Bidaide  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Aisha Al-said: 'mendebaldeko garapen eredua ezin da aplikau arabiar munduan'

Zientzia Politikoetan lizentziaduna eta arabiar eta islamiar munduen ganean aditua dan Aisha Al-Said and.ari egindako alkarrizketea


2001eko irailaren 11tik emoten dau islamismoaren kontrako gurutzadea bizi dogula eta Iraken kontrako gerreagaz egoereak okerrera egin dauela. Aurrerantzean, uste dozu mundu islamikoaren eta mendebaldekoaren arteko aldeak handitu egin daitekezala?

Ez. Dana dala, Hantington, AEBetako politologo ezagun batek kontrakoa pentsetan dau. Danok gara desbardinak baina danok dogu biziraupenerako sentimentua. Aurrez aurreko jarrera hori sakontzea ikaragarria izango litzateke. Ez dogu ahaztu behar Ekialdean interes handiak dagozala: berbarako, Irak erasotzeko 'arrazoi' asko dagoz: petroleoa, ura eta diktadore bat agintean. Hasieran esan dodan moduan, generalizetea ez dago ondo eta, jarrera horri erantzunez, gizarte musulmana erradikalizetan doa. Israel eta AEBen kontra gero eta gorroto gehiago dago baina mundu islamikoaren kontrako neurri bako 'eraso' edo zapalkuntzeari emondako erantzuna baino ez dala esango neuke. Musulmanak jakitun dira gero eta arazo gehiago pilatzen jakezala eta euren artean be badagoz tirabirak; edozelan be, Israelen kontra bat eginda eta gogor dagoz, ez bakarrik palestinarren kontra egiten dagozanagaitik, baita Israel dalako arabiar mundua kontroletako giltza. Badakizue, NBEren 1441 ebazpena ez beteteagaitik Irak erasoa jasaten dagoala. Halan da be, Israelek azken urteotan ez ditu bete NBEren ebazpenak eta sekulako sarraskiak egin ditu eta, egoera horren aurrean, inork be ez deutso erantzukizunik eskatzen; zergaitik?

Egilearen oharra: 'Bidaide' atalean, irakurleari herrialde eta kultura desbardinak ezagutarazotea da nire asmoa. Atal kulturala da eta ez politikoa baina herrialde baten prepotentzia eta nagusigoa tarteko, bidebako inbasinoa egiten dagoz Iraken eta besterik ez bada erasoaren kontra nagoala esan gura deutsuet. Atal hau atal baketsua da eta eskatzen dodan gauza bakarra indarreko lege eta erabagiak eta herrien arteko diferentziak errespetetea da. Lar eskatzea ete da?. GERRARIK EZ!

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.


Bizkaie! Aldizkariko atal honetan, aurreko argitalpenetan Marokoren gaineko kontuak sakonean aztertu ondoren, hurragotik ezagutu gura izan doguz arabiar mundua eta islamiar filosofia. Aisha Al-Said (Santander, 1979) Zientzia Politikoetan lizentziaduna da eta Nazinoarteko Harremanetan aditua; gaur egun, nazinoarteko kooperazinoari buruzko master bat egiten dago EHUn. Igazko udan Marokon egon zan arabierea ikasten, batez be, hizkuntzearen bitartez, asko maite dauen kulturea barren-berrenetik ezagutzeko asmoagaz. Pasino edo erakarpen hori ez da kasualidadea ze Aisharen aita Siriakoa da eta, beraz, txikitatik etxean ikusi ditu arabiar ohiturak eta erlijino musulmana. Oraintsu, etorkinei harrera egiten deutsen Gobernuz Kanpoko Erakunde bategaz kolaboretan egon zanean, Marokoko lagunak ezagutu eta arin erabagi eban bertara joan behar ebala arabierea ikasten.

Arabiar herrialdeen artean, Marokon igarten da gehien mendebaldearen eragina eta, esangura horretan, garatuena edo aurreratuena dala esan daiteke; mendebaldeko herrialdeen aliatua be bada eta herrialde islamiarren artean moderatuena. Hala eta guztiz be, marokiarren buruetan jiraka dabilen ideia da Espainian bizimodua askosaz hobea dala eta, horregaitik, inmigrazinoaren arazoa pil-pilean dago. Zergaitik?

Horixe da bazter guztietatik sartzen deutseen ideia. Mendebaldean arabiar herrialdeak satanizetako jokerea dagoan legez, arabiar munduan, telebista eta komunikabideen etenik bako bonbardaketa mediatikoaren eraginez, Europan eta AEBetan bizimodua erraz ataraten dala eta paradisua dirala pentsetan dabe. Gaur egun, Marokoko edozein etxetan satelite edo kable bidezko telebistea dago eta, jakina, albistegi, film eta telesailen bitartez, 'benetakoa' ez dan mundu baten barri heltzen jake; hori bai, azken aldian, Espainiara bidean jasan behar izaten daben kalbarioa errealidade gordina dala ondo dakie.

