Euskalgintzearen egoerearen zertzeladak (II)
Jauzia egiteko giltzarriak
Lurraldeetan erabili beharreko dinamikak
Azken helburuak askotarikoa dan gizarteari begira danonak edo orokorrak izan daitekez; ez, ostera, horreetara heltzeko egin beharreko bideak, garatu beharreko estrategiak zein zabaldu beharreko diskurtsoak. Euskerearen indarbarritzea (HINBE) ahalbidetuko bada, euskal/erdal esfera soziokulturaletan eragin eta buztartzen ahaleginduko dan zeharkako mobimentu zibil eta autonomoa behar dau euskereak, lurralde bakotxaren errealidadea (politikoa, administratiboa, soziolinguistikoa, ekonomikoa, e.a.) ahaztu barik, euskerearen egoerea hobea izan daiten, erritmoak eta egoerak kontuan hartuko dituana. Hartara, lurralde edota eskualde batzuetako egoera zein horreetarako pentsautako estrategiak, antolakuntza moldeak eta diskurtsoak besteetara mimetikoki eroaten ahalegintzea akats larria da.
Izan be, euskereak aurrera egitea gura badogu, eskualdez eskualde eta lurraldez lurralde diran desbardintasunak hartu behar doguz aintzat, ze nazino mailako estrategia zuzena ez da aldarrikapen eta estrategia orokorrak toki eta egoera guztietarako erabiltea, ezpada errealidade desbardinak aintzat harturik, egokitutako estrategia, diskurtso zein taktikak eregitea. Euskalgintzeak nazino mailako estrategien izenean, sarritan, tokian tokiko egoerak aldatzen lagundu ez daben edota lekuan lekuko dinamikak lardaskatu dituan estrategiak abian jarri eta diskurtsoak zabaldu ditu; aztertu daigun, bestela, Nafarroan, Iparraldean, Araban edota Bizkaiko zenbait eskualdetan pasau dana. Baieztapen honen kontrapuntu gisa, akaso, bateren batek, lurralde zatiketea onartzen dodala eta partizinoaren sindrome pean nagoala leporatuko deust, baina, ustezko partizinoaren zantzuak ez dira lurrari lotubako estrategiak garatu barik bideratzen; barriz, batzuetan, garatzen diran estrategien arabera, diran kontrako jarrerak zurkaiztu ohi dira aurrera egitea ezinezkoa bilakatuz.
Erramun Osa
Euskerea, jokabidez, pentsakeraz eta jatorriz askotariko herritarren sostengua, esku hartzea eta babesa apurka-apurka landu barik, asmo onenez egindako dekretu eta egitasmoen bidez bada be, ezin da berreskuratu. Aldi berean, zuzenean edo zeharka alderdien pean dagoan, alderdikeriaz jokatzen dauen eta, euskal lurraldeen egoera soziopolitikoa, soziolinguistikoa eta kulturala gogoan, berezko hausnarketarik eta autonomia osoz jarduten ez dauen mobimentu zibilak ezin ditu askotariko personak batu, eta halan hizkuntzea bizibarritzeko era askotako erabagiak har daitezan zein eremu guztietan eragiteko ahalmena nahiko makal edota neutralizauta dogu.
Euskalgintzeak heldutasuna lortu behar dau
Euskalgintzako alkarte eta erakundeek, bakotxak bere esparruan, euskerearen normalizazinoa lortu ahal izateko nora heldu behar daben eta zein epetan heldu ahal diran argi izan behar dabe. Beraz, euskalgintzako erakundeak euskerearen normalizazinoa lortu ahal izateko tresnak dira eta tresna eragingarriak diran ginoan balio dabe, estrategia horreetatik kanpo kokatzen dira, bada, alkarte eta erakundeak bizirautea xede izanik burutzen diran osterantzeko ekimen guzti-guztiak. Izan be, euskerearen izenean egiten ohi dogunak ez dau derrigor ekarriko euskerearen indarbarritzearen ontzia betetea. Testuinguru horretan sakonduz, euskerea pentsakera desbardineko jentearen arteko topagune, ez gatazka iturri, eta aniztasunaren errespetu-gune bihur daiten ahaleginak egin behar doguz. Euskerearen inguruan esfortzuak eta borondateak batzen saiatu behar dogu, azken batean hizkuntzearen aldeko dinamikea gure hizkuntzearen etorkizuna ziurtatzeko bide –irabazpide– bihurtu behar dogu.
Era berean, erderek euskerea ordezkatzeko prozesuaren alderantzizko prozesutzat hizkuntzearen normalizazinoa hartuta, horrek guztiak gizarteari dakartson aldaketearen neurriaz jaubetzea eta erantzukizunez jokatzea eskatzen deutso euskalgintzeari. Askotariko eragileak euskerearen normalizazinoaren altzora erakarri behar doguz, hala eta guztiz be, herritarrak, sakoneko aldaketa honen egiazko subjektuak, apurka-apurka, euskerearen altzora erakarri behar doguzala ezin dogu ezelan be ahaztu, horregaitik, herritarren nahia eta gogoa aintzat hartzen ez daben dinamika orok, atzera aurrera, hondoa jo leikiela hartu behar dogu kontuan. Hori gertatzen danean, iges egitea oso gatxa dala adierazo behar dogu.