Euskerea berbagai  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Behar egitea


Kontua horixe da, behar egitea. Egin dan eta egin dogun baino gehitxuago egitea, normalizazino bidean.

Eneko Barrutia

Atal honetan Bizkaiko euskerearen ganean kontu batzuk esateko asmoa daukat. Lehenengo hau, beharbada, eretxi-artikulua da gehiago, beste ezer baino, baina hurrengoetan arrantzaleen berbak eta esakerak edo neuk gehien aztertu dodazan gaiakaz lotutako adibideak komentau gura neukez.

'Behar egin' da Bizkaian erabilten dogun eta erabilten segidu behar geunkean aditza, batuaz zabalen dabilen 'lan egin'-en sinonimoa. 'Lan' berbea, halan da be, ez da guztiz ezezaguna bizkaieraz eta hortxe daukagu, kasu baterako, Juan Manuel Etxebarriak oraintsu argitaratu dauen 'Biziak bizilan' liburu ederra; esangura berezi bategaz geure artean be ibili da hori berbeori. Galdegaia zein dan kontuz ibili behar dogu esaldiaren ordeneagaz eta 'non egiten dozu behar?' esan, eta ez 'non behar egiten dozu?', bereizketa honek badauka bere inportantzia sintaxian eta zehatza da berba egikeran zer indartu gura dogun adierazoteko orduan. Erabilerarik zaharrena artikulu bakoa bada be, Bizkaiko ekialdean artikuluduna be entzuten da, 'han egiten dau beharra'. 'Beharrean ibili, joan...' esan beharrean mendebaldean 'beharren' esaten dabe, inesibo edo non kasua artikulu barik. Ekialdean 'beharrera' be esaten dakie, nora edo zertara, 'joan' eta holako aditzakaz. Beharra edo beharrizana.

Behar egitea, gustora egiten danean, gauza ederra da. Atsedena hartzea be ez da gauza txarra baina. Kontua da gure euskalkian idazten behar gitxi egiten dogula eta liburu-denda batera sartu ezkero liburu barri gehien-gehienak eta gauzarik gehienak euskera batuan bakarrik topauko doguzala. Batuaz liburu on asko eukitea gauza ona da, ez ba!, baina penea da bizkaieraz ganorazko edo moldazko gauza gehitxuago ez topetea. Halandaze hartu daiguzan lumak, arkatzak, boligrafoak, pentiumak eta horretariko jenero guztiak eta, papelaren zein ordenadorearen aurrean parauta, arrausi egin, nagiak atara, eta idatzi daigun, eta idatzi daigun (edo idatzi daiela gure idazleek, horretarako dagoz-eta) zepaita edo zeozertxu euskerearen mendebalderengo bariedade honetan. Produzidu egin behar da, 'ekoitzi' ez, aditz hori ez litzateke erabili behar eta.

Gure euskalkia aberatsa eta kolore askokoa da, baina kolore hori ez da agiri batuaren barruan; ez dogu jakin gure euskalkiaren ezaugarriak euskera batuarenak be badirala erakusten eta irakasten. Bizkaiko euskaltegirik gehienetan irakasten dan eredua honakoa da: bi lagun, erori, bukatu, etxez etxe, telefonoz hots egin, hitz egin, 'gabe' denpora guztian, behin be huts egin barik. Ez ete da euskera batua 'lagun bi', 'jausi', 'amaitu edo akabau', 'etxerik etxe', 'telefonoz (normalean 'telefonotik' esaten dogu baina) deitu' edo 'telefonoa jo', 'berba egin', 'barik' eta abar luze bat erabiltea? Beste lurralde batzuetan be hango euskerea hartu behar leukie kontuan; euskera batua irakasteak ez dau esan gura leku guztietan bardin-bardina izan behar dauenik. Gaztelania ikasten jatorkuzanei be ez deutsegu '¡qué chévere!' edo holakorik irakasten, latitudea-longitudea kontuan hartuta egokiagoak diran beste forma batzuk baizen.