Barriketan  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Joane Somarriba: 'nire esku balego, kaskoaren derrigorrezko erabilerea aginduko neuke baita profesionaletan be'

Txapeldun handia da Joane, orain 30 urte Gernikan jaio baina gaur egun Gatikan bizi dan txirrindularia. Txikitan, txirrindularitzearen garra aitari esker sentidu eban, izan be, sarritan bizikletan joaten ziran biak Bizkaiko errepideetan zehar paseoan. Hamalau urtegaz, rutako espainiako txapelketea irabazi eban eta 91n, Emakumeen Birea. Geroago, hernia diskalagaz eta bizkarrazurreko infekzinoagaz elbarri geratzeko zorian be egon zan baina azken urteotan bere ibilbide profesionaleko momenturik ederrak bizi izan ditu. Italiako taldeetan denporalditxua egin eta Frantziako Tourra birritan (2000/2001) eta Italiako Giroa be birritan (1999/2000) irabazi ditu; Zolderreko Munduko Txapelketan irabazitako brontzezko domina be garrantzitsua izan da. Igaz Deia-Pragma taldean ibili ondoren, aurten talde barik egon da eta espainiako selekzinoagaz ekin deutso denporaldiari. Edozelan be, azken orduan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SC Durangesaren laguntzinoari esker, Joane Somarribak Bizkaia-Sabeco Taldeagaz parte hartuko dau denporaldiko lasterketa garrantzitsuenetan, baita Tourrean eta Munduko Txapelketan be.

1. Zorionak Joane. Azken urteotan irabazi dozuna irabazita, munduko onenen artean egonda, harrigarria izan da denporaldiaren hasieran talde barik egotea.

Bai, harrigarria eta oso gogorra. Igazko denporaldia amaitu, aurtengoa hasi eta talde barik egotea benetan gogorra izan da; ganera, ez da aurtengo kontua bakarrik izan, igaz be bardin antzean ibili nintzan, gero Deia-Pragmaren aukerea sortu bazan be; bide batez, eskerrak bialduko deutsedaz Jose Mari Arrateri eta Juanjo BaƱosi emon deustien laguntzinoagaitik. Bururako edo moralerako golpe handia da denporaldia amaitu eta hurrengorako helburuak buruan izan arren, entrenamentuak, estrategiak eta, oro har, gauzak beste modu baten planteau behar izatea. Dana dala, urteroko kontua da zalantza-malantzazko egoera hori eta ia-ia ohituta nagoala be esango deutsut.

2. Denporaldia hasita egoala baina zorionez, talde barriaren aukereagaz gauzak goitik behera aldatu dira. Moral handiagaz egongo zara denporaldiko zita garrantzitsuei aurre egiteko?

Bai. Gogo handiagaz nago eta, esan dozun legez, denporaldia hasita egon arren, hemetik aurrera aparteko gogo eta indarragaz ekingo deutset entrenamentuei. Ezer baino lehen, eskerrik beroenak SC Durangesa, Sabeco eta Bizkaiko Foru Aldundiari akordioa posible egin dabelako. Tarte txikian, iluntasunetik argitasun handienera pasau naz, benetan larri nengoan niretzat oso gustokoa eta garrantzitsua dan Frantziako Tourrean ezin nebalako parte hartu, izan be, nire azkenengo tourra izango da aurtengoa. Igazko Mundialeko brontzeagaz ADO bekea emon eustien eta aurten Mundialeko lasterketetan parte hartzeko aukerea neukan, hori bai, baina talde barik, Tourrean parte hartu ezinik nengoan. Zorionez, gauzak goitik behera aldatu dira eta Bizkaia-Sabecogaz, aurtengo helburu nagusia Frantziako Tourra irabaztea izango da eta Luperini italiarraren hiru tourreko errekor hori bardintzea; ilusino handiagaz nabil eta abuztuaren 3tik 17ra izango dan Frantziako Tour horretan ahalik eta maila handiena emon ahal izateko, preparazino legez, Italiako Giroan parte hartzea erabagi dogu, Giroa garagarrilaren 4tik 13ra jokatuko da eta hor sasoi punta onena lortzea da asmoa. Dana dala, Emakumeen Biran be parte hartuko dot bagilean, izan be, etxean, ingurukoen berotasunagaz korridutea ederra izaten da eta asko maite dodan lasterketea da, txikitatik parte hartu izan dot hor eta 14 urtegaz Emakumeen Birea irabazi nebaneko gomuta ederrak dodaz. Bestalde, urteko zita garrantzitsuakaz jarraituz, Kanadan, Hamiltonen jokatuko diran Munduko Txapelketak be ondo gogoan dodaz; igaz, Zolderreko erlojupean laugarren eta rutan brontzezko domina irabaztea pozgarria izan zan eta aurtengo zirkuitoaren ezaugarriak kontuan hartuta, zeozer egiteko gogoagaz nago.

