Zinea  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Frida


Salma Hayek gaur egungo zinearen arpegirik politenetariko bat izanda be, sekula ez dau aparteko kritikarik jaso bere lan dramatikoa dala eta. Film honetan, ostera, interpretazino lan sendoa bete dau, Mexikoko Frida Kahlo margolariaren biografia idealizatu hau ondo baino hobeto interpretatuz.

Egia esan, ez dakit film honek noraino azaltzen dauen margolari honen benetako bizitzea. Beraz, pentsau behar da, zinearen ohiko usadioari jarraituz, dan-dana glaumourraren argi-koro batez jantzita egon dala, gaiztoak on bihurtuz eta motzak polit eta eder. Baina, zintzoa izanda, horrek ez deust bape ardura, zinemara historiako eskolea entzuten joaten ez nazalako, ezpada une atsegin bat pasetan eta, bide batez, filmaren sendotasuna eta arte narratiboa miresten. Alde horretatik ikusita, Fridak ondo beteten ditu gauza biak. Filma Hayek-en proiektua izanda be, aktoreseak asmau egin eban Julie Taymor pelikulearen buru ipinikeran, hain pelikula surrealista eta bizia nortasun handiz zuzendu dau eta. Gainera, proposamen estilistikoek film luzea ederto jantzi dabe eta margolari baten bizia kontetako neurriko enfasi grafikoa hartu da kontuan.

Hayek-en interpretazinoa ona izanagaitik be, ganerako aktoren jarduna be aitatzekoa da. Alfred Molina, Geoffrey Rush, Ashley Judd, Antonio Banderas, Valeria Golino eta Edward Norton-ek izena eta ospea baino askoz gehiago emon deutsie pelikuleari. Zuzendariak antzezle guztien interpretazino onak lortzen jakin dau, aktore ezagun honeen partaidetzea gehiago saltzeko trikimailua ez izateko bidea eginez eta balio handiko erabagi artistiko bihurtuz.

Filmetako biografiek kantsagarri eta gogaikarriak izateko arriskua dabe. Fridan, barriz, dramatizazinoa oso modu erakargarrian eginda dago, margolari honen gorabehera emozionalei egokitu behar jaken legez. Salma Hayek-ek ondo bete dau bere beharra, baina berak baizen ondo jardun dau Julie Taymor-ek. Itxaron daigun ibilbide egoki horri eustea eta aurrerantzean egin beharreko filmak, gitxienez, Frida baizen gomendagarriak izatea.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Julie Taymor.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 120 minutu.
- Interpretazinoa: Salma Hayek (Frida Kahlo), Alfred Molina (Diego Rivera), Geoffrey Rush (Leon Trotsky), Ashley Judd (Tina Modotti), Antonio Banderas (David Alfaro Siqueiros), Edward Norton (Nelson Rockefeller)...
- Gidoia: Diane Lake, Gregory Nava, Clancy Sigal eta Anna Thomas; Hayden Herrera idazlearen liburuan oinarrituta.