Jan-edanak  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Elikadurea eta nutrizinoa: aurkezpena eta sarrera


Azken buruan, hona hemen Hipokratesen esaldi bat (Hipokrates, Kristo aurreko 400. urte inguruan bizi izandako mediku bat zan):

'Zure elikagaia zure medizinea izan daitela
eta zure medizinea zure elikagai.'

Larraitz Artetxe Arrien,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomatua,
Elan Vital Mediku Zentrokoa.

Gaur egun elikadurea eta nutrizinoa sarritan entzuten doguzan berbak dira, eta gitxi gorabehera danok dakigu zer diran; horrezaz ganera, badakigu osasuntsu bizi izateko gitxi gorabehera zelan jan behar dogun, nahiz eta sarritan zalantzak izan, elikatzeko modu egokien ganean nahikoa eta lar entzuten dogulako.

Gaur hasten dogun sail honetan, aitatutakoa modu zabal eta zehatzagoan azaltzeari ekingo deutsat. Elikadurea ikuspegi askotatik landu daiteke eta nik landuko dodana nire formazinoari jagokona da, hau da, bai Euskal Herriko eta bai Estadu Espainiarreko unibersidadeetan 'Dietetika eta Nutrizinoa' diplomaturearen barruan emoten dan formazino ofizial edo zientifikoaren ikuspegitik; beti be gauzak modu ulerterrez eta entretenigarrian azaltzen saiatuz.

Lehenengo eta behin, elikaduran eragina daben hainbat faktore aitatuko doguz:

1) Elikatzea, jatea beharrezkoa da biziteko: nahikoa jaten ez badogu gaixotu egiten gara eta jan barik egotearen ondorio gorena heriotzea izaten da.

Naturearen jakituria harrigarriaren barruan, biziraupena ziurtatzeko egokitzapen guztien artean, ondokoa dogu: animaliok eta beraz gizakiok, gure burmuinean edo garaunetan, neuronen (edo zelula nerbiosoen) sistema berezi batzuk doguz bizirauteko ezinbestekoak diran ekintzak egiterakoan plazerra sentiduten laguntzen deuskuenak, eta holan plazerraren bitartez bizirik eta osasuntsu ibiliko gara. Biziraupenerako ezinbesteko ekintzetako bi jatea eta edatea dira, eta natureak berak holan diseinau dauelako, jatea eta edatea plazerrezko ekintzak dira guretzat (sexua edota gizarte hartu-emonak diran moduan).

Gai hau aitatzen dodan bakotxean, anorexia nerbiosoa izeneko gaixotasuna daben personak jatortaz burura eta gai hori oso sakona eta hobeto jorratu beharrekoa bada be, tarte honetan John P.J. Pinel neuropsikologo iparramerikarraren azalpentxu bat emon gura neuke:

'Arazorik harrigarriena ez da anorexia nerbiosoa dauen persona batek zergaitik uko egiten deutson jateari, printzipioz behintzat, arrazoi sozial eta psikologikoak aitzeko errazagoak egiten jakuzala dirudi. Nire eretxian, gakoa hurrengo galderan dago: behin ahidura edo inanizinoa hasten danean, sekulako goseagaz dagoan persona batek zergaitik ez dauen jaten.'

Antza danez, anorexia nerbiosoaren arazoak biziraupenerako adaptazinoaren baliabide asko hankaz gora jarten ditu. Dana dala, espero daigun epe laburrean gaixotasun honi bide gehiagotatik aurre egiteko moduak topetea.

Jatearen garrantzia oso aspalditik ezagutu dogu gizakiok. Jakinmina aspaldikoa bada be, lehenengo greziar filosofo eta medikuen lanak oso adierazgarriak dira ardura hau aitzen laguntzeko: Kristo aurreko 490garren urtean Agrigentoko Enpedoklesek beharrizan nutrizionalak eta digestinoaren fisiologia lantzen zituan teoria garatu eban eta osasunerako onuragarriak eta kaltegarriak ziran elikagai batzuk aitatu be bai; beste alde batetik, gimnasia irakaslea zan Selinbriako Herodikok (k.a. 487-380), dieteari buruzko arauak landu zituan.

