Soldados de Salamina
'Soldados de Salamina' pelikulea David Trueba espainiarrak aurrera atara dauen proiektu interesgarria da. Javier Cercas idazleak izenburu beraren pean idatzitako liburu arrakastatsuan oinarrituta dago eta, liburua irakurri dabenek aitatu daben legez, oso egokitzapen zehatza da, jatorrizko lanaren espiritua jasoten dauena, aldaketa batzuk agirikoak izan arren. Halan, pelikulan protagonistearen sexua aldatu eta andrazko bihurtzen jaku, Ariadna Gil-ek ederto interpretautako lanean. Esanak esan, filmak lan idatziaren maminari eusten deutso eta ukutu dokumentalak bardintsu erabilten dira batean zein bestean, errealidadea eta fikzinoa nahastauta. Liburuan legez, ikusleak begien aurrean azaltzen jaken ikerketea argitzen joango dira, filma garatu ahala. Nobelearen eta filmaren arteko zehaztasun horixe da filma ikusi daben gehienen iruzkina. Kasu honetan, ostera, liburua irakurri ez baina gerrearen aurkako alegatu hau oso gustuko izan dauen persona baten eretxia irakurriko dozue.
Hasikera batean kontrakoa pentsau baleiteke be, ez da huts-hutsean gerra zibilaren ganeko pelikula bat. Izan be, hainbat gai jorratzen ditu: bakardadea, gerrearen absurdoa, literatur sormena, izen bako heroiak, giza izakerea...; beraz, sano gomendagarria da bizitzearen ganean gogoetea egiteko. Protagonisteak buruan bueltaka-bueltaka darabilen itauna zera da: miliziano batek zergaitik bakartu eutson bizia Rafael Sanchez Mazas Espainiako Falangearen sortzaile ezagunari; zer pentsau eban begiratu eta fusilaz apuntau ebanean. Izan be, kontraesana izanagaitik, gerra guztietako kroniketan badira holako gizatasun keinuak izaten dituen soldaduak, bai eta neurri bako ankerkeriak egiteko gauza diran personak be. Eta arrazoi ulergatx horren arioan, ordu biko film bikaina garatzen da, bizitzan legez iragana eta oraina buztartzen dauen tempus geldo baina etenbako bati oratuta. Unekada batzuetan pelikuleak hotza dala emoten dau, baina samurtasuna, alkartasuna eta laguntasunaren moduko ukutu txiki eta zoragarriz zipriztinduta dago. Pelikula honetan bakardade eta bizi-pozaren ganean ez eze duintasunez biziten jarraitzeko oinarri diran sentimentu onen ganean egiten da berba.
Truebak esan dau pelikula hau 'iraganera egindako bidaia dala, etorkizuna topau ahal izateko'. Zoritxarrez, estrainaldiaren astean izandako jazoera latzek inoizkorik argien azaldu deuskue gerrearen absurdoa eta, halan, pelikuleak etorkizunagaz baino gehiago betiko orainaldi krudel eta zitalagaz egin dau topo. Alde honetatik, gaurkotasun handiko lana da, ze filmeko pertsonaia batek dinoan moduan 'gerrak beti galtzen ditue bardinek'.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: David Trueba.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 112 minitu.
- Interpretazinoa: Ariadna Gil (Lola), Ramon Fontsere (Rafael Sanchez Mazas), Joan Dalmau (Miralles), Maria Botto (Conchi), Diego Luna (Gaston), Alberto Ferreiro (Joven miliciano), Luis Cuenca (Padre de Lola)...
- Gidoia: David Trueba; Javier Cercas idazlearen nobelan oinarritua.