Antxina-barri  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Bandera baltzapean

Euskal pirata eta korsarioen atzetik


Itsasotik kanpora be, benetan adibide harrigarriak ikusten doguz korso edo piraten munduan

Ezagunenen artean Juana Larando dogu. Emakume honek taberna bat eukan Donostian. Bere tabernatik hainbat itsas gizon pasetan ziran eta sarritan bertan hartutakoak, zorrean geratzen ziran, marinelak pagetako dirua batu arte. Kontua da ze, azkenenan Juanak horretariko marinel batzuekaz batzea pentsau ebala. Orduan, 'San Juan' ontzia erosi eta korsoan ibili ziran. Etekinak lortu eta hobea zan 'San Pedro' ontziagaz jarraitu eben euren beharra. Juanak etekinak banandu eta aberats erretirau zan.

Euskal pirata eta korsario guztien zerrendea emotea luzea izango litzateke, beraz, azkenik, Michel Le Basque izenez ezaguna zan Donibane Lohitzunekoaren barri emonaz amaituko dogu: pirata hau Dortoka Ugartean ez eze, Marakaiboko uretan be ibili zan, XVII. mendeko beste pirata ospetsu batzuekaz batera.

Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.


Euskal pirata eta korsarioen ganean berba egiterakoan, lehenengo eta behin, pirata eta korsario berben esangurea desbardindu behar dogu. Ez da gauza bera, nahiz eta sarritan nahastauta agertu berba biak edo pertsonaiak pirata zein korsario lanetan ikusi.

Piratak eta korsarioak ez dira gauza bera

Danak lapurrak izanda, piratak, bere kontura dabilzan itsas-lapurrak ziran eta korsarioak, barriz, errege edo gobernu batek emondako baimenagaz lapurretan ebilzan itsas-lapurrak.

Korsoa edo lapurreta-baimendua, Ingalaterrak eta Frantziak sortutako gauzea da. XV. mendean, Espainiarrek Ameriketako lurren jaube egin ziranean, Espainia eta Amerikako lurren arteko merkataritzea eten edo, ahal zan moduan, gatxago ipinteko, erregeei, itsasoan egozan lapurrei baimena emotea otu jaken eta, era honetara, ordura arte lapurrak baino ez ziranak, egun batetik bestera erregearen aginduetara nasaiago ikusi zituen euren buruak.

Espainiako Erregeak be horixe erabagia hartu eban: itsas gizonei erregearen baimena eskaini, Frantziako eta Ingalaterrako edo beste herrialde batzuetako itsasontziak ostuteko. Euskaldunak be, itsasoan trebeak izanda, dirua irabazteko aukerea ikusi eben, batez be, arrantza sasoia ez zanean. Gero, etekinak ikusiz, korsario bihurtutako arrantzale asko, pirata bihurtu ziran.

Liburuetan aitatutako lehenengo korsarioa Anton Garai bizkaitarra da eta XV. mendeko azken urteetan, Atlantikoko uretan ebilen korso lanetan

Ameriketako lurretan urte batzuk korsario lanetan emon eta gero, azkenean, pirata edo itsas-lapurra izateagaitik hil eben. Sasoi horretan, Hondarribiko uretan ebilen Juan Martinez Elduaien donostiarra. Erregeak behin eta barriro abisau eutson, baimen bako itsas lapurretea galarazota egoala eta azkenean erregeagaz izenpetutako tratua errespetau eta bizia salbau eban.

Hurrengo urteetan, asko izan ziran pirata edo korsario modura ibilitako euskaldunak, bai Frantziako zein Espainiako erregearen aginduetara edo gero bere kontura pirata lanetan. Azken honeen artean, XVI. mendean Pedro Mondragonen kasua aitatu geinke. Gipuzkoar honek, Kadizen zala, beste euskaldun batzuekaz batera, bertoko portuan egoan itsasontzia hartu eta iges egin eban. Gero San Vicente lur muturreko uretan ibili zan Amerikarako bidea edo Afrikatik Europarako bidea egiten eben ontziak hartu eta ostuz. Nahiz eta horretan jardun, ezin izan eben Espainiako erregearen ontziak Pedro, pirata euskalduna harrapau. Bere azken beharra, Portugalerantz joian karraka bat ostutea izan zan. Ostutako gauzak Baionan saldu eta zehatz aberastuta erretirau zan gure Pedro Nafarroako lurretara.

1528an, Espainia eta Frantziaren arteko gerreari hasierea emon eutsienean, korsarioak be, zeresana eta zeregina izan eben. Gerran, erregeen zerbitzuan ebilzala, Bidasoako alde bietako euskaldunen arteko tirabirak gogortu egin ziran. Gerra horretan, Frantsezen alde 'Bizargorri' pirata ospetsua be ibili zan, Gipuzkoako itsasgizonen kontrako ekintzetan, hainbat gipuzkoar preso hartuz. Berbarako, 1533an Debako gazte bat erreskatau behar izan eban Debako Udalak, 'Bisargorri' pirateari dirua emonaz.

Euskaldunen arteko giro onari esker, Gipuzkoak eta Lapurdik lankidetza akordioa sinatu eben Hendaian 1536an. Bertan esaten zanez, ordutik aurrera Frantzia eta Espainiako gerren eraginez, euskaldunak euren artean burrukatzera behartuta ikusten baziran, Iparralden edo Hegoalden, agindua lehenengo hartzen ebanak, beste aldekoari abisauko eutson, honek neurriak hartu egiazan. Dana dala, Espainiako Erregearen eraginez, euskaldunen arteko akordioa 1553an apurtu zan. Hurrengo urteetan Gipuzkoako korsarioak izan ziran ezagunenak. Martin Gardelek, Bordelen eta Domingo Albisturrek eta Domingo Iturainek Terranoban bertan edo Terranobatik etozen arrantza ontziak harrapau zituen. Azkenean, 1559an Frantziako eta Espainiako erregeek bakea gura ebela eta gerrea amaitu egin zan eta, jakina, gerrearen amaiereak korsarioen hondamendia ekarri eban.

Hurrengo urteetan, ospe handia hartu eban beste euskaldun batek: Joanes Suhigaraytxipik hain zuzen be. Baionan jaiotako itsasgizon honek, 'Korsariotxua' ezizenez ezaguna, Frantziako erregearen aginduetara emon eban bere bizi guztia. Sokoako portutik urten eta 'Legende' ontziagaz hainbat ontzi hartu ebazan. Beronek egindakoen artean, entzute handienetarikoa, 1692an egindakoa: Donostiako Kontxako badian, bera baino indartsuagoak ziran Holandako ontzi bi menperatzea lortu eban, bost ordutan zehar erasoka ibili eta, azkenean, ontzi biak ondoratzea lortuz. Kostaldetik begira ziran hainbat euskaldunek, txalo zaparradaz hartu eben Baionakoaren garaipena.