Nire ustez, Espainian eta, batez be, iparraldean inmigrazino gitxi dago; ideia faltsua zabaldu da apropos, hau da, etorkina gaizkilea dala eta, zelanbait Atzerritartasun Legea legebidezkotzeko asmoa baino ez dago hor; agiriko zein isileko interesen arabera, sarritan, estadistikak be faltsutu egiten dira.

Inmigrazinoaren gai larria bazterrean itxita, Marokoko ze leku bisitau dozuz eta zer gustau jatzu gehien?

Agadir, Marrakex, Essaouira eta Atlas baino ez dodaz ezagutzen eta hegoaldera begira, ia-ia Saharara heldu nintzan. Gehien gustau jatazanak Atlaseko larrosa koloreko mendiak izan dira eta, paraje horretan, lekutan dagozan herritxuak. Jentea be zoragarria da eta nigaz behintzat ederto portau dira, akaso euren antzekoa ikusten ninduelako; hori bai, autortu behar deutsut nigaz etozan lagunentzat (neskak) gogorragoa izan dala, izan be, sexu-objektu legez hartzen izan dituelako sarri, begirada lizunak eta txistuak, eperdia ukutzea eta eraso ahaleginak be sufridu behar izan dituelako.

Pasadizu edo kontu bitxien artean, alokatuta geunkan kotxeagaz ederra pasau jakun; Marokon jente askok dirua eskatzen dau aparkautako kotxea jagoteagaitik eta behin, kotxea aparkau eta ez geuntson dirurik emon ume bati; kontua da ze, bueltan ez genduala kotxerik topau eta oso urduri parau ginan; bateren batek esan euskun umeak abisua emon eutsola grua zerbitzuari eta multea pagau beharko genduala. Kontuak kontu, Maroko herrialde segurua dala esango neuke, bertako herritarrak oso abegikorrak dira. Marokok arabiar gizartearen alde onena eta txarrena ditu baina alderik txarrena, mendabaldetik hartutakoa da.

Mendebaldean arabiar eta mundu islamiarraren kontrako konplot edo jarrera dagoala pentsetan dozu?

Ondo ezagutzen ez dan mundua dala pentsetan dot eta sarritan informazino faltsuak zabaltzen dirala. Harritzekoa da Espainian arabiar munduaren kontrako jarrerea hain zabalduta egotea, kontuan hartuta, historian arabiarren eragina nahiko handia izan dala. Arabiar edo musulman usaineko edozer satanizetako jokerea dago eta ahaztu egiten da Islamaren baloreak oso positiboak dirala, ganerako erlijinoetako baloreen antzera; alde negatiboen artean, herrialde horreetako gobernuak aitatuko neukez. Nire ustez, arabiar herrialdeek bizi daben egoerearen eragile nagusia dekolonizazino prozesu mingarria izan da.

Ez dago demokraziarik, herrialdeotan azpigarapena da nagusi...; benetako baiaztapenak dira horreek?

Generalizetea ez dago ondo. Arabiar munduan badagoz aldeak eta zer esanik ez Marokotik Indonesiara doan mundu islamikoan. Herrialde bakotxak bere ezaugarriak ditu eta danak bat dirala esatea ez da bidezkoa. Egia da, demokraziarik ez dabela ezagutzen baina nik uste dot mendebaldeko demokrazia ereduak ez dauela balio mundu horretan. Beti pentsau izan dot mendebaldeko garapena ezin daitekela zuzenean aplikau arabiar munduan; berbarako, Afganistanen mendebaldeko demokrazia eredua ezartzea ez jat egokia eta bidezkoa begitantzen. Islamiar demokrazia eregi behar da, jentea hezi eta erabagia eurek hartu dagiela. Konponbide segururik ez dago baina oinarri-oinarrian tolerantzia eta errespetua egon behar dira.

Zelakoa da emakumeen egoerea?

Kontu handiz aztertu beharreko gaia da ze sarritan arrazoi barik arabiar herrialdeak kritiketako erabilten da. Kontuan hartu behar da gizarte patriarkalak dirala eta hango baloreak geureakaz parekatzea zentzunik bakoa dala; emakume eta gizonezkoen arteko bardintasuna lortzeko asko falta jake baina pentsau baino eskubide gehiago ditue emakumeek eta bizi daben egoerea larria izanda, ez da guk pentsetan doguna; berbarako, dibortziorako eskubidea dago. Familia da mundu islamikoaren ardatza eta gure artean, akaso, kontzeptua arkaikotzat hartu geinke: gizonezkoa familiatik kanpo da garrantzitsua eta emakumea, ostera, familia barruan.

Beloaren kontua oso deigarria da guretzat...

Bai, baina esan behar da arpegia estaldurik eroateagaitik emakumea ez dagoala zapalduta. Bertako kulturearen ezaugarria da eta belo hori bizitza publikoa egin ahal izateko erabilten dabe. Beloaren erabilearearen kontrako kanpainea egingo balitz, segurutik kontrako efektua lortuko litzateke ze emakumeek emakume eta musulman nortasuna berrindartzeko gogoa erakutsiko leukie.