3. Sabeco taldeagaz urtebeteko kontratua sinatu dozu azkenean baina oraintsura arte estu eta larri egon zara eta aurtengo denporaldiaren amaieran txirrindularitza profesiona ixtekotan be egon zara. Aurtengo denporaldiak markauko dau Joaneren etorkizuna?

Egia da, esperantza barik egon naz baina azkenean aurtengo denporaldirako kontratua sinatu dogu eta gero gerokoak. Orain pozik nago eta ganera, Jon Elorriaga Taldeko Zuzendariak esan dauen legez, kontratua luzatzeko aukerak aztertzen hasita dagoz honezkero. Ederra izango litzateke etxeko talde bategaz amaitzea kirol ibilbidea baina guk errepidean emon behar dogu barruan daukagun guztia eta, horretarako, prest eta gogotsu gagoz.

4. Babesle indartsu bat topatea eta zure senarraren, hau da, Ramontxu Gonzalez Arrietaren aginduetara korridutea da zure amesa. Gauzak gatx dagoz, ezta?

Bai horixe. Edozelan be, pozarren nago orain Bizkaia-Sabeco taldeagaz. Hemengo jenteagaz oso pozik nago, taldekide guztiak ezagutzen dodaz eta polita izango da eurekaz ikastea eta ahal dala, eurei be zeozer erakustea. Niretzat ederra izango da denporaldi osoa, entrenamentuak, sufrimentua, poza eta, ahal dala, garaipenak konpartidutea.

5. Sarritan autortu dozu maila polita emon zeinkela oraindino urte batzuetan. Berrogei urtetik gorako Jeannie Longo be hor dabil oraindino (aurten 45 egingo ditu). Urte batzuk barru non ikusten dau bere burua Joanek eta zelan ikusten dau emakumeen txirrindularitzea?

(Barreka) Longorena aparteko kontua da. Nik erabagi dot dagoeneko datorren denporaldiaren amaieran agur esango deutsadala txirrindularitzeari. Urte asko daroadaz bizikleta gainean, 30 urte daukadaz eta aldatzeko gogoagaz nabil, kirol hau dakizunez oso gogorra da, entrenamentuak egunero egin behar dira eta norbere burua jagoten ibili behar da beti. Ganera, beste gauza batzuetarako astia be hartu beharko dogu!. Ama diran txirrindulari batzuk ezagutzen dodaz eta badakit zer dan hori. Bizitza osoa egin dot bizikletan eta bizitzan beste etapa bati ekiteko gogoa daukat.

Beste alde batetik, emakumeen txirrindularitzearen egoerea ez da bolanderak botateko modukoa. Orain urte batzuk emakumeen txirrindularitzearen paradisu ziran leku batzuk, Italia tarteko, indarra galtzen doaz eta ez dot egoerea lar ondo ikusten.

6. Zer izango litzateke zuretzat hobea 3. Frantziako Tourra irabaztea eta Luperiniren errekorra bardintzea ala Munduko Txapelketan urrea irabaztea?

