sagarna, Jon Agirre eta Jurek Ziemkiewicz (ondo irakurri dozu, bai). Busturialdetik beste hiru: Amaia Jauregizar, Amaia Uribe eta Jon Rementeria. Agurretan bertan igarri zan euren urduritasuna. Halandabe, saio puntuagarrietan ez ziran kikildu eta teknika aldetik gorabehera batzuk tartean, ale dezenteak bota ebezan eta batez be, giro haretan kantetako jarrerea izan zan gehien nabarmendu geinkena. Busturiarren aldetik, Amaia Jauregizarren lana aitatuko dogu, agurrean ez bezela ziurtasuna eta idea polit eta ondo ekarritakoak erakutsi zituan. Arratiako taldean Jurek-en teknika berdeko freskotasun lotsabakoa eta Jon Agirreren lan serio eta txukuna bakarreko lanean. Epaimahaian Iñigo Olabarri, Altzalei eta Josu Arroyo ziran. Zuriñe Iarritu eta Leire Aurrekoetxeak ondo atondutako gaiak Bernar Mandalunizek aurkeztu zituan.
Nagusien saioa (23 urte arte) beroagoa izan zan
Busturialdeko taldean Iker Belaustegi, Ander Elortegi eta Igor Muniategi izan ziran kantuan eta Aritz Arrizabalaga, Iñaki Iturriotz eta Jabi Oilbares Arratiko taldean. Ikerrek eta Aritzek zortziko nagusian kantau eben, zapatu arrastian zer egin ez dakiela aspertuta dagozan herriko gazte biren papelean. Polito hasi ziran biak, Ikerrek lehen bertsoa holan amaitu eban: 'joan gaitezan ahalik azkarren biok lagun elizpera, pasatzen diren atso zaharrei harri batzuk botatera'. Aritzen erantzuna: 'atzo joan nintzan bardina egiten nire jenio txarragaz, zure arreba egoten da han, bere nobiotxuagaz'. Saio ederrena Iñaki Iturriotzek egin eban, zortziko txikian, Ander Elortegigaz kantuan. Denda baten harrapauta geratu diran lapurrak ziran eta Iñakik hiru bertsoak ondo eroan eta hobeto errematau zituan: 'zarratuta dauenez hor urtekerea, atea lapurtzea genduke hobea' bota eban lehenengoan eta bigarrena 'lagune txarra zara, lagun txarragoa' amaitu eban. Saio freskoa eta ausarta egin eban Iñakik, eta jenteak asko eskertu eban hori. Azken lana, kartzelakoa, Igor Muniategik eta Jabi Olibaresek egin eben. Puntuari ederto erantzun eutsien biek ala biek, azkena emonda Igor finago aritu zan eta azkenik, bi bertso bota behar zituen Francon sasoia ez baina beste bat samurragoa ez dana bizi dabela inoan gaiari. Igorrek modu xelebrean amaitu eban bere lan txukuna: 'Nahiz eta Francok egin zituen gure kontra ekintza frango, hura ere ez zen hilezkorra ta Aznar be ez da izango'. Jabiren ahots sendo eta landuagaz asko zur eta lur geratu ziran eta penea izan zan lehenengo bertsoko potoa, bi bertsoak politak eta polito kantautakoak izan ziran eta.