Kulturea doluminez
'Auzoa hiletan eta gu opiletan'
Jose Maria Satrustegi (Arruazu, 1930-2003)
Jose Maria Satrustegi, euskaltzain, idazle, historialari, itzultzaile, antropologo, etnografo eta hizkuntzalari nafarra 72 urtegaz hil zan martiaren 27an. Euskerearen aldeko beharrean eta euskal etnografiaren sustapenean nabarmendu da baina, oro har, euskalgintzan, euskerearen eta euskal kulturearen aldeko jarrera sutsua erakutsi dau bizi osoan. Euskerearen eta euskalkien harian Satrustegi jn.ak esandako batzuk gogoratuko doguz: 'batua beharrezkoa da baina euskalkien aberastasuna ezin dogu ahaztu; batua atara genduanean, lehenengo aholkua izan zan gure sustraia euskalkia zala eta gurasoak arduratu behar zirala euren euskerea seme-alabei erakusten, hau da, erakutsi beharreko lehenengo hizkuntzea etxekoa zala'.
Eduardo Urculo (Santurtzi, 1938-2003)
Jose Maria Satrustegiren heriotzearen ondoren, lau egun geroago hil zan Eduardo Urculo, azken hamarkadetako eskultura zein pinturearen ikur. Sormen artistikoaren ibilbidean, zenbait etapa eta diziplinatan esanguratsua izan da haren ekarpena: espresionismo baltza, Alemania, Suedia eta Danimarkatik ekarritako pop art edota neokubismoa.
Laurogeigarren hamarkadearen erdialdetik eskulturearen munduan buru-belarri ibili da eta brontzezko zenbait pieza sortu ditu. Orain gitxi Pekinen zabaldu eben Urculoren obrakaz osotutako erakusketea baina haren obrak Espainia, Bangladesh, Belgika, Kolonbia, Txile, Italia eta Venezuelako museoetan dagoz.
Jorge Oteiza (Orio, 1908-2003)
Eskultore legez ezagutzen dogu gehienbat baina arkitektura, poesia, teorika, zinema zein kritika arloak be jorratu zituan XX. mendeko artista handienetakoa izandakoak; Oteiza jn.a, artista integrala bape duda barik.
1908ko urriaren 21ean Orion jaio zanetik, Jorge Oteizaren ibilbidea luzea eta emonkorra izan da eta ez gara nahastauko horretan; edozelan be, datu batzuk azpimarratzearren honakoak aitatuko geunkez: medikuntza ikasketak hasi baebazan be, 1929an, horreek baztertu eta Arte eta Lanbide Eskolan hasi zan. Bost urte geroago, lehenengo erakusketea atondu eban Nikolas Lekuona eta Balentziagagaz batera. Hamar urte baino gehiago Hego Ameriketan egin ondoren, 1950ean lehiaketa bidez Arantzazuko Basilikako estatuak (Arantzazuko Apostolarioa) egiteko saria irabazi eban. Hortik aurrera, momenturik ederrenak bizi izan zituan eskultura munduan (Jorge Oteizaren eskultura batzuen argazkiak Bizkaie!-ko Jo Begiz atalean ikusgai). Hirurogeigarren hamarkadea hasteko egoala, eskulturearen mundua laga eta inguruak astindu zituan 1963an 'Quosque Tandem...! Ensayo de interpretacion del alma vasca' argitaratu eban. 1967an, barriz, ikastola esperimentala eta Euskal Unibersidade Piloturako proiektuak preparau zituan. Geroago ekin eutson barriro eskultureari eta erakusketak zein sariak etorri ziran (Euskadi Saria, Euskaldun Unibersala...).
Asko kostata, 1996an sinatu zituen Jorge Oteiza Museoko estatutuak eta azken urteotan Altzuzako eraikina izan da Oteizaren bizipoza. Dana dala, eraikina eginda egon arren, proiektua kolokan dago Fundazinoko kideen arteko tirabirak eta sakoneko gai politikoa tarteko.
Mendea beteteko sei urteren faltan, Jorge Oteiza apirilaren 9an hil zan Donostian luzaroan gaixorik egon ondoren.
Jose Maria Gonzalez Castillo 'Chumy Chumez' (Donostia, 1928-2003)
Umore baltzaren maisua askorentzat, marrazkigilea, umoristea, idazlea, irratiko esataria, giodigilea, zine zuzendaria..., makinatxu bat arlotan ibilitakoa.
Donostian jaio arren, bizi guztia egin dau Euskal Herritik kanpo. Irudia, pinturea eta merkataritzako irakaskuntzako ikasketak egin zituan baina laster nabarmendu zan umorearen munduan. Egunkarietan txisteak argitaratzen hasi zan baina geroago 'La Codorniz', 'Triunfo' eta Diario Madrid' aldizkarietarako binetagile lanetan ibili zan. Chumy Chumezek sortu eban umore satirikoko 'Hermano Lobo' astekaria eta, hortik aurrera, Manuel Summersegaz batera, zine arloan sartu zan bete-betean. Literatura munduan, barriz, 'Y asi para siempre', 'Yo fui feliz en la guerra' edota 'Pase usted sin llamar' liburuak idatzi zituan eta laster argitaratzeko 'Vida de Maketo' izenburuko liburu autobiografikoa oraintsu entregau eban argitaletxean.
Jose Maria Satrustegi, Eduardo Urculo, Jorge Oteiza eta Chumy Chumez AGUR ETA OHORE.
Bizkaie!
Euskal kulturan bete ezinezko hutsuneak geratu dira Jose Maria Satrustegi, Eduardo Urculo, Jorge Oteiza eta Chumy Chumezek mundu honetatik hanka egin ondoren. Kulturako alor desbardinetako ordezkariak bata bestearen atzean joan jakuz erreakzionetako asti barik.
Jorge Oteizaren heriotzearen ostean, Jose Angel Irigarai idazle eta Oteiza Fundazinoko kideak esan eban legez, 'haren sorkuntzaz balia, bizi eta osa gaitezen gogotik'; berba horreekaz bat eginik, jakin daigun agur esan deuskuen lagun horreen jarrera, jario eta sormen-beharretik ikasten.