2) Biziraupenerako nahitaezkoa izateaz ganera, elikatzea ekintza sinbolikoa be bada, beharrizan afektibo, psikologiko eta giza hartu-emonakaz zerikusi handia dauena.

J.Trémoliéresek Diététique et art de vivre-n, bere eretxiz hasiera batean, artzain nomadek txarriaganako tabua egipziar nekazariek jaten eben elikagaiaganako gaitzespen moduan garatu ebela dinosku; edota gaur egungo 'elikagai natural'-en mitoa, industri giroko bizimoduaren kontrako erreakzino moduan agertzen jakula; modu batera edo bestera, elikagai bat jaterakoan sortu dauen gizarteagaz bat egiten dogulako. Interpretazino honeekaz ados egon ala ez egon, honakoa barruratzen laguntzen deuskue: gizakiontzat jatearen ekintzea sinbologiaz gainezka dagoala eta gizakia bai janari eta bai sinboloen kontsumitzaile amorratua dala.

Munduko edozein kulturatan, gizakiok jateko alkartu egiten gara, edozein ospakizun berezi janariaren inguruan antolatzen dogu: alde batetik, tribu primitibo askotako erritual magikoetako animalien sakrifizioak (Ginea Barriko tsenbanga tribuko indigenek birforestazino edo basobarritze erritualetan txarri bat hil eta guztien artean jaten dabe) eta, bestetik, gaur egun gure edozein familiartekoren ezkontza ospakizunetako neurri bako oturuntzak be ezin ahaztu. Konpartidutako janariak lokarri sozialaren adierazgarri izaten jarraitzen dau.

Jateko orduan elikagaien itxurea be oso garrantzitsua da: elikagaiak sukaldean preparau, goarnizinoakaz hornidu edo apaindu, plater dotorean jarri eta abar egiten dogu. Hau da, jatearen ekintzearen inguruko gauza guztiak erakargarriak eta plazerrezkoak izan daitezan saiatzen gara eta sukaldaritza profesionalaren munduan nahitaezkoa da arlo hori zaintzea.

3) Gizarte industrializatuetan janari ugari dogu eta populazinoaren gehiengoak ez dogu janari hori lortzeko arazorik izaten. Horregaitik, azken 50 urte inguruan, janaria biziteko beharrezkoa dan zeozer izatetik beste balore batzuen adierazgarri izatera pasau da: maila sozialaren adierazgarri (ostrak eta angulak zabal-zabal pagetako beste dirurik ez daukagu guztiok), janaria forma fisikoari eta edertasunari eusteko bide lez kontuan hartzea (gorputzaren gurtzapena gauza arrunta da gaur egun).

Janariari jagokonez behintzat, oparotasunean bizi garan sasoi honetan, sarritan ahaztu egiten jaku hau ez dala beti holan izan eta munduko herri askotan gaur egun be desnutrizinoa sufridu eta gosez hilten dirala. Iraultza Industrialagaz batera etorri zan janaria oparoago lortu ahal izatearen prozesua: nekazaritza arloan garatu ziran teknikei esker, produkzinoa intensiboagoa bihurtu zan eta ongarri barriakaz landarak gehiago eta arinago hazten ziran; landara barri batzuen erabilereari esker, abeltzantzearen produkzinoa hobetu egin zan, esnearen eta okelearen produkzinoa bikoiztuz edota hirukoiztuz; honexen eta beste aldaketa batzuen eraginez, Europako herritarrok goseari agur esan eta elikagaien kalidadeaz arduratzen hasi ginan.

Orain arte aitatu dogun guztia P.Rozinek 'The acquisition of food habits and preferences'-en dinoan honetan laburtu geinke:

'Elikagaiak, aldi berean nutriente edo mantenugaien iturri eta mikroorganismo arriskutsuen garraiatzaileak dira; toxina iturri potentzialak, plazer eta poztasun bideak eta balore ta hartu-emon sozialen adierazbide garrantzitsuak. Ez da harrigarria beraz, gizakiok elikagaiak sortu, sailkatu, preparau eta jaten horrenbeste denpora emotea.'

Zizeronek idatzitako hau kontuan hartu eizue:

'Gure indarrak berreskuratzen
eta gorputza ez gizentzen
lagunduko deuskun
modu batera jateak eta edateak
gure arretea merezidu dau'