Uff!.., benetan gatx ipini deustazu...; helburu ederrak dira biak be. Lehen be esan deutsut Tourra niretzat oso proba garrantzitsua da eta, ganera, irabazi ezkero, hirugarrena izango litzateke eta hori oraingoz txirrindulari batek baino ez dau lortu munduan, Luperinik hain zuzen be. Hori bai, Munduko Txapelketea be ederra da kirolari batentzat. Ez dakit, bata zein bestea irabazita gustora geratuko nintzateke eta, jakina, biakaz zoramena baina hori amesetea baino ez da (barre algarea).


7. Kiroletan, oro har doping kontrolak beharrezkoak dira?

Kontrola beharrezkoa da baina beti be neurrizko kontrola. Txirrinduaritzeari min edo kalte handia egiten deutse neurri bako kontrol horreek; tonto arpegia geratzen jaku sarri, emoten dau txirrindulariak garala kirolari txarrenak eta galarazotako substantziak hartzen doguzala egunero, gaizkile legez tratetan gaitue: polizia atzetik, araketak, kontrolak ordu txikietan ezelako abisu barik...; ganerako kiroletan, zergaitik ez dira sartzen? Kontrolak egitea ondo dago, kirolariak kontrolau egin behar dira bardintasunez jokatzeko baina txirrindulariok ez dogu gitxieneko errespeturik merezidu?

8. Kivilev eta zikloturista biren heriotzak, istripuak...; kaskoaren inguruko eztabaidea danon ahotan dago barriro. Entrenetako zein lasterketa ofizialetan parte hartzeko kaskoa erabiltea derrigorrezkoa izan beharko litzateke?

Nire esku balego, kaskoaren derrigorrezko erabilerea aginduko neuke. Berbarako, Belgikan profesionaletan be derrigorra da kaskoa erabiltea eta zergaitik ez hemen. Guk emakumeok konpetizinoan derrigor eroan behar dogu eta gizonezkoek zergaitik ez? Profesionalak diralako? Eurak ez dira inoiz bizikletatik jausten? Nire ustez, entrenetako be kaskoa erabili beharko geunke txirrindulari guztiok.

9. Bizitza osoa daroazu pedalkadak emoten. Ibilbide horretan, zein da gogoratzen dozun momenturik ederrena?

Urte asko dira baina momentu ederrenaren ganean ez daukat dudarik: 2001eko Frantziako Tourraren Bilboko etapea izan zan. Gure afizinoa ibilbide osoan txilioka, animoak emoten..., egun hori nire ibilbideko politena izan zan, Bilboko prologoa, Gernikako saioa.... Ganera, dakizunez, Tour hori irabazi egin neban eta 2000koaren ondoren, bigarrena zan. 2001eko Tourra bihotzean barru-barruan geldituko da betirako.

10. Aurtengo helburuen ganean egin dogu berba eta datorren denporaldian agur esango deutsazula txirrindularitzeari. Datorren urteko denporaldirako planak be eginda dozuz honezkero?

Urtetik urtera gauzak goitik behera aldatzen dira eta batek jakin baina, gauzak ondo joan ezkero, datorren urtean hiru zita garrantzitsu dodaz agendan markauta: Italiako Giroa, Atenaseko Olinpiadak eta Veronan jokatuko diran Munduko Txapelketak. Tourrean ezin izango dot parte hartu olinpiadakaz batera jokatzen dalako. Datorren urteko denporaldiari begira, Atenas daukat buruan jiraka, horixe izango da 2004ko helburu nagusia. Atenasekoak nire hirugarren olinpiadak izango dira eta kirol ibilbideari agur esateko zoragarria izango litzateke dominaren bat edo beste irabaztea. Esperientziak zeozertarako balio izaten dauela esaten da baina badakit lehia gogorra egoten dala era horretako zita garrantzitsuetan eta sufridutea be tokauko jatala; dana dala, txirrindulariok badakigu sufridutea zer dan...

Koldo Isusi Zuazo