Jan-edanak  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Mikel Garaizabal: kortxoa ardaoaren jagolea da


Kortxoak bizia dauka

Produktu bizidun guztiak legez, jaio, bizi eta hil egiten da kortxoa baina bizi dan tartean gaixotu be egin leiteke. Ardao batek kortxo usaina edo mundu guztian 'bouchonné' izenagaz ezagutzen dan gaixotasuna hartzen dauenean, upeldegi-jabe guztiei bildur ikarea sartzen jake. Kortxoaren gaixotasun hori mikroorganismo batzuen degradazinoak eragiten dau. Mikroorganismo horreek kloroa daben herbizidetatik edo egurrari gaixotasunik ez sortzeko tratamentuetatik etor daitekez; hori dala eta, gero eta egur gitxiago ikusten da upeldegietan, izan be, trikloroanisola (TCA) agertzen bada (naiz eta beste substantziak egon, hori da kortxo usainaren errudun nagusia) egurrean sartu eta oso gatxa izaten dalako kentzea. Kasu batzuetan, TCA gaixotasunak jotako upeldegiek, sotoan izandako ardao guztia bota, upeldegian egoan egur guztia bota edo barriro tratau behar izan dabe, horrek dakarren kostu handiagaz. Gaur egun, TCAri aurre egiteko kortxoak autoklabe berezietan egosten dira eta badirudi emoitzak nahiko onak dirala.

Hauxe beraz, oraingoan kontau gura izan deutsuedana; hemetik aurrera, botileari kortxoa kentzen deutsazuenean, gogoratu hau guztia: kortxoa usaindu, begiratu, aztertu eta ukutu, ikusiko dozue zelako aldeak dagozan; kortxo guztiak desbardinak dira: bata usainik bakoa, bestea usain misteriotsuakaz, bestea luzeago, motzago, porotsuago, naturala edo aglomeratua edota mikronizatua....; ai kortxoaren mundua, hain polita, hain zoroa, hain korapilatsua!

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Ardao kontuetan kortxoaren garrantzia ukaezinezkoa da baina batzuen ustez, botila muturrak zarratzeko erabilten diran kortxo naturalak laster desagertuko dira; geroago aztertuko dogun legez, kortxo naturalak arazoak sortarazoten ditue. Dana dala, artikulu hau irakurri ondoren, gustauko litzakit ardao botila bat zabaltzen dozuenean kortxoa ondo begiratzea, izan be, ez dagoz munduan kortxo bi bardinak eta kortxoak ardoaren egoerearen ganean informazino zehatza emongo deuskulako.

Artelatz (Quercus suber) bat landatu eta 45 urte itxaron behar dira botilak zarratzeko kalidadezko kortxoak atarateko

Arbola mueta hori mediterranear herrietan landatzen da gehienbat eta lehen produktorea Portugal da, munduan landatzen dan artelatzaren % 31 bertakoa baita, gero Espainia dator, produkzinoaren % 24gaz; gero Argelia % 19gaz eta, azkenik, Maroko % 17gaz. Dana dela, munduko kortxo produkzino osoaren % 51 Portugalen egiten da.

Zuhaitz hau landatu eta 25 urte dituanean, lehen 'ataratea' egiten da. Ataratako lehen azal-plantxea ez da erabilten ardao botiletan sartzeko, oso kalidade eskasekoa dalako eta beste industrietarako aprobetxetan da, berbarako etxeetako isolamendu tratamentuetarako edo dekorazinorako. 9-10 urte pasau ondoren, barriro ataraten da azala eta prozesu honetan kortxoa atara arren, kortxo arrunta izaten da. Gauzak holan dirala, 9-10 urterik behin kortxo plantxak ataraten joango dira zuhaitzak 100-150 urte bete arte, hau da, artelatzaren bizitzearen amaierara arte.

Produkzinoagaz jarraituz, kortxo plaka horreek basoetan izaten ditue 12 hilebetez, gitxi gorabehera, ugertu eta sikatu daitezan. Gero fabrikara eroan eta egosi egiten dira 2-3 orduko tartean. Prozesu horretan, kortxoa desinfektau egingo da eta elastikotasuna hobetu. Ondo sikatu ostean, plantxak kalidadearen arabera sailkatzen dira batez be zabalereari begiratuz; gero tiretan moztu eta zulotu egiten dira, makinaz edo eskuz. Ondoren, bardindu, parafinea emon eta klasifikazinoa egin behar da; klasifikazino horretan, kanpoaldeko poroei begiratu behar jake ze zenbat eta gitxiago izan, orduan eta hobea izango dalako kortxoa.

1903an kortxo aglomeratua produziduten hasi ziran. Kortxo hau egiteko prozesua ondokoa da: hondar guztiak txikitu, hauts egin eta silikona berezi bategaz molde batetik pasetan da. Dana dala, gaur egun beste kortxo klase batzuk be sortu dabez: mikronizatua, erdi aglomeratua, erdi naturala...

Kalidadea eta prezioak

Kalidadea eta prezioa normalean buztartuta joaten dira. Kortxo merkeena, normalean txarrena izaten da, 0,018 euro bueltan dago (antxinako 3 pezetan) eta karuenak, onenak gehienetan, 0,72 eurotan (120 pezetan). Ardao on bat ondo kontserbetako eta ondo zahartzeko, kortxoan diru apur bat gastetea komenidu da baina ardaoa merkea bada eta jarraian edatekoa bada, kortxo merke bategaz nahikoa izango da. Kortxoaren aukeraketea oso garrantzitsua izaten da ardaoaren osasunerako be, kortxoa azken finean, ardaoaren jagolea dalako; aukeraketa okerra egin ezkero, urte askotako beharra eta zahartze prozesua hankaz gora joan daitekez.